‘Txitxarroa eta atuna’, hitzekin jolasean jarri dira Jabier Muguruza eta Leire Bilbao

Barruan dugun umeari atera irekitzeko gonbidapena da ‘Txitxarroa eta atuna’ diskoa. Onomatopeiak eta sonoritateak nagusi dira Leire Bilbaok Jabier Muguruzarentzat sortu dituen hamar kantuetan. Nieves Arillaren ahotsa lagun, bizitzaren gauza handiei eta txikiei sormenetik heldu diete egileek.

Leire Bilbao eta Jabier Muguruza, diskoan parte hartu duten musikariez lagunduta gaur, Donostian.
Leire Bilbao eta Jabier Muguruza, diskoan parte hartu duten musikariez lagunduta gaur, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Gauza batek ez du bestearekin zerikusirik, baina Shakira musikariaren eta Pique futbolariaren arteko harremana eten zenean sortu zen zalapartak piztu zuen hausnarketa Jabier Muguruzaren baitan. Bien artean zerion gorrotoak, modu ezin publikoagoan gainera, kokatuarazi zuen jendea alde batean edo bestean. Gutxik, ordea, uste du pentsatu zutela bikote ohiaren semeetan. Haien ongizatean, haien balizko sufrimenduan edo sentimenduetan.

«Hala, izan nintzen umeari buruz jarri nintzen hausnartzen», kontatu du asteazken honetan Muguruzak berak. ‘Txitxarroa eta atuna’ disko berria eskuartean zuela, bere buruari egin zion galdera konpartitu du. «Jabier izeneko ume hark zer desiratzen zuen? Gaur nagusitzen den ideologiari jarraituz, argi dago: askatasuna. Baina memoria egiten hasi naiz eta ez ba. Nik ez nuen askatasunik bilatzen, nik besteen arreta nahi nuen, batez ere gurasoena. Adibidez arreta eta goxotasuna triste sentitzen nintzenean, arreta eta konpainia beldurrez nengoenean, arreta eta kezka bizitzan galdu eta kokatu ezinik sentitzen nintzenean. Bai, bai, tristura, beldurra, kokapen falta, amorrua, zeloak, inbidiak eta abar, horiek guztiak sentitzen nituen nik ere. Izan ere, haurtzaro zoriontsuaren mitoa, mito hori gezur handi bat da. Ume hauskorra nintzen, ume guztien antzera, eta helduleku bat bilatzen nuen, ez askatasuna», aitortu du.

Guk inguruan ditugun umeei erreparatuz gero, konturatuko gara gauza bertsuak edo oso antzekoak desiratzen dituztela. Zuk zeuk ere egin aproba. Zer desiratzen zenuen? «Gurasoek gauza onak ematea», esan du musikariak. Ez dira gauza materialak, jakina, horiek «ezer gutxi balio dutelako». Jabier Muguruza beste gauza batzuez ari da. Kiko Veneno parafraseatu du: «La cosa buena».

Horregatik, ez da kasualitatea bere ibilbide artistikoa umeei eskainitako sormenari lotuta egotea. Bizi du. Ez dio inoiz ume izateari utzi. «Mara Mara disketxea haurrei opariak egiteko sortu nuen. Ez dira opari materialak, musikaz eta hitzez egindako opariak baizik. Ze beste osagai sartzen da opari hauetan? Maitasuna, konplizitatea, jostaketa, babesa, askatasuna, lagun egitea, arreta goxoa, eta jakina, maila profesional handia», adierazi du aurkeztu duen diskoaz.

Leire Bilbao idazleak jarri ditu hitzak, «jostalariak, bihurriak, ederrak», aurreratu du. Eta musikaz arduratu dira Mikel Azpiroz, Jean Marie Ecay eta Karlos Arancegui. Jabier Muguruzak ahotsetan bidelagun izan du berriz ere Nieves Arilla, eta ilustrazioarentzat errepikatu du azken urteetako elkarlana Pedro Balmasedarekin.

Emozioak onomatopeiez jantziak

Idazlea gustora sentitu da onomatopeiaz eta hitz jolasez jositako itsaso hauetan. Ziur agertu da «umeek literaturarekin duten lehen kontaktua poesiarekin dela eta horrek ahozkotasunarekin lotura estua du, horrenbestez musikarekin», adierazi du.

«Bat etxean dago bakarrik, eta idazten du poema bat. Niretzat poemak belarriekin irakurri behar dira eta belarriekin kontatu. Badauka norberarentzat doinu bat, musikalitate bat, eta bapatean kapitaina (Jabier Muguruza) eta eskifaia (lantaldea) etortzen dira eta beste dimentsio bat ematen diote. Txitxarroa eta atuna direnez, urontzian dagoen arraina itsasora bota duzue eta libre utzi duzue. Horrela sentitzen dut poesia kantu bihurtzen denean».

Diskoa hamar kantuk osatzen dute, eta askotariko gaiak plazaratzen dira. Txitxarroa arro arroa da, eta atuna tuntun hutsa. «Poztasuna dago baina tragedia ere, eta hori kontatu behar zaie, umeei hitzegin behar zaie bizitzaz, maitemintzeaz, heriotzaz, bizitzako arrokeriaz eta tuntunkeriaz, txitxarro eta atunen agertzen den bezala».

Badago ‘Aszenzoro’ bat, igogailu bat loro bihurtzen dena, badago hontza, dela aitzakia hitzegiteko beldurraz eta nola elikatu egiten den; badago ‘Karramarro kakanarroa’, hondartzan zer den txikia eta zer den handia izateaz konturatuko dena; ‘Kilkerraren gau kantua’, denok badugulako bihotzean kilker bat kri-kri egiten duena.

Elementu atmosferikoak daude diskoan. ‘Nola edan euria’ kantua bada adibidea. «Badirudi euriak busti egin behar gaituela, baina guk ere edan dezakegu euria. Metaforaz, onomatopeiaz, jolasez beteriko testuak dira. Kukua ere erloju bihurtzen du, ari gara estresaz eta denboraz, nola bizi garen korrika eta presaka. Lotara joateko kantutxoan azkenik ardiak hodei bihurtzen dira».

Politikoki zuzenak diren gauzak gorrotatzen dituela aitortu du Muguruzak, eta umeei gauzez mintzatzeko ere hortik ateratzea komeni dela uste du. «Haur literaturan ere hala egin behar dugula dirudi. Badira irakatsi behar direnak eta sormenetik egin daiteke. Zeren errealitatea askoz zabalagoa da, ezin diegu eman ikuspegi hain estua eta zuzena», adierazi du bestetik Bilbaok. «Niretzat literatura da aske sentitzen naizen lekua, eta hor ez bagaude aske, zertarako egingo dugu literatura? Musikarekin beste hainbeste».

Esanahiaz harago, Muguruzak haurren betaurrekoak jantzi ditu, esateko esanahia ez dela hain inportantea, modu hain konszientean. Onomatopeien eta musikalitatearen aldekoa da, hori indartzekoa. Horregatik, instrumentalizazioa ere ezinbesteko elementua da disko honetan ere. ‘Oker (txakurra da)’ (2020) Iñaki Irazuren hitzekin eta ‘Dodoa’ (2021) Iñigo Astizen letrekin ondutako azken lanei segida emanez, ‘Txitxarroa eta atuna’-rekin barruan dugun umeari ateak zabaldu zaizkio berriro.