Arnaitz Gorriti

Hodei Ezpeleta «Bihurri», hasieratik bukaerara nagusi Euskal Herriko Aizkolari Txapelketan

Aizkolari eibartarrak Xabier Zalduarekin oso lan estua izan du aurreneko erdian, baina azken oinbikotik aurrera, 22 urteko aizkolariak aldea atera du eta inolako arazorik gabe nagusitu da, 45 minutuko langaz azpitik amaitu duelarik finala.

Hodei Ezpeleta, «Bihurri», ahalegin betean Tolosako finalean. (Gorka RUBIO / FOKU)
Hodei Ezpeleta, «Bihurri», ahalegin betean Tolosako finalean. (Gorka RUBIO / FOKU)

Tolosako Beotibar pilotalekuak Euskal Herriko Aizkolari Txapelketak, Federazioari atxikitako lehiak alegia, badu txapeldun berria: Hodei Ezpeleta «Bihurri» eibartarrak, bere aurreneko finalean, 22 urte baizik ez dituelako, «We Are The Champions» entzun du, nagusi izan baita hasi eta buka. Erritmoa hasieratik hartu du eta ez die aurkariei aukeratik eman, batez ere oinbikoetatik aurrera, eta bigarren erdian eroso xamar aldea aterata nagusitu da.

Hodei Ezpeleta «Bihurri»rekin,Xabier Zalduak ekin dio aurreneko postu horren bila nor baino nor. Lanek oso luze jo dute, nahiz eta egur gogorregirik ez duten aurkitu, beren zorionerako.

Ezpeletak erritmo oso konstantea mantentzea erdietsi du, bere baldarrean, eta teknikoki, 22 urteko gizon gaztea izanagatik, maisuki ekin dio lanari. Xabier Zalduak, aldiz, azken oinbiko bietan 40 segundotik gorako aldea galdu du, neurri handi baten enborraren epaia estuegi hartu duelako. Eibartarraren martxari jarraitu nahian, «Bihurriren» itzala izateko nahiaz bere hauspoaren kontra egiten amaitu du. Hala, oinbikoetatik aterata azken 60 ontzako bi enborretan minututik gorako abantaila atera du Ezpeletak, oso egoki eta lan isila eginez, txapela ia bermatu egin du bere buruarentzat.

Jose Antonio Etxeberria hirugarren posturako uharte baten moduan, aurrekoekiko urrunegi eta atzekoekiko aurreratuegi geratu da, bestalde, Kañamares, Resano eta Txapartegi atzean lagata. Txapartegi beteranoak, gizajoak, adar-begia ere kudeatu behar izan du oinbikoetako baten.

AUna batez hala ere,, Zalduari Jose Antonio Etxeberria apur bat hurbildu egin zaio, kinada laburra izan bada ere; are gehiago, Kañamaresek nahiko txukun amaitu baitu.

42 minutu pasatxoan ekin dio azken enborrari, bere aldetik, Hodei Ezpeletak. Erneste Ezpeleta «Bihurri» originala bere aita aholku emaile –desesperatu– aurrean hartua, «Bihurri» gazteak nahiko fresko amaitu du ia hiru ordu laurdeneko lanari, Tolosako Beotibar pilotalekuko ikusleen zoramenerako.

«Gozatu baino ez dut egin»

«Ondo prestatuta etorri naiz. Lo gutxi eginda baina burua zentratuta behintzat. Gozatu baino ez dut egin gaur. Entrenamendu gogorrak egin izan ditut, baina ez hain luzeak, baina oso ondo aurkitu naiz», adierazi du txapeldun berriak.

Era berean, Xabier Zalduak «txapela nire buruan momento batez ikusi dut», aitortu du, baina «hirugarren opinniubkoak nekatu egin naiz, eta han dik aurrera, Hodeik merezita irabazi du. Erregular izatea nahi nue, baina aurreneko postua hain gertu ikustea, jotzea nahi izan dut, baina nekatu egin naiz».

Bestalde, aitzakiarik gabe, oso pozik azaldu da Ezpeletaren garaipenarekin. «Bistakoa da gazteak gorantz datozela eta neurri baten, Ezpeletak bere gaztetasuna demostratu du txapela irabazteko. Irabaztea nahi nuen, baina gazte batek txapela irabazi izana oso seinale ona da. Beti da seinale ona, gainera», onartu du.

Euskal Herriko Txapelketa. Sailkapen Nagusia:

1-Hodei Ezpeleta 44:40

2-Xabier Zaldua 46:17

3-Jose Antonio Etxeberria 47:30

4-Oier Kañamares 48:48

5-Iban Resano 51:30

6-Luis Mari Txapartegi 53:27