Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Batekada anitzak, diziplina eta heziketa motor dituztela

Profesionaltasunetik urrun eta horretan inoiz arreta jarri gabe, sofbolerako pasioak eraman du Orioko Bate Bizkorrak Espainiako goreneko mailan mantentzera. Ligan txapeldunorde izandakoak dira eta Europan ere aritu ziren. Igone eta Elena Etxeberria dira taldeko beteranoenak: gazteenen helduleku.

Orio Bate Bizkorrak taldeko catcherra –pilota jasotzen duena– eta bateatzaile bat entrenamendu saio batean.
Orio Bate Bizkorrak taldeko catcherra –pilota jasotzen duena– eta bateatzaile bat entrenamendu saio batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

«Ni sofbolean hasi nintzenean, Gipuzkoan bost talde zeuden soilik. Ordizian, Irunen, Orion... Donostian beste bizpahiru... Baina gauzak ez dira ondo egin, ez da ondo sustatu». Gaur egun, Orioko Bate Bizkorrak da goi-mailan lehiatzen den Euskal Herriko talde bakarra eta bertan jokatzen du Igone Etxeberriak 2006tik. Donostiarra izatez, Oriora mugitu zen bere hasierako taldean –ikastolan sortua– zenbaitek jokatzeari utzi ostean. Zalantza izan zuen Bate Bizkorrak edo Atletico San Sebastian aukeratu, baina oriotarren «giro familiarrak» gehiago erakarri zuen. Horretan oinarritzen baita Orioko Bate Bizkorrak: giro onean jardun, bizitzako beste hainbat esparrutarako diziplina ezarri, heziketarako helduleku izan... «Esaterako, ni medikua naiz eta Elena [Etxeberria, taldeko presidentea, entrenatzailea eta denetarik egiten duena] ama da. Bakoitzak bere bizitza dauka hemendik at eta hori sofbolarekin uztartzen dugula daukagu biok batera», kontatu du Igone Etxeberriak. Eta horixe helarazi nahi die taldeko gaztetxoenei, profesionaltasunerako asmo utopikoak albo batera utziz, «oso zaila baita. Eta gu hemen sofbola benetan gustatzen zaigulako gaudelako». «Balore horiek dira gure motorra», adierazi du.

Bate Bizkorrak taldean 14 urtetik gorako jokalariak daude, 40 urte pasatxora arteko langarekin. «Adinean pot-pourria» dagoela onartu du Elena Etxeberria presidenteak eta horrek ere ematen dio indarra taldeari. «Klubaren asmoa beti izan da etxekoekin jokatzea eta harrobiari arreta jartzea», onartu du oriotarrak. 2008an hartu zuen presidente kargua, «norbaitek hartu beharra zegoelako eta ni Oriokoa izanda, klubean hasieratik egonda... bada niri egokitu zitzaidan», kontatu du, garrantzia kendu nahian-edo. 1992an eratu zen taldea bere horretan, baina etorkizunean izango zuen ibilbidearen inguruan ziurgabetasuna zegoenez, Orioko Arraunketa Elkartearen barneko talde moduan hasi ziren, «estatutuak jada idatzita zituelako». Hamasei urte geroago, bide propioa eginda zeukala ikusita, elkarte moduan eratu zen. Eta ondoren iritsi ziren taldearen arrakasta guztiak. 2010ean, 2012an eta 2013an Espainiako ligako txapeldunorde geratu zen, baita Kopan ere 2010 eta 2012an. 2013an, gainera, Europako txapelketa jokatu zuten eta brontzezko dominarekin itzuli ziren etxera.

Zer da sofbola?

Azaldu dugu, bai, Orioko Bate Bizkorrak taldearen ibilbide oparoa, baina zer demontre da sofbola? Segur aski, batek baino gehiagok jada egin duzue galdera hori. Beisbolaren lege bertsuak ditu sofbolak, baina distantzia laburragoa da; batearen materiala ere ezberdina da –metalezkoa erabiltzen da sofbolean–, pilota jaurtitzaileak –“pitcherra”, alegia– aldakaren azpitik botatzen du, ez goitik, beisbolean bezala, eta pilotaren tamaina handiagoa da. «Horrek ez du esan nahi pilotak ez duenik minik ematen», ohartarazi du Igonek, oinean daukan ubeldura erakutsiz. Behin pilota ukituta, norbera ohartzen da baietz, oso gogorra dela eta beraz, izenak gordetzen duen «soft» hori ez dagoela inondik inora ere pilotaren benetako ezaugarrietan oinarrituta.

«Sofbola zer den azaltzeko askotan esaten da nesken beisbola dela, baina esan behar dugu hori okerra dela», diote irmo Igone eta Elenak. «Hain zuzen ere, gurekin aritzen den Uxua Modrego nafarra beisbolean hasi zen, baina adin jakin batera iritsitakoan, beisbolean jarraitu ezingo zuela esan zioten. Ondorioz, gure taldera etorri zen eta ordutik, harrapatuta dago sofbolarekin», azaldu du presidenteak. Hain harrapatuta dago, non beka baten bitartez AEBtako Unibertsitate ligan jokatzen duen eta beraz, «erdi profesionala» den. «Hango liga bukatutakoan, gurera etorriko da», gehitu du Igonek.

Orioko Bate Bizkorrak taldeko jokalari batzuk, astean zehar Orion entrenatzen dutenak. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Entrenamenduan ari direla ematen dituzte azalpenak, handik eta hemendik, batekada zein pilotakadei adi daudela. Astean zehar Orio eta inguruko taldekideekin entrenatzen dute –bina ordu astearte eta ostegunetan– eta taldekide guztiak larunbateko lan-saioan elkartzen dira. Iruñea, Bilbo eta Santanderreko jokalariekin osatzen dute taldea, horiek ere aspalditik taldean dabiltzala. «Nik jokatzeagatik ordaindu egiten dut; sailkapenaren goialdean daudenek ordainsaria –txikia bada ere– jasotzen dute. Hor dago koska, eta horrela behar du izan», dio Igone Etxeberriak. Euskal Herri mailan Ane Barandiaran ordiziarra dago punta-puntan, Rivas taldean, eta Espainiako selekzioarekin. Orio Bate Bizkorrak taldean aritua da, herriko taldea desagertu zenean. Atletico San Sebastian taldea ere desagertu egin zen, 2019an, nazioarte mailan goia jo zuenean, Europako txapelketa irabazita.

Aipatu legez, medikua da Igone; traumatologoa, Donostiako ospitalean. «Sekula ez dut partida bat ere galdu: soilik BAME (barneko mediku egoiliar) azterketa prestatzen ari nintzenean utzi nuen, behin-behinean, taldea (2015eko abuztutik 2016ko urtarrilera, txapelketarik gabeko epean), baina behin azterketa eginda, segituan batu nintzen taldera». Elenak berretsi du donostiarraren adierazpena: behin baino gehiagotan 24 orduko guardia eginda, gaupasa eginda, jokatu duelako. Eta horixe helarazi nahi die gaztetxoenei: esfortzu hori, diziplina hori, bizitzako hainbat alorretarako baliagarri izango zaielakoan.

Harrobia

Sara Loidik, 15 urte eskasekin, taldean protagonismoa hartu du taldekide baten haurdunaldiaren ondotik. «Iaz ezer ez jokatzetik, aurten dena jokatu du eta badakizu horrek zer suposatzen duen berarentzat?», dio Elenak. Loidik, hain zuzen ere, poza adierazi du, lotsa apur batekin. Lagun baten gomendioz batu zen taldera eta urte luzez «jarraitzeko gogoz» dagoela onartu du. Madril, Bartzelona edo Galiziarako bidaia asko etxeko lanak egiten eta azterketak prestatzen ematen dituzte, eta egoera hori aurrez bizi izan zuten Igone eta Elena dira haien helduleku nagusiak.

«Gazteei aukera asko ematen» zaiela berresten duen adibide garbia da Loidirena eta hori harrobiarentzat hauspoa dela dio Elenak. Era berean, nabarmendu nahi dute edozeinek joka dezakeela, edozein gorpuzkera daukan pertsonak eta gainera, taldeko kirolaren esentzia eta indibiduala uztartzen ditu. «Bateatzen ari zarenean zure unea da: taldekide guztiak dituzu animatzen eta agian hori, hasiberrientzat, erakargarria izan daiteke», azaldu du Igonek. Bera pitcherra da eta defentsako lanean talde-lana garrantzitsua den arren, «pitcherrik gabe ez dago jokorik».

Igone Etxeberria pitcher-a, pilota jaurtitzailea. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Atzokoan, denboraldi honetan azken aldiz, jaurti zuen pilota Igone Etxeberriak. 2022ko sasoia ondo hasi baina erdipurdi bukatu dutela nabarmendu du eta azkenean, liga garaikurra borrokatzeko play-offetatik eta Kopatik at geratu dira. Dena dela, zelaian disfrutatzen jarraitzen dute. Taldea sortu zenetik 20 urte bete dira aurten eta sasoi batzuetan taldea ateratzea beste batzuetan baino zailagoa izaten den arren, jarraitutasun handia aurreikusten zaio Orioko Bate Bizkorrak taldeari. Harrobitik hasita, batekada anitzak sumatzen baitira Mendibeltz sofbol zelaian.

Euskal Selekzioaren ikurra nazioartean barreiatzen eta talde onenekin lehiatzen

Kanadara, Kubara bi aldiz... Euskal Selekzioaren ikurra nazioartean barreiatu dute sofbolaren bitartez. Onenekin lehiatu dira txapelketa horietan eta harro mintzatu da Igone Etxeberria, gaur egungo kapitaina. «Badakizu zer den, bozgorailuetatik entzutea `Kanada versus Basque Country`, beteta dagoen estadio batean?», dio, hitzez erantzun ezin daitekeen galdera horietako bat formulatuz.

AEBak, Txina, Japonia, Kuba, Kanada... selekzio horiek profesionalak dira eta haien aurka jokatu izan dute Euskal Selekzioaren izenean. Betiere, ofizialak ez ziren txapelketetan. Hala ere, esperientzia batu eta Euskal Herriaren kokapena barreiatzeko balio izan die. Baita lehendabiziko autografoak sinatzeko ere, Igonek gogorarazi duen bezala: Kuban izan zen.
Kuban, hain zuzen ere, kirol izarra da sofbola eta selekzioan dabiltzan jokalariak «Estatuko funtzionarioak» dira. Horregatik, jokalari askoren jomuga izaten da selekziora iristea.

Aurtengoan euskal lurretan jokatu dute “Basque Country International Cup” txapelketa eta Txile izan zen garailea. Herrialde horretan ere aipatu kirola sustatzen dabiltzala igartzen dela esan du Etxeberriak. Euskaldunek laugarren bukatu zuten. Txile txapeldunari irabazi, bai, baina Frantzia eta Ukrainaren aurka galdu zuten, baita hirugarren postuagatiko lehia ere.

Dena dela, badago txapelketa ofizial bat non Euskal Selekzioa berme guztiekin lehiatzen den. Eta 35 urtetik gorakoen Europako txapelketa da hori. Bertan aritzen da Elena Etxeberria eta lehiatu soilik ez dominak ere irabazten dituzte: «Aurten hirugarren postuan bukatu dugu eta aurrekoan, zilarrezko domina irabazi genuen». Ohorezko Mailako partidetan eta Euskal Selekzioan ez ezik, bestelako txapelketetan ere parte hartzen dute: Euroeskualdekoan, esaterako.