NAIZ

Urkullu Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentearekin bildu da Mediterraneoko uhartean

Iñigo Urkullu Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentearekin bildu da astelehen honetan. Bilera Korsikako Kolektibitatearen egoitzan egin da, Aiacciu hiriburuan, eta EAEko lehendakaria Mediterraneoko irlan egiten ari den bi eguneko bisita ofizialeko lehena da.

Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentearekin bildu da.
Iñigo Urkullu EAEko lehendakaria Gilles Simeoni Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentearekin bildu da. (IREKIA)

Iñigo Urkullu Araba, Bizkai eta Gipuzkoako lehendakaria Korsikan da, Marian Elorza Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiarekin eta Mikel Anton Europako Gaietarako zuzendariarekin batera. Bi eguneko egonaldia dute aurreikusia eta bisita ofizialaren egitarauaren barnean, Korsikako Kontseilu Exekutiboko presidentearekin, Gilles Simeonirekin bildu dira aurrena.

Bi presidenteen arteko hirugarren bilera izan da astelehen honetakoa. Aurreko biak Ajuria Enea Jauregian egin ziren 2019ko irailean eta 2020ko urtarrilean, pandemia baino bi hilabete lehenago.

Gilles Simenoni Korsikako abokatu penalista ospetsuenetako bat da. Kontseilu Betearazlearen presidentea da 2015etik. 2021eko ekaineko azken lurralde hauteskundeetan, Femu a Corsica bere alderdia bakarrik aurkeztu zen Fà Populu Inseme ekimen gisa, eta gehiengo osoa lortu zuen Korsikako Batzarrean.

Erakunde antolaketa propioa

Gaur egun, Korsikak erakunde antolaketa propioa du. Europako gainerako eskualde deszentralizatu gehienetakoarekin konpara daiteke, baita itsasoz haraindiko departamentu eta lurraldeetakoarekin ere.

Bere organo nagusiak ondokoak dira: Korsikako Batzarra, organo parlamentarioa; Korsikako Kontseilu Exekutiboa, organo exekutiboa; eta Korsikako Ekonomia, Gizarte eta Kultura Kontseilua, izaera aholku-emailea duena.

«Integrazio-proiektu batean aurrera»

Lakuako eta Korsikako gobernuek lankidetzaren bidean jarraitzeko borondatea agertu dute. «Korsikak eta Euskadik historian erakutsi dugu etorkizuneko erronkei aurre egiteko gaitasuna, sustrai historiko eta kulturalei eutsiz. Bi nazio gara, eta herritarren beharrei eta eskaerei erantzun nahi diegu, lankidetza espiritu batetik. Gure helburu partekatua Europa osatzen duten herrien aniztasunean oinarritutako integrazio-proiektu batean aurrera egitea da», adierazi du Urkulluk.

Joan den urteko apirilean bi exekutiboek sinatu zuten Ulermen Memoranduma aipatu du, Europar Batasunaren esparruan partekatutako hezkuntza, kultura, hizkuntza politika, diaspora, harreman eta proiektuetan ekimen bateratuak bultzatzeko asmoz.

Colonnaren heriotzaren ondotik

Iragan martxoan, Yvan Colonna presoaren heriotzaren ondoren izan ziren protestak baretzeko Barne ministro frantsesa, Gerald Darmanin, bertara joan zen eta Korsikaren estatus politikoaren inguruan hitz egiteko prest zegoela iragarri zuen, autonomia hitza ere aipatuz.

Data ere jarri zuen: «Hemendik 2022 amaierara prozesua azkartzea proposatzen dut, uhartearen eboluzio instituzionalerako nahi dugunaren inguruan ados jartzeko». Oraingoz ez da elkarrizketarik izan.