NAIZ

Puppyren kolore nagusia zuria izango da Guggenheimen 25. urteurrenean

Lorezaintzako hogei espezialistako talde bat erlojuaren kontra lanean ari da Bilboko Guggenheim museoko Puppy txakur-eskulturari itxura berria emateko. Aurrerantzean zuria izango da, Jeff Koonsen hitzetan, «konposizio kromatiko horrek bakea, berrikuntza eta maitasuna transmititzen dituelako».

Landareek aste batzuk behar dituztenez loratzeko, Puppyri aurrerago nabarituko zaio ondoen bere itxura berria.
Landareek aste batzuk behar dituztenez loratzeko, Puppyri aurrerago nabarituko zaio ondoen bere itxura berria. (GUGGENHEIM MUSEOA)

Guggenheim Museoak itxura berri batekin erakutsi du Puppy, udaberri honetan egin zaion lore aldaketa amaitu ondoren. Seguros Bilbaok, Grupo Catalana Occidenteren konpainiak, babestu du lana. Lorez eginiko eskultura estaltzen duten 38.000 landareak ordezteko prozesu horrek, urtean bitan egiten denak, bestelako emaitza bat du oraingoan bere 25. urteurrena ospatzeko, Jeff Koons artistak museoko curator-ekin lankidetzan egindako diseinu berriari esker. Eskulturak diseinu hau hartzen duen aurreneko aldia da.

Hala, kolore orbanak eratuz egiten zaion ohiko lore banaketaren ordez, denboraldi honetan, West Highland White Terrier txakurkume erraldoiaren kolore nagusia zuria izango da, eta koloretako lore batzuek nabarmenduko dituzte bere silueta eta erliebeak.

Landareek aste batzuk behar dituztenez loratzeko, Puppyri aurrerago nabarituko zaio ondoen bere itxura ikusgarria. Hori gertatutakoan, eta diseinu monokromatiko berriari esker, instalazio honen hasierako kontzeptua garatzeko inspirazio iturri izan zen bere arrazaren inoiz baino antza handiagoa izango du Puppyk.

Jeff Koonsen hitzetan, «Guggenheim Bilbaoren 25. urteurrena dela eta, une gogoangarri hau ospatzeko asmoz, gertutik aritu naiz lanean museoko talde zoragarriarekin Puppyrentzako lore landaketa berri baten estreinaldian. Puppy bururatu zitzaidanean hasieratik nuen ideiari jarraitu diot, terrier zuri bat oinarri hartuta. Hala, udaberriko gure landaketa lore konfigurazio harmoniatsu bat da, batez ere lore zuriena, eta errespetatu egiten du jatorrian zuen espiritu hura».

«Puppyk baditu lore horiak, laranjak, gorriak eta urdinak ere, bere silueta eta ilajea itxuratzen duten espiralak edo kurbak definitzen laguntzeko, baina nagusitzen diren loreak zuriak dira batik bat. Konposizio kromatiko horrek bakea, berrikuntza eta maitasuna transmititzen ditu. Onarpena proiektatzen jarraitzen du, loraldi bete-betean dauden landareek bizitzaren energia sinbolizatzen duten bitartean. Beti nahi izan dut obra hau leku bat izatea, komunitatea bertan elkartu eta transzendentzia esperimentatu ahal izateko. Instalatu zenetik, Puppyk milioika bisitari hartu ditu Guggenheim ikonikoaren sarbidean. Hortaz, ohore handia da orain Puppy urteurrenaren ospakizunean parte izatea eta publikoari modu berritu batean harrera egitea».

Loreen espezieei dagokienez, oraingoan hauek nagusitzen dira: petuniak, begoniak, dimorphotecak, allissumak eta sesamo zuriak.

Puppyren lore aldaketa prozesu konplexua da, aldez aurretik milaka lore espezifiko landatu behar baitzaizkio obrari, eta lorezaintzako hogei espezialistako talde bat behar izaten da; erlojuaren kontra lanean jarduten dute Museoko Kontserbazio Saileko adituen ikuskaritzapean.