Begoña Fernandez (Efe)

Minbizidun pertsonen salaketa: «Banku eta aseguruek ateak ixten dizkigute»

Minbizia edukitzea edo eritasuna atzean utzi izana bera traba ia gaindiezina da mailegu bat eskuratzeko orduan. Gaur egun, Estatu espainiarra, Islandia eta Malta dira banku eta aseguruek paziente onkologikoak baztertzea ekiditeko legerik ez duten bakarrak.

Bularreko minbiziaren aurkako elkartasun lasterketa, Donostian, 2018an.
Bularreko minbiziaren aurkako elkartasun lasterketa, Donostian, 2018an. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

Minbizia izateak edo gaixotasuna pasatu izanak oztopoz betetzen du hipoteka edo kreditu bat eskuratzeko bidea. Eritasuna «ahazteko eskubidea» Europar Batasun osoan bete beharko da 2025a baino lehen. Momentuz, banku eta aseguru etxeek paziente onkologikoak baztertzea ekiditeko legerik ez duten bakarrak Estatu espainiarra, Islandia eta Malta dira.

Legeak egiteko erlojuaren aurkako bide honetan, Minbiziadun Haurren Gurasoen Federazio Espainiarra (FEPNC) datuak biltzen ari da barne hartzen dituen 23 elkarteekin, gaixotasun hau duten edo izan duten lagunen esperientzia beren ahotik aditzeko.

Inma Escrichek 52 urte ditu eta duela sei urtetik bularreko minbizia du. Eritasun hori dutenen elkarte espainiarreko (AEACAP) presidenteordea da. Efe agentziari kontatu dionez, maileguaren baldintza zen bizi asegururako banketxeak «ez gai» bezala sailkatu zuen galdetegian bere gaixotasunaren berri eman eta gero.

«Bankuak ez du idatziz jarri», esplikatu du Inmak, baina bere kasuan beste entitate batera joatea eta bere historiala gordetzea gomendatu zion, mailegua lortu nahi bazuen. Soluzio hori ez zen baliagarria izan berarentzat, baina, dioenez, paziente aunitzek onartzen dute.

Alfonsok linfoma eduki zuen, eta kreditua eskatzeko eritasuna ezkutatu behar izan zuen. Kredituarekin soilik ez, hipoteka eskatzerakoan ere bankuak diru kantitate eskasa eskaintzen zion, baina arrazoirik eman gabe, «bere burua babesteko»  

Eritasuna gainditzen ari dela, adierazi du minbizia duzula edo izan duzula erraten baduzu «sistema blokeatu» egiten dela eta aukera bakarra ukatzea dela.

Aintzat har ditzaten eskatzen dute

«Kontuan har gaitzatela», horixe 30 urteko Yaiza Cumellesen galdea. Berak ere linfoma izan zuen. Cumellesek ez du planteatzen ere mailegurik eskatzea eritasuna gibelean utzi duen arren. Eferi agertu dionez, gaizki sentitzen da aseguru etxe batek balizko bezerotzat hartzen duenean telefonoz, baina bere osasun historia jakitean deia mozten dionean.

Cumelles makillatzailea da ikasketaz, eta badaki enpresa ugarik ez diela lanik ematen minbizia pasatu duten pertsonei. Azken enpleguan bi urte eman zituen: hiru hilabeteko baja hartu zuenean kanporatu zuten.

Eduard Garcia-Luengok 43 urte ditu eta leuzemia izan zuen. Bera ere saiatu zen hipoteka eskatzen. Bankuak jakinarazi zion abal-emaile bat aurkezten bazuen bakarrik izan zezakeela aukera. Aseguru etxeen atea jo zuenean okerrago izan zen: ez zuten minbiziarekin edo honen ondorioekin lotutako deusetan babestu.

Angeles Marin 55 urteko herritarrak biriketako minbizia du orain dela 13 hilabetetik. Jada baztertu du inongo finantza produktu galdegitea, ateak itxita dituela jakitun.

Pazienteek zein eritasuna gainditu dutenek jasaten dituzte oztopo hauek guztiak, baita umetan gaixotu eta etapa hura aspaldi atzean utzi zutenek ere.

«Ahazteko eskubidea»

Juan Antonio Roca FEPNC Minbiziadun Haurren Gurasoen Federazioko lehendakaria da. Europako Parlamentuak 2022an onartu zuen ebazpen bati heldu nahi dio. Honek dioenez, aseguru eta bankuek ez dute minbiziadun lagunen osasun historia kontuan izan behar.

Gainera, 2025ean estatu guztiek paziente guztien «ahazteko eskubidea» bermatzea eskatzen du «tratamendua amaitu eta hamar urtera, edo bost urtera ere bai diagnostikoa adin txikikoak zirela egin zieten pertsonen kasuan».

Rocak pena sentitzen du Estatu espainiarrean «ez dela ezer egin eta legegileak erabat geldirik segitzen duela» ikustean. Ohartarazi du entitateek ez dutela bereizten eta «kaxoi berean sartzen» dituztela eritasuna gainditu dutenak eta tratamendu aktiboan dauden pazienteak.

%83k arazoak dituzte bizi asegurua kontratatzeko

Josep Carreras Fundazioak ikerketa bat egin zuen leuzemia akutua edo linfoma agresiboa duten eta 18 eta 35 urte bitartean dituzten 400 pazienterekin. Horietako gehienek (%83) aitortu dute zailtasunak izan dituztela bizi aseguru bat kontratatzeko eta, hori eginda, mailegu bat eskuratzeko. %70ek trabak izan dituzte heriotza asegurua eskatzerakoan.

Fundazio honetan Pazientearen Esperientzia izeneko programaz arduratzen da Alexandra Carpentier. Azaldu duenez, bankuko produktu gehienak bizi aseguru bati lotuta doaz eta hura ukatzen bada mailegurako aukera ere galtzen da.

Azterketan azpimarratzen denez, lege espainiarrak hipoteka edo mailegu bat eskatzeko bizi asegurua kontratatzeko betebeharrik ezartzen ez badu ere, entitate askok ordaintzeko berme gisa exijitzen dute.

Minbiziaren Kontrako Elkarte Espainiarreko gizarte langilea da Damian Castañeda. Berak ere onartzen du paziente hauek beren bizi proiektuarekin jarraitzeko arazoak dituztela. Bankako Elkarte Espainiarreko (AEB) iturriek, berriz, ez zutela arazo honen berri ziurtatu diote Eferi. Edozein kasutan, entitate bakoitzari dagokion kontua dela eta merkatal esparruaren eta bezeroekin duten kontaktuaren barruan dagoela azaldu dute.