Dabid Lazkanoiturburu
Nazioartean espezializatutako erredaktorea / Redactor especializado en internacional

Xi eta Biden bilduko dira ordu batzuk barru lehen gailur birtualean

AEBetako eta Txinako presidenteak, Joe Biden eta Xi Jinping, gailur birtualean bilduko dira ordu batzuk barru, iluntzean Washingtonen eta astearte goizaldean Pekinen. Taiwani buruz eta beste hainbat auzien inguruan, merkatal alorrekoak nahiz giza eskubideei buruzkoak, hitzegingo dute.

AEBetako eta Txinako presidenteak, Joe Biden eta Xi Jinping. (ARIS MESSINIS-AFP)
AEBetako eta Txinako presidenteak, Joe Biden eta Xi Jinping. (ARIS MESSINIS-AFP)

Txinako eta Amerikako Estatu Batuetako presidenteek, Xi Jinpingek eta Joe Bidenek, azken hau Etxe Zurira iritsi zenetik lehen gailur birtualean hitzegitekoak dira ordu batzuk barru.

Irailaren 9an hitzegin zuten azken aldiz baina ordutik hona gauzek ez dute hobera egin.

Izan ere, bi aldeek gero eta liskar gehiago dituzte eta bakoitzak irmo eusten dio bereari, Taiwango auziaren inguruan, baina baita ere merkatal trukeei eta giza eskubideen errespetuari dagokienez.

Etxe Zuriaren arduradun batek aurreratu duenez, kontua zera da, «lehiaketak ez gaitzala liskarrera eraman. Su-ebakiak eraiki behar ditugu gaizki ulertuak eta iritzi okerrak ekiditeko», gaineratu du, su-ebakia horiek zeintzuk izango liratezkeen zehaztu gabe.

Txinako Kanpo Arazoetarako bozeramalea den Zhao Lijianek azaldu duenez, bi agintariek «harremanen inguruko iritzi hartu-eman zintzoa, sakona eta osoa» izango dute, bi herrialdeen arteko harremanak «bidegurutze kritikoa» bizi duten honetan,

Pekinek Washingtonekin elkarlanean aritu nahi du «harremanak bide osasuntsu eta egonkorrera abiarazteko», gaineratu du Zhao Lijianek.

Joe Bidenek presidentzia hartu zuenetik, 2021eko urtarrilean, Xi Jinpingekin zuzenean biltzeko asmoa agertu izan du eta gogor kritikatu du Txinako presidentea azken nazioarteko gailurretan agertu ez izana,

Gailur birtualekin konformatu behar, Xi ez baita Txinatik atera azken bi urteetan, pandemiaren aitzakiarekin.

Biden Etxe Zurira iritsi zenean Txinarekiko AEBen tonoa lausoagoa zen Trumpen aroarekin alderatuta baina ekintzetan Washingtonen eta Pekinen arteko harremanak okerrera egin du.

Bakoitzak bereari eutsi

‘China Daily’ Txinako egunkari ofizialak editorialean aurreratu duenez , Xik «argi utziko dio Bideni bere batasun nazionala aurki lortuko duela, kosta ala kosta. Bidenek neurtu beharko du Taiwaneko sezesionisten alde egiteak AEBei suposatuko dien kostua neurtzea».

«Lehia era arduratsuan gestionatu behar da. Taiwaneko sezesionistak harrotzen dituzten politikek Txina eta AEBen arteko harremanak zapuztu ditzakete eta mundua amildegian jar dezakete», gaineratu du egunkariaren iritzi-artikuluak.

Etxe Zuriko bozeramaleak, Jen Psakik, zera aurreratu du bere aldetik, Bidenek «argi utziko du lehen unetik AEBen lehentasunak eta asmoak», eta bide batez «Txinari buruz dituen kezkak helaraziko dizkio Xi Txinako presidenteari».

Hori bai, gailurrak «emaitza zehatzik» ez dituela emango gaineratu zuen Psakik

Gailurra iluntzeko 19,45etan hastekoa da (goizaldeko 1.45etan Euskal Herrian), goizeko 7,45etan Pekinen (12 orduko aldea dago) eta elkarrizketak orduak iraungo duela ohartarazi du AEBetako iturri batek.

Izan ere, ez da orduarena bi potentzien arteko alderik handiena.

Taiwan

Txinako Aire-Armadak biderkatu egin ditu irlaren inguruak sartu-irteerak. Tsai Ing-wen Taiwaneko lehen ministrak  onartu egin du AEBetako Armadaren «aholkulariak» aitzinako Formosan daudela. Bidenek Pekinen eraso baten aurrean Taiwan defendatzeko konpromisoa duela azaldu zuen. Txinak dei egin dio Washingtoni Tsai Ing-wen babesteari utz dezan,  irlaren independentziaren alde dagoela leporatuz.

Segurtasuna
Pekinek Txinako Ekialdeko Itsasoaren subirotasuna aldarrikatzen du. AEBek eta bere eskualdeko aliatuek  «nabigatzeko askatasuna» aldarrikatzeko operazioak egiten dituzte. Txinak Australiari urpekariak saltzeagatik gogor kritikatu du Washington, Canberrarekin eta Londresekin sinatu duen Itun Militar berriaren testuinguruan.

Merkataritza  
Biden presidenteak Donald Trumpek Txinako produktuen kontra 2018an ekin zion merkatal-gudari eutsi dio. AEBetako hainbat entrepresa erraldoik Pekinekin negoziatzeko eskatu diote Gobernuari produkzio-kostuak garestitu zaizkielako. 2020ko su-etenean, Txinak AEBetako produktu gehiago erosteko konpromisoa hartu zuen, 200.000 milioi dolar ordainduz. Washingtonek hitza ez duela bete leporatzen dio Pekini. Boeing hegazkinen konstruzio-entrepresa erraldoiak Txinaren erosketa izugarri bat espero du urtea amaitu baino lehen merkatal-trukea orekatzeko.

Teknologia
Trump Administrazioak ustez AEBen segurtasuna kolokan jartzen zuten Txinako teknologia entrepresak zerrenda beltzan jarri zuen. AEBetako entrepresek ezin diete ezer erosi edo saldu baimenik gabe. Bidenek zerrenda luzatu egin du eta bertan «Txina Telecom» sartu du. AEBek bereziki Huawei 5-G ekipamenduetan aitzindaria du jo-mugan. Bi aldeek tentsioa baretu dute. Kanadak aske utzi du Meng Wanzhou Huaweiko finantza-zuzendaria, AEBen eskaerari jarraituz hiru urte kartzelan eman ondoren..

Zigorrak
Biden Administrazioak bere egin du uigur musulmanen lurraldea den Xinjianen (Ekialdeko Turkestan) genozidio salaketa Txinaren kontra. Pekinek hainbat arduradun txinatarren aurkako zigorrak bertan behera uzteko exijitzen du, bai Xinjiangen auzian, baita Hong Kong-enean ere. Bitartean, agintari estatubatuarrak zigortu ditu.

Kontsulatuak
Iazko tirabiren inguruan, bi herrialdeek norberaren kontsulatuak itxi zituzten, Txinakoa Houstonen (hegoaldea) eta AEBetakoa Chengdunen (hego-mendebaldea). AEBetako komunikabide batek aurreratu duenez, egoitza diplomatiko hauek aurki zabalduko omen dute. Washingtonek ukatu egin du berri hori.   

Bisak
Washingtonek ikasle eta ikerlari txinatarren ehunka bisa atzera bota ditu, espioitza arriskuaren aitzakiarekin. Trump Administrazioak ere «agente arrotzatzat» jo zituen Txinako komunikabideak. Pekinek AEBetako hamar bat korrespontsal bidali ditu hauen bisak gaurkotu gabe.


Koronabirusa
Bidenek Covid-19aren sorreraren inguruko «ezinbesteko informazioak» ezkutatu izana leporatu dio Txinari. Izurritea Wuhanen (zentroa) sortu zen 2018ko urte amaieran. Xi Jinpingen Gobernuak «eskuhartze politikoa» ikusten du salaketa horren atzean.

Larrialdi klimatikoa
Tentsio nabarmen honen testuinguruan, Txinak eta AEBek, munduko herrialde kutxakorrenek, akordio bat adostu zuten aurreko astean, Glasgowko gailurra zela, eta, larrialdi klimatikoari elkarlanean aurre egiteko. Akordioa orokorregia baldin bada ere, krisialdi klimatikoak potentzia bien liskarren menpe ez uztea lortuko luke.