Maider Iantzi
Aktualitateko erredaktorea / redactora de actualidad
Entrevue
Iñigo Cerdan Matesanz
‘Frontoi’ proiektuaren sortzailea

«Teloia irekitzen deneko magia etxera eramatea da ‘Frontoi’-ren muina»

Hainbat urtez atzerrian bizi izan ondotik duela lau urte itzuli zen Donostiara Iñigo Cerdan kultur kudeatzaile eta diseinatzailea. Urtean lau hilabetez Zinemaldian lan egiten du. Horrez gain, diseinatzaile grafikoa da eta Migrazioen Nazioarteko Antolakundearen webguneak eguneratu ditu azkenaldian.

Iñigo Cerdan Matesanz, Frontoiren logotipoarekin, Tabakaleran.
Iñigo Cerdan Matesanz, Frontoiren logotipoarekin, Tabakaleran. (Jon URBE | FOKU)

“Frontoi” egitasmoak hainbat beka eta aipamen jaso ditu, eta bi urteko egonaldia lortu du Tabakaleran. Bertan, Kutxa Kulturren bulegoan harrapatu dugu Iñigo Cerdan sortzailea, crowdfunding kanpainan beren ekarpena egin duten lagunei sariak banatu berri. Jasotako diruarekin antzoki birtuala garatuko du aurten. Lehen pertsona pluralean mintzo da, baina bera ari da proiektua zuzentzen, laguntzaileak izan arren. Horretaz gain bere lana du eta autonomo gisa ahal bezala uztartzen ditu biak.

Urteak atzerrian eman ondotik Donostiara itzuli zinen, eta covidaren krisi honetan sortu zenuen «Frontoi».

EHUk eta EiTBk duten Multimedia Komunikazioko Masterrean amaierako lana egin behar nuen eta erabateko konfinamendua suertatu zen. Bakarrik bizi naiz eta aukera izan nuen energia guztia proiektu honetan jartzeko. Batez ere kultur kudeaketan lan egiten dut, aktore amateur gisa ere gauzatxoak egin ditut. Eta arte eszeniko eta biziek asko sufritu dute fisikotasun eza. Ez daukate beste biderik banaketarako, musikak eta ikus-entzunezkoek duten bezala. Ideia otu zitzaidan orduan. Gainera, une horretan proposamen pila bat agertu ziren, antzoki eta sortzaileek beharra zutelako.

 

Proiektuak badauka sinesmen bat oso zehatza eta argia: banaketa digitala etortzear dago bai ala bai. Krisiak azkartu egin du prozesua eta agerian utzi du premia.




Nahiz eta krisi betean jaio, gelditzeko asmoa du «Frontoi»-k.

Badauka sinesmen bat oso argia: banaketa digitala etortzear dago bai ala bai. Krisiak azkartu egin du prozesua eta agerian utzi du premia. Gero eta ohituago gaude bat-bateko esperientziak online edukitzera, bilerak kasu. Kulturan ez hainbeste. Baina teknologia asko aurreratzen ari da eta etortzear dago. “Frontoi” aukera bat da.

Eta ez da ezeren ordezko.

Osagarri izan daiteke. Gero eta arruntagoa da fisikoa eta birtuala uztartzea. Niri gertatzen zait jardunaldi batean goizean online hartzen dudala parte eta arratsaldean fisikoki. Gauzak horrela bizitzea gero eta normalagoa izango da. Horrek aukera ematen dizu nahiz eta urrun egon zerbait ikusteko, edo eduki gehiago ikusteko. Agian fisikoki obra bakarra ikus dezaket, baina, online, beste hiru. Eta beharbada online ikusi dudan hori hurrengoan fisikoki ikusiko dut. Aukerak asko zabaltzen dira, baita fisikotasunean kontsumo handiagoa edukitzeko ere.

Giltzarrietako bat fisikoaren magia, argiak itzali eta teloia irekitzen deneko hori, etxera ekartzea izanen da. Nola lortu?

Hori da galderarik zailena, “Frontoi” berezi egiten duena. Ez da online jarritako grabaketa bat, nahiz eta zuzenekoa izan. Harago joan nahi dugu eta bestelako esperientzia berritzaile batzuk asmatu, bilatu. Bide horretan gaude. Ezin dugu hasieratik jakin nolakoa izango den egin nahi dugun antzoki birtual hori, baina bide bat egiten ari gara zein modu egon daitezkeen ikusteko, ikusleekin probatuz zerk funtzionatzen duen eta zerk ez. Justu hori da orain egin behar duguna. Prototipo bat daukagu eta jendearekin probatuko dugu zer behar eta desio dituzten esateko, eta horren arabera proiektua moldatzen joango gara.

Pertsona horiek antzokietara joateko ohitura dute?

Denetarik izango dugu. Bost talde nabarmendu ditugu: zaleak, dantza edo antzerkia ikustera antzokietara joaten direnak; profesionalak, programatzaileak zein sortzaileak, halako plataforma batek beren lanean zer eragin izan dezakeen jakin nahi dutenak; irisgarritasun arazoak dituzten pertsonak, fisikoki desgaitasun bat dutenak, urruti bizi direnak edo bestelako muga mentalen bat dutenak antzokietara joateko; diaspora, gure kultura ezin kontsumi dezaketen euskaldunentzat aukera bat izan daitekeelako; eta gazteak, bideojokoetan online jolasteko ohitura dutenak, esperientzia asko dutelako halako teknologiekin eta ideia pila bat ere bai, seguru.

Webgunean (https://eu.inigocerdan.com/frontoi) agertzen diren bi obrak erakutsiko dituzue probetan? «Fadoak entzuten zituen gizona» eta «Mutu»?

Grabatuta ditugu eta horiek probatuko ditugu. Lehena antzerkia da, testuarekin, azpitituluak jartzeko, horrek aukerak ematen dituelako. Bigarrena, dantza obra bat. Ezberdin grabatuak dira. “Mutu”-rekin grabaketa itxi bat egin genuen, xehetasun gehiagorekin, hiruzpalau aldiz egin zen dantza osoa, publikorik gabe. “Fadoak entzuten zituen gizona”, zuzenean grabatu genuen Gasteszenako emanaldi batean, Donostian, publikoarekin. Go-pro kamera txiki bat ere jarri genuen eszenatokian, ikuspuntu ezberdin bat edukitzeko.

Orain arte zer harrera izan du egitasmoak partekatu duzun jendearen artean?

Proiektu berritzaile eta irekiekin gertatzen den moduan badago jende asko oso ondo ikusten duena eta argi duena halako gauzak etorriko direla eta hobe dela gertutik egitea eta gurean sortzea kanpotik beste batzuk zer egin behar dugun esatera etortzea baino. Baina badago jende asko halako proiektuak gehiegi gustatzen ez zaizkiona. Azkenean guztiekin egin behar dugu lan eta askotan kritika txarrenekin ikasten dugu, aurrera egiteko gako asko ematen baitituzte. Argi eta garbi azpimarratzen saiatzen gara birtualtasuna ez datorrela lekurik kentzera, baizik eta ematera.

 

Momentu egokian egotea da gauzarik zailenetakoa. Berritzailea denez, justu aurkitzea zer den funtzionatzen duena. Zer den minimo hori engantxatuko gaituena antzerkia eta dantza on line ikusteko.



Azaldu Frontoi izenaren jatorria eta erranahia.

Jorge Oteizaren obran inspiratu gara. Eskulturan lan egin zuen, hustasunaren ideian, nola horrek metafisikotasun batera eramaten zaituen. Bere obren artean badago bat “Homenaje a Velázquez” deiturikoa non hiru paretarekin edo xaflarekin bakarrik kubo edo espazio oso bat sortzen duen. Euskal frontoia da. Proiektuak ere espazio ez material batera eramaten gaitu onlinetasun horretan, non fisikotasun parte bat badagoen eta urrun dauden pertsonak konektatzen diren. Era berean, frontoia gure plaza da. Kirola egiten da, merkatua ere bai, antzerkia... Proiektua hemendik sortua dagoela azpimarratu nahi dugu.

Konta iezadazu zure atzerriko esperientzia. Non ibili zara eta zer ekarri duzu?

Nire esperientzia handienetakoak Liman eta Manilan izan ditut. Kultur kudeaketan lan egin dut bietan. Horrek aukera eman dit irekiagoa izateko. Bestetik, batez ere Filipinetan, lan asko egiten genuen Estatuko artistak batuz eta euren harremanak sendotuz proiektuak aurrera ateratzen. Halako hibridoek ere inspiratu naute horrelako proiektu bat hemen orain ateratzera. Kanpotik etortzen ari zaizkigun esperientzia berritzaile horiek guretik begirada ireki batekin ere sor ditzakegulako.

Horretarako Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera aztertu duzu. Zer teknologia erabil ditzakezun ere bai. Lan handia.

Konfinamenduaren ondorioak! [dio irriz].

Nola doa finantzaketa?

Aurreikusitako aurrekontu handienarekin bukatu dugu crowdfunding-a: 10.000 euro. Diru horrekin, 2021ean diseinatutako prototipoa probatu eta aldatzea da asmoa, produktu bideragarri batera iritsi arte. Hau da, merkaturatu daitekeen zerbitzu bat.

Zein epe dituzu buruan?

2023ko martxorako jada merkaturatuta izatea da helburua.

Non ikusten duzu zailtasun edo erronka nagusia?

Agian antzerki lan bat birtualki ikustea normala izatea ez da 2023an gertatuko, baina momentu egokian egotea da halako proiektuetan gauzarik zailenetakoa. Kasu honetan, berritzailea denez, funtzionatzen duena zer den aurkitzea. Argi daukagu bukaeran izango dugun horrek sinplea behar duela izan. Gaur egun baditugu aplikazioak ezker eta eskuin emanda jendea ezagutzen duzuna. Oso sinplea da. Baina esperientzia hori edukitzeko atzetik lan handia egin da. Hor dago gakoa. Zer den minimo hori engantxatuko gaituena antzerkia eta dantza online ikusteko.

Azkenean gauzarik sinpleenak izaten dira zailenak.

Eta arrakasta izaten dutenak. Justu eta bakarrik hori harrapatu dutelako. Pertsonalki proiektu hau prozesu bat bezala hartzen dut eta jolastu eta ondo pasatu nahi dut. Ez dakit nolakoa izango den “Frontoi”. Arrakastaren beste gako bat jolasa da. Ez oso serio hartzea gauzak, baizik eta jakitea gaurtik biharrera aldatzen ahalko direla, aldatzeko prest egon behar duzula eta horrekin ondo pasatzea. Hori ona izan daiteke proiektuarentzat eta baita niretzat ere. Irekita egon behar duzu jendeari galdetzeko eta entzuteko «nik ez dut hau ezertarako behar», zer behar duen pentsatu eta hori eman ahal izateko.

Galdetegi bat pasa zenuen. Zer behar du jendeak eta zer ez?

Proiektuaren muina magia hori da: zer gertatzen da teloia ireki eta argiak itzaltzen direnean? Nola eraman daiteke hori eremu birtualera? Galdetegi horretan norberarentzat arte eszenikoen esperientzia zer den galdetu nion jendeari. Galdera irekiak ziren eta jendea erantzutera animatu zen. Erantzun horietatik lau kontzeptu atera genituen, arte eszenikoen bereizgarriak direnak: bat-batekotasuna, hemen eta orain gertatzen dira; paktu moduko bat dago publikoaren eta antzezlearen artean guztiok fantasia horretan sartzeko, antzezleak ezin du testua galdu, bestela magia eten egiten da eta ikusleari ezin zaio mugikorra piztu; komunitate bat eraikitzen da, Concha Velascoren obra bat ikustera bagoaz bere zale pila bat egongo dira edo “Egunkaria”-ren itxieraren inguruko obra bat ikustera goazenean gertaera horren inguruan komunitate bat eraikitzeko aukera bat dago eta gure pentsatzeko moduak aldatzeko. Bestalde, arte eszenikoek badute erritualtasun bat, joan aurretik bikotearekin bazkaltzen dut, edo era berezi batean prestatzen gara, gero pote bat hartuz komentatzen dut lagunekin... Agian bakarrik noa baina asko gustatzen zait entzutea jendeak zer esaten duen nire ondoan. Kontzeptu horiek eremu birtualera eraman nahi ditugu.

Adibidez, bertze ikusle batzuekin momentu horiek partekatzeko aukera emanez.

Bai. Eta ikusteko zeintzuk diren zurekin batera publikoa osatzen duten pertsona horiek eta zein den beraien erreakzioa. Komunitate horretan askotan txalotu egiten dugu. Agian lehena naiz txalotzen, edo azkena. Halakoak eremu birtualera eraman daitezke beste modu batera.