Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Donostia-Galizia-Errumania, erronka bikoitzari aurre egiteko «gogotsu» dago Bera Bera

Astearte honetan goizeko 9.00etan abiatu dira Bera Berako jokalariak Galiziarantz. Asteazken honetan 20.45etan Atletico Guardesen aurka jokatuko dute ligako bederatzigarren jardunaldia eta larunbatean, EHF European League kanporaketako joanekoa Errumanian (14.00etan), Ramnicu Valcearen aurka. 

Bera Berako jokalariak Galiziarantz abiatu dira astearte honetan. (NAIZ)
Bera Berako jokalariak Galiziarantz abiatu dira astearte honetan. (NAIZ)

«Gogotsu», «ilusionatuta», «motibatuta», «zentratuta»... Halaxe abiatu da Bera Bera Galiziarantz. Astearte goiz honetan abiatu eta aste osoa kanpoan emango dute donostiarrek, liga eta Europako erronkak aurrera atera asmoz.

Bi partida konplikatu eta biak kanpoan jokatuko dituzte baina kapitainek adierazi dute taldea «prest» dagoela, «mundu guztiari egiten dio ilusioa horrelako partidak jokatzeak» eta hainbeste egun kanpoan pasatzeak, taldeko giroari ere mesede egingo diola. 

Alba Menendez eta Esther Arrojeria gipuzkoarrek eskaini dituzte adierazpenak autobusean sartu eta bidaia luzeari hasiera eman aurretik. Biek ala biek adierazi dute lehendabizi «zentratuta» daudela A Guardako partidan, «ligan bi puntu hauek berebiziko garrantzia izango dutelako». 

Usurbildarrak azaldu du Europako txapelketak ezin diela «despistatu», ze ligan galdutako puntuekin gogoratu daitezkeela liga bukaeran, eta beraz «galdutakoak gutxi izatea lortu behar dugu». Era berean, Menendezek adierazi du oraindik ez dutela Ramnicu Valcearen irudirik ikusi eta «horrek lagundu gaitzake Atletico Guardesen buru-belarri egoten». 

Despistearen haritik tiraka, zarauztarrak onartu du euskal derbian apur bat despistatu egin zirela: «Gero markagailua iraultzea lortu genuen baina partida hori ez da taldearen islada bilakatu behar. Oso bolada onean gaude, oso gogor jokatzen eta A Guardan sentsazioak berreskuratu behar ditugu». 

Arrojeria ere ados dago, izan ere nahiz eta Zuazoren aurka nahikoa izan zuten 30 minutu garaipenaren bidera itzultzeko, baliteke hori nahikoa ez izatea azken urteetan «titulu guztiengatik borrokan» ibili den taldearen aurka. «Zuazoren aurka ikasi genuen hasiera txar batek guztiz baldintza dezakeela», gehitu du eta baita ere, defentsan ondo ibiltzea funtsezkoa dutela ondoren erasoan lasaiago aritzeko. 

Atletico Guardes bosgarren sailkatua da ligan 10 punturekin, Bera Berak baino bost gutxiago. Bi partida galdu dituzte galiziarrek, Elx eta Xixongo La Calzadaren aurka, hain zuzen ere. Beraiek ere asteburuan Europa jokatuko dute, Estatu frantseseko ES Besancon taldearen aurka. Aurreko kanporaketan Hypo Niederösterreich garaitu zuten (21-28 Austrian eta 27-25 A Sangriñan). 

Esther Arrojeriak ondo zehaztu bezala, arerioa bere horretan zaila izateaz gain, A Sangriñako «infernuan» jokatzeak are gehiago zailtzen du A Guardako erronka. Pasa den denboraldian garaipena eskuratu zuten donostiarrek, baina 2020an berdinketarekin itzuli ziren (23-23). 2018-2019 denboraldian, galiziarrek liga irabazi zutenean, porrota jaso zuen (28-24). Ideia bat egiteko, 2012tik bederatzi aldiz lehiatu dira A Guardan eta Bera Berak lau garaipen eskuratu ditu, bi berdinketa eta hiru porrot. 

Maddi Aalla, azaroa osoan kantxetatik at

Maddi Aalla atezainak min hartuta jarraitzen du eta pasa den astean Imanol Alvarezek aurreratu legez, espero baino denbora gehiago emango du kantxetatik kanpo. Klubak adierazi duenez, azken azterketetan eskuin orkatileko sindemosiko lesioa ikusi zitzaion eta ondorioz, sei asteko epea zehaztu zuten guztiz errekuperatzeko. 

Lesioa egin zuenetik hiru astetara –bi daramatza- deskarga partziala mantendu behar du, eta
hirugarren astetik aurrera karga totala eta berregokitzearekin hasiko da. Hala, A Guardako partida eta EHF European Leagueko kanporaketa osoa galduko du. Oihane Bautista sartu da deialdian bere ordez. 

Sara Gilek ere ez zuen minuturik jokatu euskal derbian, orkatila ukituta daukalako. Eli Cesareo gutxika-gutxika hasi da taldean sartzen baina ez zuen minuturik izan Zuazoren aurka. 

A Guardatik O Portora eta hortik, Errumaniara

Zuazokoa atzean utzita, taldeak sinetsi egiten du Europan lehiatu dezakeela, are gehiago Paris 92 indartsua kanporatu ostean. «Irailean lehen aurkaria ezagutu genuenean, gehiengoak pentsatu genuen aurten ere goiz kanporatuak izango ginela. Baina Parisen irabazteak gure buruan sinestera eraman gintuen», onartu du Menendezek. 

Arrojeriak, bestalde, ez du partida galdutzat ematen: «Gure helburua multzokako fasean egotea da». Horretarako, gauzak «oso oso ondo» egin beharko dituzte eta aurkariak egun ona izan ez dela eragin, «horrela aukerak izango ditugu. 

Hala, uste dute A Guardakoa proba ona izan daitekeela taldea nola dagoen benetan ikusteko. Paris 92ren aurka lehendabiziko lehiatu aurretik ere, ligan Galiziara bidaiatu zuten (Porriñora) eta bertan, ustekabeko berdinketa egin zuten, azken minutuan, partida osoan galtzen joan ondoren. 

Horregatik, hain zuzen ere, partida konplikatu hori irabaziz gero, «Errumaniara beste sentsazio batzukin joango gara, noski», ziurtatu du Menendezek. «Europan defentsan gogor jokatu behar dugu eta Atletico Guardesen aurkako partida ondo etorriko zaigu puntu indartsu hori lortzeko», azaldu du.