Maite UBIRIA
BAIONA

Alarma piztu da Biarno eta Zuberoa artean hegazti gripea atzeman dutela-eta

Biarno eta Euskal Herri arteko mugaldean balizko hegazti gripe kasuak atzeman dira. Landetan «kontrolik gabe» zabaldu dela onartu du Parisek eta «ehunka mila ahate» hiltzea aurreikusten du.

Abenduaren hasieraz geroztik beldur ziren Ipar Euskal Herriko ahate hazleak. Orduan jakinarazi baitzen Landetako Chalosse eskualdean kokaturiko etxalde batean hegazti gripearen agerraldia atzeman zutela. Harrezkero koronabirusari loturiko berriek albistegiak bete badituzte ere, isilean, hegaztien gaitza etengabe zabalduz joan da Ipar Euskal Herria inguratzen duten departamenduetan.

Gaur-gaurkoz «izurritea kontrolik gabe dagoela» nabarmendu du François Lesparrek, FDSEA laborantza sindikatuak Landetan duen presidenteak.

France3 Nouvelle Aquitaine telebista katearekin mintzo zelarik, egoera erabat kaotikoa deskribatu du Lesparrek. «Ustiategi anitzetan ahate hilak daude nonahi eta abeltzainek ezin dute horrela jarraitu, ezta animaliak ebakuatu ere», esan du.

Egoera horretan bere gomendioa argia bezain beldurgarria izan da. «Landetako departamendu osoa hegaztiz hustu behar da; hau da, animaliak behar ditugu akabatu, gaixorik izan ala ez, hala Pirinio Atlantikoetako eta Gerseko etxaldeak babestu ahalko ditugu, ontsalaz», defendatu du frantziar Estatuan laborantza sindikatu nagusia den FDSEAko ordezkariak.

Oso bestelako iritzia dauka Confederation Paysanne sindikatuak. Sindikatu sare horren kide den ELB euskal sindikatuak ere ez die iraganean ere hegazti sanoak hiltzeko gomendioei jarraitu. Hegazti gripeari loturiko azkeneko krisiaren karietara ahateak hiltzeari uko egin zioten hainbat euskal abeltzainek ELB sindikatuaren sostenguz.

Krisia amaitu zenean, beraiek eman zuten hitza bete zen: bestelako ahate arrazak hazten dira Euskal Herrian, non etxaldeek tamaina ttipiagoa duten normalean. Gauzak horrela, isunak eta auziak jasan bazituzten ere, laborari horiek hazten zituzten ahateak bizirik eta sano ziren, departamenduko albaitaritza zerbitzuko arduradunek izurritea amaitutzat eman zutenean.

Elkartasun mugimendu zabala antolatu zen Iparraldean abeltzain intsumisoak babesteko. Tokiko hainbat alkatek ere bat egin zuten Prefeturak emandako aginduei muzin egite horretan. Protesta ekimen horren parte-hartzaileetariko bat izan zen Alain Lataillade. Orduan bezala orain ere argi dauka zein bide hartuko duen. «Prefetaren dekretu bat jasotzen badugu gure kabalak hil behar ditugula esanez, sentitzen dut baina onik diren animaliei ez diegula tiro eginen erranen diot», ohartarazi du Bidaxuneko hazleak.

Biarno eta Zuberoa arteko mugako Lixoze herrian hegazti gripearen balizko lehen kasu bat agertu ondoren –horrela jakinarazi du ELB sindikatuak, baina litekeena da kasu gehiago izatea, azken egunotan oso azkar zabaldu baita izurritea– alarma gorria piztu da.

Ostiral arratsaldean izurriteak gogor jo duen lurraldean izan da frantziar Nekazaritza ministroa. Orotara 119 agerraldi atzeman dira Landetan, non ahateak hiltzeko prozedurak martxan dauden.

Mont-de-Marsanera eginiko bisita horrekin Julien Denormandie ministroak «gaixotasunari aurre egiteko prebentzio neurriak areagotzeko mezuari indarra eman nahi» diola nabarmendu dute. Ministroak baieztatu du gaitza «kontrolik gabe» hedatu dela eta «ehunka mila ahate hiltzeko perspektiba» jarri du mahai gainean.

Iraganean gertatu bezala, Parisek ahateak hiltzeko politika hobesten badu, ziurtzat eman daiteke Euskal Herrian laborarien mugimendua berpiztuko dela. Astelehenean, ELBko ordezkariek agerraldia egingo dute, euskal hazleek laborantza intentsiboaren ereduarekin lotzen den osasun krisi berri honen aurrean nola jokatuko duten azaltzeko.