Maialen Chourraut protagonista, zilarrezko domina herritarrei eskaintzen. (Jon URBE/FOKU)
Maialen Chourraut protagonista, zilarrezko domina herritarrei eskaintzen. (Jon URBE/FOKU)
Realeko jokalari Aritz Elustondok taldearen kamisetak oparitu dizkie Chourraut eta Xabi Etxanizi. (Jon URBE/FOKU)
Realeko jokalari Aritz Elustondok futbol taldearen kamisetak oparitu dizkie Chourraut eta Xabi Etxanizi. (Jon URBE/FOKU)
Anek, Maialen eta Xabiren alabak, Realeko kamiseta ere izan du opari. (Jon URBE/FOKU)
Anek, Maialen eta Xabiren alabak, Realeko kamiseta ere izan du opari. (Jon URBE/FOKU)
Momentu hunkigarri ugari bizi dira Kontxan. (Jon URBE/FOKU)
Momentu hunkigarri ugari bizi dira Kontxan. (Jon URBE/FOKU)
Maialen Chourrautek omenaldira gerturatutako ume eta etorkizuneko kirolariak agurtu ditu. (Jon URBE/FOKU)
Maialen Chourrautek omenaldira gerturatutako ume eta etorkizuneko kirolariak agurtu ditu. (Jon URBE/FOKU)
Maialen Chourraut eta Xabi Etxaniz, omenaldiko bi protagonistak. (Jon URBE/FOKU)
Maialen Chourrautek Xabi Etxaniz bere entrenadore eta senarraren gooxotasuna izan du momentu oro. (Jon URBE/FOKU)
Instituzio ezberdonetako agintariek ongietorria egin diote protagonistari. (Jon URBE/FOKU)
Instituzio ezberdonetako agintariek ongietorria egin diote protagonistari. (Jon URBE/FOKU)
Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Chourraut: «Ibilbideaz gozatu dugu eta orain, gaurkoaz gozatzeko ordua da»

Bost urte pasa dira Rioko Olinpiar Jokoetako urrezko dominatik Tokioko zilarrezko dominara. Bost urte Kontxako hondartzan harrera jasotzetik osteguneko harrera berora. Bost urte gogor eta zail inondik ere. Baina Ulises Itacara itzuli zen bezala, Maialen Chourraut etxean da, etxekoekin gozatzen.

Maialen Chourrautek bere zilarrezko domina zale guztiei eskaini die lasartearrari egin zaion omenaldian. (Jon URBE / FOKU)
Maialen Chourrautek bere zilarrezko domina zale guztiei eskaini die lasartearrari egin zaion omenaldian. (Jon URBE / FOKU)

«Laertiada, Zeusen endakoa! Odiseo, jokoetan joria!». Hala agurtu ohi zuen Homerok Odiseo jasankorra. Odiseo, edo Ulises. Eta nolakoa den Historia eta epika, milaka urte beranduago, Itacan ez baizik eta Donostian, Ulisesen antzik handiena Maialen Chourrautek dauka, Kontxako hondartzan amaitu da 2016ko Olinpiar Jokoetan hasi zen ibilbide luzea.

Bi zati izan ditu Maialen Chourrauten omenaldiak. Hasteko, instituzionala, Londres hotelean, zeinetan Bingen Zupiria Kultura eta Kirol sailburua izan duen anfitrion, BAT Basque Team Fundazioko zuzendari Olatz Legarza eta bere entrenatzaile eta senar den Xabier Etxanizekin batera.

Bigarrena Kontxako hondartzan izan da. Atletico san Sebastian piraguismo klubeko egoitzan, duela bost urte, Rio de Janeirotik buelta.

«Irrikitan nengoen etxera iristeko eta eskerrak emateko, domina hau jende askoren saria delako. Ezin dut mila zati txikitan egin. Nik gordeko dut, baina jendeak badaki hau zeinena den. Hanbeste esker dauzkat emateko ez dakidala nola eskertu», esan du Maialen Chourrautek Londres hoteleko prentsaurrekoan. Mihia aske, emozioak bezala, Kontxako omenaldian ere hitz hauek berak errepikatu ditu.

«Domina nirekin gordeko dut, baina mila puskatan banatzerik izango banu, zuekin banatuko nuke. Hau guztiaren erantzule zuek zaretelako», esan du Lasarteko piraguistak hondartzan apropos ezarri den eszenatokitxoan igota, Xabier Etxanizekin batera.

«Ziklo olinpiko luze eta gogor hau prestatzeko sekulako bultzada izan dut. Askotan erori naiz eta askotan jeiki naiz beti egon delamko zutitzen laguntzeko», onartu du Chourrautek, Tokiorako bidean egin duen deskribapenean.

«Nik azkarrenak bezala egin nahi nuen arraunean, baina ezin nuen. Olinpiar Jokoak dira lehiaketarik hunkigarriena. Zuretzat eta besteentzat ongi lehiatu nahi duzu. Bihotz asko mugiarazten ditu eta pentsamendu eta sentipen bonbardeo bat bizitzen da. Egindako lanarekin pozik sentitzen naiz. Tokiora iritsi naiz egindako bide olinpikoa eginda nuela, galtzeko ezer gabe».

Hala, bere buruaz sekula gustura ez eta Rioko urrezko domina liseritu ezinik urtean pasa zituen, eta dagoeneko 38 urteko palistak hauxesentitu zuen lehiarako momentu magiko hartan: «Nire 38 urteak nire alde erabili nituen, eskarmentua nuelako. Oso garbi nuen azken emaitza ez zela garrantzitsuena, ordura arte egindako bidea baino».

Laguntza psikologikoa

«Joxean Arruza psikologoarekin lan egiten hasi ginen –Ander Elosegirekin zebilen–. Asko lagundu dit psikologoaz lan egiteak. Unean unekoaz zentratzeko moduak bilatu ditugu. Niri oso ongi etorri zait. Duela hilabete bat arte, Rioko urreak nigan pisu handia zuen, eta azken hilabetean egindako bideaz harro egoteko motiboak nituela ikusten hasi naiz. Bidearen garrantzia azpimarratzen duen teoria aplikatzen hasteko. Nire buruaz harro nengoen; beti bezain urduri, baina urduritasun hori kontrolatzeko kapaz nintzen», azpimarratu du.

Egia esan, 15 urtez Lau Seu d'Urgellen egon da entrenatzen eta duela urtebete Donostiara itzuli da, etxera, alegia. Ulises Troyatik Itacara hamar urteren buruan itzuli zen bezala, Maialen Chourraut Donostiara itzuli da, 38 urterekin eta hiru domina olinpiko soinean.

«Entrenamenduak asko moldatu behar izan ditugu, La Seu leku egokia baita entrenatzeko. Baina familia familia da eta etxera itzultzea zegokigun. Begiratu alde ona: lagunak, etxekoak, estimulu berriak entrenatzeko orduan. Asko lagundu didate argi berri hauek nire kirol ibilbiderako; eskura dauzkagun baliabideak gure alde erabili ahal izan ditugu».

«Guztiak besarkatuko nituzke»

«Hain egoera zaila bizi dugu, oraindik ere zaila egiten da zure ondoan egon diren horiek guztiak besarkatu edo ez, ikutu edo ez... erabakitzea», onartu du palista gipuzkoarrak.

Kontxako hondartzara iritsi denean, 18.30ak pasatxoan, palekin pasabidea egin diote Chourrauti Atletico San Sebastianeko kide, entrenatzaile, ume zein gazteek. Eta maialen Chourraut eta Xabier Etxaniz guztiengana hurbildu dira, bakoitzari lau berba egiten, besarkada iheskorren bat edo beste ere bai, musukoak musuko eta segurtasun distantziak gorabehera.

«Poteo» txarangak «Txapelduna» dela errekonozitu dio bere musikarekin, zaleen eta han bildutako gainontzekoen txaloekin ere –Kontxako Pasealekuan ikusmiran bat baino gehiago ere geratu da zer ote zen hangoa begira–. Tokiotik bueltan, hegazkinetik ia «erori» berritan eta neke aurpegia irribarrearekin estali guran, emozioak baino gehiago pozarekin eta gozamenarekin bizi ahal izatea izan da zilarrezko dominaren jabe honen egitekorik nagusiena.

«Guztiak besarkatuko nituzke, nire esker ona adierazteko», esan du Maialen Chourrautek. Donostiako Udala, Gipuzkoako Foru aldundia, Reala, patrozinatzaileak eta baita Atletico San Sebastian berak ere opari bana egin diete palistari eta bere senarrari, baina oparirik politena, zalantzarik gabe, Atletico San Sebastianeko haurrek eta gaztetxoek antzeztu duten koreografia izan da, zeinetan bere erara zilarrezko domina hau berriro ere bizi ahal izan dute.

Paris 2024... gerorako

«Eta orain?», izan da hurrengo galdera. «Eta Paris 2024, zer?». Hiru urte luze edo motzak izan litezke, baina uneotan Maialen Chourraut etxean dago, eta ez da gutxi. Eta ez du zer ospatu gutxi.

«Hiru urte falta dira Pariserako. Ordu pila bateko bidaia egin dugu. Alaba justu justu ikusi dut eta oraindik ezin dut Parisen pentsatu. Ibilbideaz gozaru dugu orain arte, baina une honetan, oraina bizitzeko momentua da».

Txapelduna da, daraman domina daramala, edota dominarik gabe ere. «Une honetan beteta sentitzen naiz. Egin dudan guztiarekin eta jendeak eskaini digun harrera honekin. ezin dut gehiago eskatu».

Maialen Chourraut da, ez Odiseo Laertiada, baina bere ibilera homerikoa Itacan amaitu da. Kontxako hondartzan. Irabazi nahiz galdu, beti bere ondoan izan dituen horien ondoan. Etxean.