Haritz Larrañaga

Eguzki Urteagak «Euskal Herriko Bake Prozesua» landu du bere azken liburuan

Eguzki Urteaga Olano (Biarritz 1973) soziologo, historialari eta idazleak tresna berri bat eskaini dio publiko zabalari, baina batez ere Estatu frantseseko herritarrei, Euskal Herriko bake prozesuaren argazki orokor bat osatzeko beharrezko datuak izan ditzaten.

Eguzki Urteaga Olano, Biarrizko soziologo, historialari eta idazlea. (Guillaume FAUVEAU)
Eguzki Urteaga Olano, Biarrizko soziologo, historialari eta idazlea. (Guillaume FAUVEAU)

Ekainaren 3an argitaratu zuen “Le Processus de Paix au Pays Basque” (‘Bake Prozesua Euskal Herrian’) liburua, Parisen kokatua dagoen L’Harmattan argitaletxearen eskutik, eta horrela, Aieteren konferentzia izan zenetik 10 urte pasa direnean, «ahalik eta modu zehatz eta zorrotzenean» ekarpen bat egin nahi izan du, «publiko zabalak, baina batez ere iparraldeko gizarteak bere aniztasunean eta baita ere Estatu frantseseko publikoak, Euskal Herriko bake prozesuaren eta gatazka politikoaren ezagutza zehatzagoa izan dezaten».

Euskal Herriko Garapen Kontseiluko zuzendaritzako kide den heinean, bertan izan zituzten eztabaiden ostean otu zitzaion liburua idaztea: «Bake Bideak eskatuta lantalde bat osatu genuen ikusteko zer nolako ekarpena egin zezakeen Kontseiluak eta eztabaida haietan ohartu nintzen Ipar Euskal Herriko sektore batzuek zuten ezagutza azalekoa zela, ez zela oso zehatza, horrela bururatu  zitzaidan ekarpen gisara liburu hori egitea».

Erronketako bat ahalik eta lan zientifikoena egitea izan zela nabarmentzen du Urteagak: «Bake prozesua bere osotasunean, konplexutasunean eta ahalik eta modu inpartzialean eta zientifikoan lantzea erronka bat zen, zeren azken finean, politikoki oso gai sentsiblea da, oso minbera da sozialki, eta hor lerratze ideologikoak gertatzea oso erraza da, eta orduan nahi bada publiko oso zabal batek hartu dezan eta onartu dezan hor esaten dena, ezinbestekoa da ahalik eta objektiboen izatea, edo gutxienez ahal bezain zorrotzena izatea fenomeno horren tratamenduan».

Argazki orokorra osatzen laguntzeko aurrekariei eskaintzen dizkie lehen bi atalak Urteagak, 240 orri dituen liburuan. Besteen artean, 1982an ETA pm eta Gobernu espainiarraren artean izan ziren negoziaketak, 1989an Argelen ETA eta Gobernu espainiarraren artean izandako negoziaketak, Lizarra-Garaziko akordioaren garaian Jose María Aznarrekin izandako kontaktuak, edo 2005 eta 2007 urteen artean Rodríguez Zapatero presidentearekin izandako hartu-emanak ditu hizpide.

Urteagaren iritziz, «garrantzitsua da aurrekari horiek gogoratzea, zeren publiko frantsesak Aieteko konferentziaz geroztik gertatutakoaren ezagutza badu, baina ez dituzte beti aurrekariak ezagutzen edo ez dituzte xehetasunak ezagutzen».

Negoziaketa ereduaren bilakaera

Hainbat negoziaketa izan ziren 80eko hamarkadatik, hasieran negoziaketa eredua «klasikoa» zela  oroitarazten du Urteagak, hau da, «ETA eta Gobernu espainiarraren artean gatazkaren ondorioez mintzo ziren, baina gogoratu behar da eduki politikoez ere hitz egiten zutela, esaterako Argelen KAS alternatibaren inguruko negoziaketak izan ziren».

Beranduago eredu aldaketa bat eman zen. «Ondoren, 2004ean, Anoetako adierazpenaren ostean planteamendua aldatzen da, bi mahai proposatzen dira, politikoa bata eta teknikoa bestea, alegia, batean alderdi eta eragile politikoak bilduko dira, eta bestean ETA eta Gobernua bilduko dira gatazkaren ondorioei buruz hitz egiteko, eta horrek bere isla izan zuen 2005 eta 2007. urteen artean eman ziren elkarrizketetan, non batetik Loiolako eztabaidak izan ziren eta bestetik ETA eta Gobernu espainiarraren arteko negoziaketak burutu ziren».

Urteagaren iritziz alde biko negoziaketa eredua zaharkitua geratu zen eta aldaketa estrategiko baten beharra gailendu zen ezker abertzalean: «Negoziaketa eredu horrek porrot egin ostean Gobernu espainiarrak jakinarazten du ez dela gehiago negoziaketa posiblerik izango eta ondorioz eztabaida pizten da ezker abertzalean eta baita ETAren baitan ere, erabakitzeko zein izan behar den jarraitu beharreko estrategia, eta hortik, orohar, nagusitzen den ikuspegia da, batetik alde bakartasuna jorratu behar dela gatazkari irtenbidea bilatzeko eta bestetik bide zibil eta politikoen apustua egin behar dela».

Artean Alderdi Popularrak Moncloako giltzak eskuratu zituen eta blokeo egoera gailendu zen eta hain zuzen blokeo testuinguru horretan hasi ziren urrats esanguratsuak ematen Ipar Euskal Herrian. «Baionako deklarazioa 2014ean, bake artisauen atxiloketak, horren ostean mugimenduak hartu zuen indarra...», gogoratzen du Urteagak.

Ondorioz, «une horretan Gobernu frantsesa ohartzen da ordura arte Espainiako Gobernuarekin zuen lerrotze estrategia aldatu beharra daukala, zeren arazo bat bilakatu daiteke eta erabakitzen du ez duela oztopatu behar ETAren armagabetzea», hausnartzen du liburuaren egileak.

Gobernu frantsesak hartutako jarrera aldaketaren ostean gauzatu zen ETAren armagabetzea 2017an eta urte bat geroago erakunde armatuak bere disoluzioa iragarri zuen. Horrek ahalbidetu zuen Frantziako Justizia ministerioarekin harremanetan jartzeko euskal delegazio bat sortzea eta presoen auzian urratsak eman ahal izatea.

Aniztasuna, konplexutasuna eta ikuspegi integrala

«Saiatu naiz erakusten bake prozesu honen berezitasuna, batez ere iparraldeari dagokionez, eta  hor nabarmentzekoa da gizarte zibil antolatuak eta hautetsiek izan duten garrantzia», azpimarratu du Urteagak. 

Horrez gain, indar berezia egin du soziologoak «bake prozesuaren konplexutasuna eta aniztasuna azaltzen, eta horregatik azken bi kapituluak, presoei, biktimei eta memoriaren inguruko eztabaidari heltzen diote, iruditzen zaidalako elkarbizitza sendo eta iraunkor bat eraikitzeko hiru gai horiek lantzea ezinbestekoa dela».

Aitzitik, afera konplexua izan arren «ikuspegi integral bat eskaintzea» garrantzitsua da EHUko irakaslearen aburuz eta ikuspegi desberdinak uztartu ditu. «Hau da, hego zein ipar Euskal herriko  ikuspegiak, zein Frantzia eta Espainiako ikuspegiak uztartzen saiatu naiz, zeren batzuetan gertatzen da irakurketa batzuek egiten direla tokiko ikuspegi batetik, beraz ikuspegi desberdin horiek artikulatzen saiatu naiz, ikuspegi ahalik eta osoena eskaintzeko», zehaztu du Urteagak.

Iparraldeko berezitasuna

Bake prozesuan ipar Euskal Herria zerk bereizi duen galdetuta honakoa erantzun du Urteagak: «Gizarte zibil antolatuak eta hautetsiek duten elkar lana eta protagonismoa, zentzu horretan errealitatea oso desberdina da Hego Euskal Herrian. Baina Ipar Euskal Herriko errealitate berri hori ez da ezerezetik sortu. Kontuan hartu behar da, 90eko hamarkada erdi aldera gobernantza berria martxan jarri zela Ipar Euskal Herrian eta gobernantza berri hori egikaritzeko sortu dira kontzertazio guneak, adibidez, Garapen Kontseilua, Euskal Herriko Hautetsien Kontseilua edo Euskal kultur erakundea, eta erakunde horietan biltzen dira gizarte zibileko ordezkariak eta baita hautetsiak ere».

Urteagak aditzera eman duenez, «ezinbestekoa da 90eko hamarkadatik garatu den gobernantza eredua ezagutzea, bestela ezinezkoa da ulertzea zergatik eman diren halako urratsak Ipar Euskal Herrian, zeren kontuan hartu behar da Ipar Euskal Herriak instituzio propioa duela soilik 2017az geroztik, baina Euskal Elkargoak ez du eskumenik segurtasun kontuetan, eta hala eta guztiz ere, ETAren desarmea eta disoluzioa iparraldean eman dira eta hori ez da kasualitatea».

Urte guzti hauetan eskuz-esku lanean, gizarte eragileek eta ordezkari politikoek «ikasi dute elkarrekin hitz egiten, eztabaidatzen, gauzak adosten eta akordioetara iristen, eta ibilbide horretan zehar iparraldeko kultura politikoa aldatu egin da», azaldu du Urteagak.

Gaur egun, Ipar Euskal Herrian kultura politikoa «eztabaidan, negoziaketan eta akordioan oinarritua» dago, eta Urteagak ustez, «horrek ahalbideratu du adostasun oso zabalak lortzea, adibidez erakundetzeari dagokionez, horren emaitza izan da 2017an Euskal Elkargoaren sorrera».

Egiteko eta jarduteko modu horrek beste hainbat arlotan ere urratsak eman ahal izatea ahalbideratu duela dio idazleak: «Bake prozesuan oso adostasun zabalak lortu dira, bai arlo sozialean eta baita politikoan ere. Gaur egun bake prozesu horrek batzen du ezker abertzaletik hasi eta frantses eskuineraino, soilik eskuin mutur frantsesa geratu da kanpo».