NAIZ

Hezkuntza eredu publiko eta inklusibo baten alde egin du Steilas sindikatuak kongresuan

Hezkuntza eredu publiko, inklusibo, feminista, euskalduna, ekosoziala eta kalitatezko baten alde egin du Steilas sindikatuak egin duen kongresuan onarturiko ponentziak.

Steilas sindikatuaren exekutibo berria osatzen duten kideak.
Steilas sindikatuaren exekutibo berria osatzen duten kideak. (STEILAS)

«Publikoa, inklusiboa, feminista, euskalduna, ekosoziala eta kalitatezkoa» hezkuntza eredu baten alde egiten du Steilas sindikatuak egin duen kongresuan onartu duten ponentziak.

Sindikatuak azaldu duenez, «lau urteren ostean, ponentzia berritzea dagokigu. Horretarako, ikasturte osoan zehar prozesu parte-hartzaile bat abian jarri eta afiliatuen ekarpenak jaso ditugu. Ondo bidean, gaur bukatuko dugu prozesu hori, azken zuzenketak eztabaidatu ostean».

«Gure lan sindikalaren ildo estrategikoak definitu ditugu sektorez sektore. Eta bukatzeko, negoziazio kolektiborako irizpideak ezarri ditugu», gaineratu du Steilasek ponentzia azaltzeko orduan.

«Kongresu batetik bestera gertakari asko izan dira, pandemia bat tarteko. Lau urteko epean gertatutakoen balantzea egin genuen atzo: egoera soziopolitikoa, pribatizazioa, lan erreforma eta hezkuntza legeari dagozkion kontuak, besteak beste. Baita sindikatuaren ordezkaritza, afiliazioaren garapena eta balantze ekonomikoa ere», gaineratu dute.

Exekutibo berria

Honekin batera, Steilas sindikatuak exekutibo berria hautatu du. Kide hauek osatzen dute: Jone Gibelalde, Peio Salazar, Nagore Landa, Joakin Akarregi, Nagore Iturrioz, Ariane Alberdi, Diana Bruño eta Raul Lopez.

«Erronka handia daukagu aurrean: Nafarroako eta Erkidegoko gobernuak politika pribatizatzaileak ari dira aurrera eramaten eta aurrean izango gaituzte. Hezkuntza sektore desberdinetako langileen lan baldintzak defendatuko ditugu negoziazio kolektiboetan», adierazi dute.

150 kide bildu dira Steilasen kongresuan. Hauekin batera, 25 gonbidatu izan dituzte Herrialde Katalanetatik, Aragoitik eta Andaluziatik etorritakoak.