Arnaitz Gorriti
Kirol-erredaktorea, saskibaloian espezializatua / redactor deportivo, especialista de Baloncesto

Iraurgi, urrea eta sua LEB Ligan mantentzeko

Azpeitiko Udal Kiroldegiak hizketan baleki, Iraurgiri buruzko makina bat pasadizo kontatuko lituzke. Akaso politena, joan den maiatzaren 20an Palentziari 88-85 irabazita Urrezko LEB Ligan mantentzea lortu zuenekoa da.

Maier Lizaso, Iraurgiko presidentea, klubaren trofeoen atzean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)
Maier Lizaso, Iraurgiko presidentea, klubaren trofeoen atzean. (Jaizki Fontaneda | FOKU)

Azpeitiko Udal Kiroldegia 16.00etan zabaltzen da arratsaldeetan, eta astelehen arratsaldea izaki, 16.00ak pasatxoan ia arimarik ez dago bertan. Jose Luis Zubizarreta “Xubi” Iraurgi Saskibaloia klubeko arduraduna izan ezik. Handik gutxira, Maier Lizaso, klubeko presidentea, eta Ibon Guridi, Juaristi ISBko kapitaina, datoz. Kantxan ez da deus entzuten oraindik, argiak itzalita daude, baina oraindik egun gutxi lehenago Palentziaren aurkako partidan izandako burrunba sumatzen da.

«Orduko hura inoiz gutxi bizi daitekeen zerbait da», esan du Maier Lizasok. «Minutu baten faltan, markagailua 85na berdinduta, hutsartea amaitu eta kiroldegi guztia zutik txaloka... sekula ez nuen ikusi eta gogoratze hutsarekin oilo-ipurdia jartzen zait berriz», gaineratu du presidenteak.

Azken minutuan Pavel Savkov hegaleko errusiarrak –Saski Baskoniak lagata Azpeitian jokatu duten hiru gazteetako bat, Ondrej Hanzlik eskolta txekiar eta Sidy Cissoko antolatzaile frantsesarekin batera– sarturiko hirukoak 88-85koa lortuta garaipena eman zion Iraurgiri. Ofizialki 900 eserleku inguru dituen Azpeitiko kiroldegian bilduriko 1.500 zaleek kantxa hartu zuten, jokalariak besarkatuz eta jai ero bati hasiera emanez. «Egun hura [2022ko maiatzaren 20a] betirako gogoan geratuko da», esan du Guridik. Aurpegia babesteko maskara soinean, 21 puntu sartu zituen hegaleko azpeitiarrak.

«Gironan Zilarrezko LEB Kopa irabaztea handia izan zen, edo Zilarrezko LEB Liga irabaztea. Baina kontua ez da hori bakarrik. Azken partida horietan, berdin bi aste lehenago Gipuzkoa Basketen aurkako derbian, kiroldegia goraino betetzea eta zelako giroa sortu zen ikustea, nolako iskanbila... Kosta egin da, denboraldiak aurrera egin ahala jendea kiroldegira bueltatzen joatea. Jendeak zalantza asko izan ditu etortzeko, baina azkenean bertako jendea ez ezik, Gipuzkoa osotik gu ikustera etortzea ere lortu dugu, eta batez ere sekulako giroa sortu da kiroldegian azken partidetan. Hori Azpeitian ez da sarritan gertatu eta, jokalari bezala, hori etxean bizi izatea izugarria da benetan», gehitu du Guridik.

«Meriturik handiena hori da», esan du Lizasok. «Gure helburua ez zen maila mantentzea, eta lortu izan ez balitz ere, aizu, egindako lanaz harro geundeke, azken jardunaldiraino borrokan aritu garelako. Hala, jendearen erreakzioa ikaragarria izan da; nik ez dut, akaso eliteko kirola kenduta, jendearengan halako inplikaziorik eta ospakizunik ikusi, maila mantendu genuen egunekoaren adinakoa», adierazi du Iraurgiko presidenteak.

Talderik apalena

Ez da horren ezaguna 2017/18 denboraldian Iraurgik Urrezko LEB Ligan debuta egin zuela. «Aurreneko partida irabazi genuen, eta bost jardunaldi eta gero, 3-2ko balantzea geneukan», gogoratu du Guridik, talde hartan baitzen orduan ere. Alabaina, denboraldi hartan maila galdu zuten azpeitiarrek 12-22ko balantzearekin, eta Zilarrezko LEB Ligan izan dira 2020/21 denboraldian berriz igo ziren arte.

«Zilarrezko LEB Kopa irabazi genuen eta Liga ere bai! Baina aurten maila mantendu dugu etxean 11 partida irabazita! Nik ez dakit honek zenbat iraun dezakeen, baina bizitakoa bizitzea bera sekula ez ahaztekoa da», esan du kapitainak. «Aurten Urrezko LEB Ligara Kantabria igo da. Probintzietako hiriburuetako taldeak dira. Pentsatzea bakarrik beste urte bat halako taldeekin lehiatuko garela ikaragarria da», erantsi du hegaleko azpeitiarrak.

«Tira, ikusiko dugu, patrozinatzaile eta instituzioekin orain ari garelako hizketan», gogorarazi dio Maier Lizasok. «Txapelketako aurrekontu apalena dugu, alde handiarekin. Orotara 700.000 euroko aurrekontua du klubak, baina LEB Ligarako 400.000 euro; 200.000 euro inguru Emakumeen Challenge Ligako –bigarren mailako– taldearentzat, eta beste 100.000 euro inguru gainontzeko talde guztietarako, 23 talderentzat, Azkoiti, Azpeiti eta Zestoako –batik bat– 400 bat neska-mutikorekin lan egiteko, eta datorren denboraldira begira, sekulako aldaketa pila izan beharko ditugu».

«Dirua biltzen laguntzen digun mundu guztiari eskerrik asko esan behar diogu, bide batez», gogorarazi du Maier Lizasok. «Urrezko LEB Ligan inskribatzea 40.000 euro dira eta 150.000 euroko abal bat. Guretzat hori lortzea darabilgun aurrekontuarekin oso zaila da. Pandemiak patrozinatzaile guztiak, baita publikoak ere, dardarka laga zituen. Jende asko lanik gabe, ERTEak nonahi... eta gu, zer da kontua eta kirolerako dirua eskatzen joatea ez zen erosoa. Eta horrez gain, sarrerarik ezin saldu, babesle txiki askok halabeharrez babesa bertan behera utzi behar izan zuten... Egoera hain zen zaila... ia azkenera arte Urrezko LEB Ligan izena eman edo ez eman zalantza horiekin ibili behar izan genuen», ekarri du gogora Maier Lizasok.

 

Klubaren oihartzuna

Ia 50 urte dira Iraurgi sortu zela, baina 2000. urtea amaitu berritan, desagertzeko zorian izan zen. «Elkarte batean bilerak egin ziren eta han erabaki zen aurrera segitzea eta berriz ere klubari indarra eman behar zitzaiola», kontatu du Lizasok.

Saskibaloiak Gipuzkoan oihartzun gune iraunkor bat izan badu, neurri batean Azpeiti-Azkoiti ingurua izan da hori. Bere garaian San Sebastian Gipuzkoa Basket taldearekin lotura ere hitzartu zuen, nahiz eta azken urte hauetan garai bateko lotura hori ez dagoen indarrean.

«Harremanak oso onak dira, hala ere. Aitor Zubizarreta ‘Xubiren’ semea eta Xabi Oroz GBCko jokalariak bertakoak dira eta Xabi Beraza errenteriarra eta Lolo Encinas entrenatzailea ere bertatik pasa dira. Ondorioz, oso harreman estua mantentzen dugu Nacho Nuñezek gidatzen duen klubarekin», azpimarratu du presidenteak, jakinda «Donostiak elitean jartzen» duela begirada.

Iraurgiko txikien taldeetako koordinatzailea da eta hainbat talde entrenatzen ditu Guridik. Ez da jokalari profesionala, baina saskibaloitik bizi da.

«Nik entrenatzen ditudan txikiak zorionak ematen etorri zitzaizkidan kantxara jendeak salto egin zuenean, baina hori baino gehiago, hurrengo egunetan neska-mutikoak entrenatzen ikusteak gustua ematen zuen! Zezenak bezala ari ziren lanean!», azaldu du.

«Nik uste kategoria mantentzeko balio izan diguten azken partida horietan transmititu duela taldeak, jakinda zer den eta zer ez, Iraurgi bezalako klub baten alde apustu egiteak pena merezi duela», esan du Ibon Guridik. «Klubak, estrukturari dagokionez, hirugarren edo laugarren maila batetik gertuago beharko luke. Azken batean, Azkoiti eta Azpeiti herrietako klub bat gara, besterik gabe; Zilarrezko LEB Ligan dauden hainbat klubek baino dexente estruktura apalagoa daukagu, baina bigarren mailan gaude, hala gizonetan nola emakumeetan, kantxan irabazi dugulako. Hau bizitzea merezi izan dugulako».

Iraurgi Emakumeen Taldea 2015/16an gorenera eraman zuen «karanbola»

Sinistea kosta egiten bada ere, «derrigorrean gorenera igo behar izan zuen» Iraurgi emakumeen taldeak 2015/16 denboraldian. Maier Lizasok gogoan dauka, «papeleo kontuak zirela medio» gertatu zelako sinestea oso zaila egiten den karanbola hori.

Asko kostata, Iraurgik Emakumeen Ligako Bigarren Mailara igotzea lortu zuen 2015eko udan, baina Espainiako Saskibaloi Federazioak lekurik gabe laga zuen, kanona ordaintzeko denbora gehiago eman nahi ez ziolako. Bada, aurreko urtean bezalaxe, maila bat beherago jokatzeko prestatu zen Urola bailarako taldea.

Alabaina, Emakumeen Liga nagusian diru arazoak zirela medio, Caceres taldeak ezetz esan zion gorengo mailan izena emateari. Hala, Ligan parte hartzaile kopuru bikoitia izate aldera, federazioak aukera bat eskaini zion emakumeen taldeari. 70.000 euroko kanona ordaindu eta, kolpetik bi maila gora eginda, elitean jokatzera.

«Egoera erabat kafkiarra izan da, eta badakigu egurra egurraren gainean hartzea tokatuko zaigula, baina etorkizunerako lagungarri izango zaigula uste dut», irizten zion “Xubik” garai hartan hedabideetan egindako adierazpenetan.

Etxeko bederatzi jokalari gehi hiru atzerritarrekin jokatuz, lehiaketako azkenak izan ziren. Baina 20 porrot jarraian pilatu eta gero, 2016ko martxoaren 2an, azkenean iritsi zen gipuzkoarren aurreneko garaipena: 65-60 Ferrolen aurka. Hurrengo jardunaldian iritsi zen bigarrena eta azkena, Bierzon, Benbibreren aurka. Azken postua duintasunez eraman zuten.

IBON GURIDI, JUARISTI ISB-KO KAPITAINA:

«Aldagela honetan sartzeak berriz ere 18 banitu bezala sentitzen lagundu dit»

Iraurgik Urrezko LEB Ligan jokatu dituen partida guztietan lekua izan du, eta maila mantentzeko partidan, protagonismo berezia, maskara eta guzti. Baina Iraurgiren arrakasta «aldagela berezi bat» sortzea izan omen da, azpeitiarraren ustez.


Palentziari 21 puntu sartuta eta maskara eta guzti, heroi moduan sentitzeko ere!
Erasoari begiratuta, egia da laurden batean sekula ez dudala hainbeste sartu. Baina, bestetik, defentsan sekula ez dizkidate hainbeste saskiratze sartu orduan bezala. Sartu eta jaso, sartu eta jaso... ikusteko polita! (barrez). Sartzen dituzun bitartean besteaz jendea ahaztu egiten da.

Azken partida horretako garaipena mentalitate kontua zen, jokoa bera baino gehiago?

Pixka bat bai, baina beste era batera. Aurreko asteetan bagenekien maila mantentzea ez zegoela gure eskuetan. Iñaki Jimenez entrenatzaileak –ez du jarraituko datorren denboraldian, bere lekuan Mikel Odriozolak eramango du taldea– esan zigunari jarraitzea izan zen; alegia, ‘partida bakoitzean goza dezagun eta guk gureari ekin’, besterik gabe. Eta zer da kontua eta azken lau partidetatik hiru irabazi genituen eta Palentziaren aurkako partidan salbazioa gure esku egotera pasatzea lortu genuen.

Eta hori partida 13-24 galtzen hasita!

Aste osoan bazebilen herrian halako urduritasun puntu bat, salbatzea gure esku zegoelako, eta hasierako bostekoarekin partzial txarra jaso genuen. Gure artean esaten genuen ‘kontxo!, harmailak horrela ikusi, kantxara denak aurretik eraman behar genituela pentsatzen, eta orain hau’.
Harmailetan halako girorik Azpeitian ez da sarri ikusten, eta nik uste klubaren historiara pasako dela partida hau giroagatik; buelta eman genion, kantxara atera zen bakoitzak zerbait eman zuelako. Palentzia baten kontra! –ACB Ligara igotzeko Lauko Finalera sailkatuta dago uneotan–.

Kosta zen aurreneko garaipena lortzea, baina gero onenei irabazi diezue etxean.
2017/18 denboraldiko eskarmentua dela uste dut. Ordutik ikasi dugu gure garaipenak –13tik 11– etxean lortu behar genituela, batez ere. Aurkariek bazekiten Azpeitira etortzerako argi ibili beharra zutela gurekin. Azpeitia gotorleku bihurtu dugu.

Lehenengoa, Estudiantesen aurka.

Eta Estudiantesi irabazi aurretik, hasteko, Gironaren aurka puntu gutxiko partida izan zen eta eskarmentu falta nozitu genuen. Baina Lleidaren kontra, hiru minuturen faltan, zortzi puntuz irabazten ari ginen, eta buelta eman ziguten. Taldea lehiatzeko zegoela ikusten zen. Orduan, Estudiantesen aurka dena ematera atera ginen eta bigarren laurdeneko partzial bati esker aldea hartu eta gero eusten jakin genuen. Garaipen horrek kristoren “txutea” eman zigun denboraldiari begira. Eta, Valladolidek izan ezik, irabazi diguten besteek dena eman behar izan dute irabazteko. Gure zaleek esan dute gutaz ‘hauek txikiak dira, baina borrokalariak dira behintzat!’.

Ez dakit 2017/18an baino talde hobea ote zenuten...

Hasteko, iaz Zilarrezko LEB Ligatik igotako jende asko geunden eta bertako jendea: Manex [Ansorregi] azkoitiarra, Beñat [Hevia] donostiarra, Ierai [Aizpitarte] azpeitiarra ni bezala... Batzuk Iraurgitik sekula atera ez direnak, gehi jende gaztea Baskoniak lagatakoa edo Iñigo Royo gasteiztarra... Edo Kevin Buckingham, Zilarrezko LEB Ligan erreferentea zena eta aurten urte osoa min hartuta egonda azpeitiartu egin zaiguna bertan osatzea erabaki duelako. Talde langile bat ikusten zenuen, eta Iñaki Jimenez entrenatzailearen eskua ere hor oso garrantzitsua izan da.

Zertan izan du halako garrantzia?

Aldagela bateko giro ona eraiki egin behar da. Aldagelako giroa bikaina izan da eta giro hori sortzen lagundu du hiru urte hauetan. Aldagela horretan sartu eta berriz ere 18 urte nituela pentsatu izan dut, kanpoko arazoak albo batera lagatzen utzi didalako; oso eroso sentitu gara.

Hiru urte hauetan Iñakik lortu dituenak erakusten du zer nolako entrenatzailea den, eta egunero nolako lana egiten duen jokalari bakoitzaren nondik norakoak jakiten, kantxatik kanpoko kontuetan ere. Denok sentiarazi gaitu protagonista. Taldea hazi egin da, entrenatzaileak ere hazi dira eta, gainera, entrenatzaileak eta jokalariak elkarrekin hazi gara.