NAIZ

Joan Crespo eta Maialen Chourraut Munduko txapelketako finalerdietara sailkatu dira K1ean

Joan Crespo eta Maialen Chourraut larunbatean jokatuko diren finalerdietan izango dira. Munduko txapelketa ari dira jokatzen euskal piraguistak Augsburgon eta ostegun honetan K1 modalitateko sailkapen probak lehiatu dira. Crespok lehendabiziko saiakeran egin du aurrera; Chourrautek, bigarrengoan.

Joan Crespo donostiarra Augsburgoko kanalean lehiatzen.
Joan Crespo donostiarra Augsburgoko kanalean lehiatzen. (@BATBASQUETEAM)

Ostegun honetan K1 modalitateak hartu du protagonismo osoa Aubsburgon lehiatzen ari den Munduko txapelketan. Sailkapen probak jokatu dira, gizonezko zein emakumezkoetan, eta euskal ordezkari biek lortu dute finalerdietarako txartela: Joan Crespo eta Maialen Chourrautek, alegia.

Joan Crespok lehendabiziko saiakeran egin du aurrera, 91.59 segundoko denborarekin. Sailkapen faseko 22. denborarik onena egin du eta irabazleak baino 4 segundo gehiago behar izan ditu jaitsiera bukatzeko.

Donostiarra indartsu ikusi da jaitsiera bukatu berritan, «jaitsiera solidoa» egin duela iritzi du. Hasieran oso azkar «sentitu» dela eta azken ateetan «txanda ziurtatu» nahi izan duela onartu du. Finalerdietara sailkatzearekin pozik agertu da eta hurrengo helburua, finalera sailkatzea izango du, jakina. «Behin finalean egonda edozer gerta baitaiteke», dio. Nolanahi ere, lehendabizi larunbateko finalerdian jarriko du arreta azken bi Munduko txapelketetan brontzea eskuratu duen piraguistak (2019an, Seu d'Urgellen eta 2021ean, Bratislavan).

Maialen Chourrautek, berriz, bigarren saiakeran lortu du finalerdietarako txartela. Lasartearraren lehendabiziko txapelketa handia da otsailean ebakuntza egin ziotenetik, besoko mina sendatzeko. Taldekako modalitatean, asteazkenean, merituzko seigarren postua erdietsi zuen eta ostegun honetan finalerdietara lortutako sailkapenak ere badu meritorik.

Maialen Chourraut, sailkapen probako jaitsieran, Augsburgoko Munduko txapelketan. (@BATBASQUETEAM)

Lehendabizko jaitsieran 24. postuan bukatu du –lehendabiziko 20ek lortu dute zuzenean sailkapena– eta bigarrengoan, aurreneko denbora segundo batean hobetuz (104.17), bederatzigarren bukatu du; ozta-ozta lortu du, beraz, finalerdietarako txartela, guztira 30 piraguista egongo baitira finalerdietan.

Taldekako proba bukatu bezain laster adierazi zuen moduan, banakakoan «bere bertsiorik onena» aurkitzea du helburu eta poliki-poliki hobetzen joatea.

Hori bai, pozarren azaldu da finalerdietan sartu izana lortuta, hasiera batean hori bere helburuetatik at geratzen zen eta. «Finalerdietan sartzearekin oso pozik nago, oso harro atzo eta gaur egindakoarekin. Lehen jaitsieran gutxigatik sartu ez izanaren ondoren, anbizioak une txar batzuk pasa arazi dizkit, ze ikusi dut segundu bakarra behar nuela sartzeko eta bigarrenean estutu nahi nuen baina ez nuen horretarako margenik eta barne borroka moduko bat izan dut, azkenerako kudeatzen jakin dudana eta azkenerako, mugan izan bada ere, sartzeko moduko jaitsiera bat egitea lortu dut. Larunbatean zirkuitu berri bat izango dugu eta ilusioz niretzat slaloma gaur amaitu ez izanagatik».

Lasartearrak argi du oraindik asko falta zaiola bere mailarik onena berreskuratzeko eta aurkariek, aldiz, hegan egiten dutela, baina egunetik egunera hazten jarraitzeko ilusioa ez dio inork kendudko.

K1 modalitateko finalerdiak eta finalak larunbatean jokatuko dira. Bihar, ostirala, berriz, C1ean lehiatuko dira euskaldunak: Miren Lazkano, Klara Olazabal eta Ander Elosegiren txanda izango da. Igandean bukatuko da Munduko txapelketa C1eko finalerdi eta finalekin eta baita extreme modalitatearekin ere.