NAIZ

Emakume nafarrek gizonezkoek baino ia sei ordu libre gutxiago dituzte astean

Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, emakumeek gizonek baino denbora libre gutxiago dute: 43 minutu gutxiago astegunetan, eta 65 minutu gutxiago asteburuetan. Soilik emakumeen %4,8tzik adierazi du gizonekiko erabateko berdintasun-egoeran daudela andrazkoak.

Emakumeen %71ak adierazi du lan handia egin behar duela soldatapeko lana eta adin txikikoen zaintza uztartzeko. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Emakumeen %71ak adierazi du lan handia egin behar duela soldatapeko lana eta adin txikikoen zaintza uztartzeko. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Nafarroako Estatistika Erakundearen arabera, emakumeek gizonek baino denbora libre gutxiago dute: 43 minutu gutxiago astegunetan, eta 65 minutu gutxiago asteburuetan; orotara, 345 minutu astero, ia sei ordu.

2020ko egindako inkestaren emaitzek erakusten dutenez, Nafarroan, emakumeek gizonek baino ahalegin handiagoa egiten dute etxeko lanetan, eta, bereziki, lan hauetan daude alde handienak: arropaz arduratzea, janaria prestatzea eta etxea garbitzea.

Etxeko lanen artean, mahaia jasotzea da berdintasun-maila handiena erakusten duen zeregina; gizonen %38,0k eta emakumeen %41,6k beti jasotzen duela esan du, erakunde honen arabera.

Kontrara, arropaz arduratzea zereginak erakusten du sexuen arteko alderik handiena: emakumeen %52,7k beti egiten du, eta, gizonen artean, aldiz, %19,8k.

Kontziliazio arazoak eta denbora librea

Etxeko lanak eta lanbidea uztartzeak dakarren ahaleginari dagokionez, lan egiten duten gizonen %58k adierazi du etxeko lanak egiteak ez dakarkiola inolako ahaleginik edo ahalegin hori oso txikia dela. Emakumeen artean, %49k esan du hori.

Baina adingabeak zaintzeari dagokionez, aldea handitu egiten da; izan ere, soldatapeko lana egiteaz gain neurri batean adingabeak zaintzeaz ere arduratzen diren gizonen %46k dio zainketa horrek ez dakarkiola ia ahaleginik. Aldiz, emakumeen %71k ahalegin handia egin behar duela aitortu du.

Nafarroako Estatistika Erakundearen inkestaren emaitzek, halaber, 2016 eta 2020 urte artean gizon eta emakumeen ordu libreetan izandako aldaketak agertzen dituzte. Bi urteetako emaitzak alderatuta, denbora libreak gora egin du asteburuetan eta astegunetan, baina erregistratutako bi urteetan emakumeek gizonek baino denbora gutxiago izan dute; 43 minutu gutxiago astegunetan, eta 65 minutu gutxiago asteburuetan.

Erabateko berdintasunetik urruti

Gizonen eta emakumeen artean erabateko berdintasuna ote dagoen galdetuta, sexu baten zein bestearen usteak kontrakoak dira. Emakumeen kasuan, berdintasun egoera erabatekoa dela uste dutenen kopuruak %1 egin du behera 2016tik 2020ra (%5,7tik %4,8ra).

12,3 puntu igo da, ordeak emakumeek gizonekiko erabateko berdintasun-egoera dutela uste duten gizonen ehunekoa (%3,7tik 2016an %16ra 2020an).

Bestalde, biztanleriak uste du hezkuntzarako sarbidean dagoela aukera-berdintasun handiena gizonen eta emakumeen artean (%90 inguru). Aldiz, soldatari eta lanean mailaz igotzeari dagokionez, biztanleriaren ehuneko handienak (%70 eta %67, hurrenez hurren) iritzi du emakumeen egoera gizonena baino okerragoa dela.