Iraitz Mateo

Gamazadak Donostian utzitako orbaina, ezezaguna den altxamendua

Sagastaren aurkako herri altxamenduek Gamazada izena hartu zuten, foruen azken hondarrak murrizteko arriskua ikusi baitzuten herritarrek: kontzertu ekonomikoa ezabatzekoa. Donostian ere izan ziren protesta eta istiluak; hiru hildako, hamarnaka zauritu eta atxilotu izan ziren.

Gamazada Donostian, ‘Gernikako Arbola’ kantari Bulebarrean.
Gamazada Donostian, ‘Gernikako Arbola’ kantari Bulebarrean. (NAIZ)

1893ko abuztu amaierako azken egunak ziren Donostian. Aste Nagusiaren osteko giro udatiarrak oraindik bizirik jarraitzen zuen hiriburuan, batzuentzat opor giroa zen nagusi. Beste batzuek, ordea, abuztu amaierako istilu eta altxamenduak izango dituzte gogoan. Batez ere indarra Nafarroan hartu zuen Gamazada herri altxamenduak, eta ezezagunagoa izan bada ere, Donostian ere utzi zuen orbainik matxinada hark: hiru hildako eta soinu banda bat: Bixente Urzelai, Rufino Azpiazu, Justo Perez eta Gernikako Arbola.

Giro nahasia zegoen Euskal Herrian 1893an, krisi ekonomikoa gogor jotzen ari zen ordurako eta maiatzean Hego Euskal Herriko autonomia ekonomikoa murrizten zuen legea arautu zuen German Gamazo Ogasun Ministroak, dekretu baten bidez, foruen azken hondarra zen kontzertu ekonomikoa murriztu baitzuen. Espainia osoan hasi ziren protestak, baina Euskal Herrian berezitasun propioa hartu zuten: foruen aldeko aldarri bihurtu ziren.

Testuinguru horretan, ekainean, EAJ-PNVren jaiotza-agiritzat jo ohi den Larrazabalgo hitzaldia egin zuen Sabino Aranak; ikurrinaren sorrera ere garai bertsuan kokatzen da baita Sanrokada ere, Espainiako banderari publikoan lehendabiziko aldiz su eman zitzaion eguna. Esan daiteke, beraz, XIX. mendeko foruzaletasunaren eta abertzaletasun modernoaren «zubi» izan zela garai hura. Eta horren adierazle dela «Gamazada». Izena Gamazo ministroak hartutako erabakitik datorkio, eta  Sagastaren aurkako matxinada izan zen.

Nafarroako gertakariak dira Gamazadaren ezagunenak; izan ere, bertan egin zituzten mobilizazio jendetsuek izan zuten oihartzun handiena; bertako agintari eta herritarrek Madrilera egindako protestak oso jendetsuak izan ziren, eta egun Sarasate pasealekuan leku hartzen duen Foruen Oroigarria ere mugimendu honi zor zaio. Donostian ere izan zuen eraginik, ordea. Martin Anso kazetariak azaltzen duenez, Donostia ere izan zen «interes ezberdinen jolaleku, eta horrek, nahitaez, konfliktoak sortu ditu».

Abuztuaren 27a, igandea

Miramar Jauregia oraindik guztiz amaitu gabea bazegoen ere, Maria Cristina erregina eta errege familia jada bertara lekualdatuak ziren uda pasatzeko asmoz. Praxedes Mateo Sagasta gobernuburua ere Donostian zen; Londres hotelean hartu zuen ostatu. Orduko hotelak ez zuen egungo kokalekua, Hiribidean zegoen; egun Hondarribia, San Martzial eta Getaria kaleek mugatzen duten orubean.

Hiriaren erdialdean, jai giroa zen nagusi festak amaituta bazeuden ere. Alderdi Ederreko kasinoa jendez lepo zegoen, Atotxako plazan zezenketak zeuden, eta Udal Bandaren emanaldia Bulebarreko kioskoan. Bandaren kontzertua amaitutakoan, lagun talde bat hurbildu zen eta Iparragirreren ‘Gernikako Arbola’ jotzeko eskatu zieten; erantzuna irmoa izan zen: alkateak errepertoriotik kanpo zegoen abestiak jotzea debekatu ziela. Bandarik gabe, baina herritarrak kantuan hasi ziren.

Tiro hots batek nahasi zuen giroa. Ziurrenik suziri baten soinua izango zela uste du Ansok, baina serenoak (orduko udaltzainak), kioskora hurbildu eta norbait atxilotu nahian hasi ziren. Jendeak kantari jarraitzen zuen, eta gero eta giro nahasiagoa zenean oihuak hasi ziren: «Gora Foruak! Goazen Sagastaren etxera!». Manifestazio bat abiatu zen Londres hotelerantz, Errepublikaren aldeko oihu, ‘Marseillesa’ eta ‘Gernikako Arbola’ kantatuz eta Foruen aldeko aldarrien artean.

Londres hotelera iritsitakoan, barrura sartzen ahalegindu ziren, baina ez zuten lortu, poliziek eragotzi baitzieten, eta orduan harrika hasi ziren protestan zeudenak. Ansok kontatzen du garaiko egunkariek jasotakoaren arabera kristal guztiak puskatu zituztela, eraikineko leihoak biluzik utzi zituztela, eta barnealdeakoak babesik gabe. Poliziak babesten zituen ordea, eta ustekabean hoteleko atzeko atetik 30 Guardia Zibil sartu eta abisurik eman gabe tiroka hasi ziren.

Hiru hildako egon ziren tiroketa haren ondorioz: Rufino Azpiazu, Justo Perez eta Bixente Urzelai. Lehena kalean bertan hil zela uste da, tiroen ondorioz, eta beste biak Manteoko erietxean. Perez Beasaingo tren geltokiko langilea zen, eta Urzelai Mallorquina opil dendako gozogilea. Azpiazuren lanbidearen berririk ez dago, Ansoren arabera.

Hildakoez gain, 50 bat atxilotu eta hamarnaka zauritu izan ziren istiluetan. Manteoko ospitaleko erregistroaren arabera, protestan zeudenak zein poliziak izan ziren artatuak, gehienak zauri arinekin.

Gamazada Donostian, abuztuaren 27ko istiluak. (NAIZ)

Abuztuak 28, astelehena

Biharamunean Donostia goibel esnatu zen, herri haserrearen isla izan zen eguna aurrera joan ahala sortutako istiluak. Gobernadoreak ere urduri esnatu zirela pentsa zitekeen, izan ere Sagastak armen salmenta debekatu zuen, eta Madrilekin telegrafo bidezko komunikazio guztiak zentsurapean jarri. Donostiako alkateak, ordea, ez zuen Udal Bandaren kontzertua bertan behera utzi. Eta musika hotsek Bulebarra hartutakoan herritarrak hurbildu ziren, hildakoekiko «dolua» zela eta banda isilaraztera. Kantu eta kantari ofizialak isilarazi bazituzten ere, ‘Gernikako Arbola’, ordurako jada gertakarien borroka-kantu bihurtzen ari zena, abestu zuten herritarrek.

Kasinora eta antzokira ere joan ziren, bertako festa bertan behera uzteko asmoz, eta bidean batutako herritarrekin batera mobilizazio bat osatuz joan ziren Gipuzkoa plazara, Gobernu Zibilari atxilotuen askatasuna eskatzera. Baina herritarren askatasunik lortu ez, eta atxiloketa gehiago izan ziren, Guardia Zibila zaldian agertu baitzen.

Abuztuak 29 eta 30, asteartea eta asteazkena

Kalean jende gutxi zebilen, paisanozko poliziak izango ziren gehienak. Aurreko egunetako istiluetan parte hartu zutenen bila, Alde Zaharreko kale kantoi eta izkina guztietan ezkutatuta egon zitezkeen herritarren bila. Balkoietatik protesta eta askatasun oihuak entzuten ziren hala ere. Atxiloketa gehiago izan ziren, eta Espainiako Gobernuaren «indar erakustaldia» izan zen Ansoren ustez. Giroan zegoen tentsioak ezaugarritu zuen asteartea.

Asteazkenean, aldiz, Donostiako alkateak herritarrekin batzarra deitu zuen. Jendetsua izan zen garaiko prentsak jasotakoaren arabera, eta parte-hartzaileek gauza asko aurpegiratu omen zizkioten elkarri. Baina zenbait adostasunen bidetik, konpromiso batzuk hartu zituzten: Gobernadoreari soldaduak eta guardiak erretiratzeko eskatzea; bileran bertan sortutako batzorde batek bere gain hartu zuen Donostiako kaleetan «ordena publikoa» mantentzeko konpromisoa; eta istiluen aurkako manifestazio bat antolatzea Bulebarrean, amaieran ‘Gernikako Arbola’ kantatuta,

Milaka herritar batu ziren mobilizazioan, eta adostu bezala ‘Gernikako Arbola’ abestu zuten. Kasu honetan ez behin, hirutan baizik. Gero eta indar handiagoa ari zen hartzen herritarren kantu-hotsa.

Hurrengo egunetan, giroa lasaitzen joan zen Donostian, eta Euskal Herriko hainbat txokotatik elkartasun mezuz beteriko mobilizazioak egin ziren. Donostiako Udal Bandak ere behin eta berriz jo zuen ondorengo egunetan ‘Gernikako Arbola’, hildakoen «oroimenez-edo».

Itzalpean jazotako gertakariak

Nafarroako Gamazadak izan zuen garaian oihartzunik handiena, eta ia oharkabean pasa izan dira Donostiako gertakariak. Anso kazetariaren ustez, «1813ko erreketa eta 1936ko gerra bitarteko Donostiaren historia, erakutsi digutena, historia edulkoratu eta interesatu samarra da».

Donostiako Gamazadaren mendeurrenean, duela 30 urte, Donostiako hainbat herritarrek orduko gertakariak gogoratu nahi izan zituzten eta horretarako Bulebarreko Kioskoan oroigarri bat jarri zuten hildako hiru lagunen izenekin. Baina Donostiako Udalak pare bat egunen buruan kentzera behartu zituen, horretarako baimenik ez zutela argudiatuta.

2023ko udan beteko dira 130 urte Donostian izan zen altxamendutik, eta ikasturte honetan zehar hainbat ekimen jarri nahi dira martxan. Batetik, urteurrenaren egunerako herri ekimenez omenaldi bat antolatu nahi da. Eta bestetik, Donostiako EH Bilduk aitortza instituzionala sustatzeko bi ekimen proposatuko dizkio Udalari: batetik, ‘Gernikako Arbola’ abestia berariaz aipatuko duen oroigarri bat jartzea Bulebarreko kioskoan, eta, bestetik, Londres hotel zaharra zegoen lekuan hildako hiru herritarren izenak jasoko dituen oroigarri bat jartzea.

Gamazadaren 130. urteurrenaren harira Donostiako udalean egindako agerraldia. (Gorka Rubio/ FOKU)