NAIZ

Bidaxuneko “Couvoir de la Bidouze” etxaldean 1.600 ahate sano hil dituzte

«Errukirik gabeko administrazioaren alde bakarreko erabakia» izan dela eta «zentzugabekeria» dela salatu du ELB sindikatuak. Aitzitik, mobilizazioei esker Kriaxera eta Rouen-Landais ahate arrazen bizirautea lortu dela nabarmendu du.

Ahate sanoen hiltzea gaitzesteko 2017an Bidaxunen egin zen elkarretaratzea. Isabelle MIQUELESTORENA
Ahate sanoen hiltzea gaitzesteko 2017an Bidaxunen egin zen elkarretaratzea. Isabelle MIQUELESTORENA

Osasun zerbitzuen aginduz Bidaxuneko "Couvoir de la Bidaouze" etxaldean 1.600 ahate sano hil dituztela jakinarazi du astearte honetan Euskal Herriko Laboraien Batasuna sindikatuak. Artean, «modelo industriala bere mugetara heltzen» ari den bitartean, aire librean etxalde txikietan egiten den hazkuntza tradizionala «arriskuan» dagoela gaitzetsi dute.

Pasa den urtarrilean berragertu zen H5N8 hegazti gripearen birusa Bidaxuneko etxaldean (Nafarroa Beherean) eta zerbitzu sanitarioek hiltzea agindu zuten. Ordea, ELB sindikatuak aditzera eman duenez, «Erresistentzia kolektiboari esker» desagertzeko zorian diren Kriaxera eta Rouen-Landais arrazako kabalak babesteko protokolo bat adostu zen eta horri esker kabalak sakrifikatzea ekidin ahal izan zen.

Aipatu protokoloak desagertzear diren bi arrazetako kabalak salbatzeko «berrikuste klausula» bat barnebiltzen zuen eta bigarren kabala multzo bat sortzeko ahalmena ematen zuen, baina ELB sindikatuak salatu duenez azken unean administrazio frantsesak alde bakarreko erabakia hartu du. «Nahiz eta egoera sanitarioa ona izan (ez da birusik ekainaz geroztik), Bidaxuneko hazleak eta haien bezero guztiak murru baten aitzinean ezarri ditu administrazioak», adierazi du laborarien sindikatuak.

Errukirik ez

Horrez gain, administrazioak izan duen jokamolde «erruki gabea» gaitzetsi du Euskal Herriko Laborarien Batsaunak, izan ere urte bateko produkzioa sakrifikatu edo Kriaxera eta Rouen-Landais arraza salbatzearen artean hautatzera behartu dituzte abeltzainak.

ELB sindikatuak jakinarazi duenez, bi arrazen bizirautea bermatzea hautatu dute, eta ondorioz, kabalen sakrifizioa onartu behar izan dute. «Laborariak sustengatzea eta etxaldeen, eta sailaren, geroaren salbatzea hautatu dugu, krisi hau ez dadin hauen guzien geroaren garaile izan eta horretarako ahateen hiltzea onartzera behartuak izan gara», nabarmendu du ELBk prentsa ohar baten bitartez.

Kabala sanoen hiltzea «zentzugabekeria» dela berresti du laborarien sindikatuak eta administratzioak agindutako diru laguntzak ematen dituela bermatzeko konpromisoa hartu du. «Estatu frantsesak hazle guztiak indemnizatzeko konpromisoa hartu», beraz «bere hitza atxikitzen duela segurtatuko» du laborari eta abeltzainen sindikatuak.