NAIZ

Subiranotasun maila handiagoak behar direla nabarmendu du EH Bilduk Estatutuaren urteurrenean

Gernikako Estatutuak 42 urte bete dituen egunean, subiranotasun maila handiagoa beharrezkoa dela nabarmendu du EH Bilduk. Estatus politiko berria herri bezala dagoen erronka dela gaineratu dute Maddalen Iriartek eta Iñaki Ruiz de Pinedok.

Maddalen Iriarte eta Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduk Gasteizen egin duen ekitaldian. (Raul BOGAJO/FOKU)
Maddalen Iriarte eta Iñaki Ruiz de Pinedo, EH Bilduk Gasteizen egin duen ekitaldian. (Raul BOGAJO/FOKU)

Gernikako Estatutuaren 42. urteurrena dela eta EH Bilduk Gasteizen egin duen ekitaldian «herri gehiengo handi batek subiranotasun maila handiagoak eskatzen dituela» nabarmendu dute Iñaki Ruiz de Pinedok eta Maddalen Iriartek.

«Eusko Legebiltzarrean ordezkatuta dagoen gehiengo handi batek estatus politiko berri bat eskatzen du herri honentzat. EAJ, EH Bildu eta Elkarrekin Podemosen gehiengo handi horrek estatus berri hori gidatu behar duten oinarri eta printzipioei buruzko akordioa lortu zuen. Akordio hori tiraderan ezkutatu nahi dute, ezer alda ez dadin. Gure ustez, arduragabekeria politiko izugarria da, erabaki horretan kaltetuak euskal herritarrak direlako», adierazi dute.


«Erronka izugarriak ditugu aurrean: trantsizio energetikoa, trantsizio digitala, zaintza politikak... Badakigu Estatutuak ezin diela erronka horiei erantzun, ez eta duela hamar urtekoei ere, eta, hala ere, batzuek oztopoak baino ez dituzte jartzen herri honek behar duen estatus politiko berriaren eraikuntzak aurrera egin ez dezan, gehiengo kualifikatu nahikoak daudenean hori egia bihurtzeko», gaineratu dute.

«Gaur, Gernikako Estatutuaren urteurrenean, Estatuarekin sinatu genuen kontratu-akordioaren urteurrenean, eta 42 urteren ostean bete gabe jarraitzen duenez, EH Bilduk berriro eskatzen du euskal gizarteak azken hauteskunde autonomikoetan emandako mandatua bete dadila. EAJri bere jarrera eta estatus berriarekin egin nahi duena argitzeko eskatzen diogu, urte hauetan guztietan praktikan jarri dituen atzerapen maniobrak behingoz alde batera utziz», adierazi dute.


Herri mailako erronkak

«Herri mailako erronka handiegiak eta premiazkoegiak ditugu bete gabeko promesetan jolasteko, Urkullu jaunak 2015ean lehendakari aukeratuz gero deitu behar zuen kontsultari buruz egin zuena bezalakoa. Estatus politiko berria ez da kapritxo nazionalista bat, herri gisa dugun behar bat baizik. Has gaitezen lanean berehala. Joan den legealdian lortu genuen oinarriei eta printzipioei buruzko akordioa praktikan jar dezagun. Bete dezagun euskal herritar gehienen nahia», gaineratu dute, azaroaren 20an Bilbon egingo den manifestazioa euskal estatua aldarrikatzeko aukera dela nabarmenduz.

EH Bilduk gogoratu duenez, Gernikako Estatutuak 42 urte bete dituenean oraindik 30 bat eskumen transferitu gabe daude, artean Gizarte Seguratzaren kudeaketarena. «Estatutua agortuta dago. Edo, bestela esanda, Gernikako Estatutua ez da gai euskal herriaren eta herritarren beharrei erantzuteko», laburbildu dute.