Asier Robles

‘Etxepare, jalgi hadi batura’, euskarazko lehenengo liburuaren bertsio-itzulpena

Bernart Etxepareren ‘Linguae vasconum primitiae’ imprimatutako euskarazko lehenengo liburuaren bertsio-itzulpena egin du Xabier Amurizak euskara batuan, «betiere Etxepareren airea eta edukia errespetatzen saiatuz».

‘Etxepare, jalgi hadi batura’ liburua aurkeztu du Xabier Amurizak. (Aritz LOIOLA/FOKU)
‘Etxepare, jalgi hadi batura’ liburua aurkeztu du Xabier Amurizak. (Aritz LOIOLA/FOKU)

Xabier Amurizak (Etxano, 1941) Bernart Etxepareren (Sarasketa, Nafarroa Beherea, 1480) bertsio-itzulpen bat aurkeztu du gaur Bilboko Euskaltzaindiaren egoitzan: ‘Etxepare, jalgi hadi batura’. ‘Linguae vasconum primitiae’ 1545ean argitaratutako lehen euskal liburu inprimatuaren euskara batuko bertsioa da idazle zornotzarrak egin duena.

Amurizak aurkezpenean azaldu duenez, Bilbo Zaharra euskaltegiak antolatu ohi duen Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren azken edizioan sortu zen liburua egitearen ideia. Irakurraldi hartan, ‘Linguae Vasconum Primitiae’ izan zen irakurritako liburua, eta Amurizak eman zion hasiera ekimenari Etxepareren lekukoa hartuz. Hala egin ohi da egitasmoaren protagonista hilda dagoen kasuan.

Zehatz-mehatz, «oker baten ondorioz» etorri da liburua. Klasikoen Irakurraldi Jarraituaren testuinguruan egindako prentsaurreko batean Amurizak Etxepareren antologia bat egokitu zuela iragarri zuen, «poema bakoitzetik lau edo bost estrofa euskara batura itzuliz». Komunikabide batzuek ‘Linguae Vasconum Primitiae’ osoa bertsiotuko zuela ulertu zioten, eta horrela eman zuten albistea.

Oker horren harira, Amurizari «argi bat piztu» zitzaion eta, komunikabideek zabaldutako albiste oker horrek sortu zuen interesa kontuan hartuz, inprimatutako euskarazko lehenengo liburuaren adaptazioa egiteari ekin zion. «Eginkizun zoragarria iruditu zitzaidan», azaldu du gaurko aurkezpenean.

Orain, egokitzapen hori argitaratu da liburu formatuan mundu guztiaren esku egon dadin. Amurizaren esanetan, liburu hau «ez da itzulpen soila», bertsio bat da. «Etxepareren errima nahiko elementala da eta, batez ere, bariazio gutxikoa. Nik bertsio bat egin dut batuan, betiere Etxepareren airea eta edukia errespetatzen saiatuz».

Hamabost poemaz osatuta

Bernart Etxepare idazle baxenabartarra, ustez Sarrasketan jaio zen. Eiheralarreko erretore (1518) eta Donibane-Garaziko bikarioa izan zen. 1545ean argitaratu zuen ‘Linguae vasconum primitiae’ Bordelen. Hamabost poemaz osatutako bilduma bat da, eskaintza moduko hitzaurre labur batekin. Lehenengo bi poemetan gai erlijiozkoa darabil, hurrengo hamarretan amodiozkoa, inoiz gordin samar azaldua, hamahirugarren poema autobiografikoa da (kartzela egonaldia), eta azken bietan euskararen goraipamena egiten du.

Amurizak azpimarratu duenez, Etxeparek lehen euskal idazlea izatearen «kontzientzia nabarmena» zuen, «eta horretaz harro ageri da liburuan, izenburutik bertatik hasita».