NAIZ

Foro Soziala: «Indarkerien zikloa behin betiko itxi gabe orria pasatzeko arriskua erreala da»

Foro Sozialak atzo Naziometroak eta urrian EITB Focus-ek argitara emandako hainbat datu aztertu ditu eta bertatik ondorioztatu du «indarkerien zikloa behin betiko itxi gabe orria pasatzeko arriskua oso erreala» dela.

Foro Sozialeko Nekane Altzelai ETA Agus Hernan, Aieteko 10. urteurrenean. (Jon URBE | FOKU)
Foro Sozialeko Nekane Altzelai ETA Agus Hernan, Aieteko 10. urteurrenean. (Jon URBE | FOKU)

Atzo argitaratutako Naziometroak eta urriko EiTB Focus-ek azaleratutako emaitzak aztertu ditu Foro Sozialak. Naziometroaren arabera, Euskal Herriko biztanleen %64,8k uste dute euskal gatazka «ez dagoela erabat itxita» eta oraindik «konpondu gabeko esparruak» daudela. EITB Focus-en arabera, Hego Euskal Herriko biztanleen %72,3k uste du «hainbat kontu gainditzeko» daudela.

«Gaur egun oraindik ere oso beharrezkoa da indarkerien zikloaren ondorio batzuei aurre egitea», adierazi du Foro Sozialak ohar baten bidez. «Izan ere, indarkerien zikloa behin betiko itxi gabe orria pasatzeko arriskua oso erreala da», gehitu du.

Zentzu horretan, «konpondu gabeko gai horiei heltzea gertatutakoa berriz ez gertatzeko baldintzak sortzeko modurik onena» dela iritzi du. «Hurrengo belaunaldiei ezin diegu zama hori oinordetzan utzi. Iraganean gertatutakoa berriro gerta ez dadin, bermerik onena hurrengo belaunaldien bizikidetzaren eta bakearen oinarriak finkatzea da».

«Bizikidetza demokratikoa eraikitzeko» oraindik ere «elkarrizketa eta hitzaren kultura sustatzen jarraitzea» beharrezkoa dela nabarmendu du Foro Sozialak. «Bakea eraikitzeko prozesua egunero elikatu behar baita».

Foro Sozialaren iritziz, «beharrezkoa» da inplikatutako aktore guztiek «beren diagnostikoak egungo egoerara egokitzen jakitea», eta, «eskuzabaltasunez eta interes alderdikoiak alde batera utzita, norabide egokian hartzen ari diren ekimenei merezi duten garrantzia ematen jakitea».

«Lortutakoa finkatzeko lan egin behar da, hitza desarmatuz, ekarpen multilateral berrien aldeko ekosistema bat sortuz eta iraganeko inertziak ez itzultzeko neurriak hartuz», amaitu du Foro SOzialak.