Nerea Lauzirika

Euskaraz ikasteko eskubidea aldarrikatu dute Hego Euskal Herriko hiriburuetan

‘Hezkuntza euskaraz izango da!’ lelopean, Bilbo, Donostia, Gasteiz eta Iruñeko kaleak hartu dituzte ikasleek. Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta unibertsitate campusetako euskara taldeek deitu dituzte mobilizazioak. Antolakuntzaren arabera milaka ikaslek bat egin dute protestekin.

Bilbon manifestazioa egin dute Jesusen Bihotzetik Arriaga aurrera.
Bilbon manifestazioa egin dute Jesusen Bihotzetik Arriaga aurrera. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Eguerdiko 12.00etan abiatu dira manifestazioak Hego Euskal Herriko hiriburuetan, Bilbokoa Jesusen Bihotzetik, Donostiakoa Bulebarretik, Gasteizkoa Elurretatik eta Iruñekoa Antoniuttitik. ‘Hezkuntza euskaraz izango da!’ lelopean, euskaraz ikasteko eskubidearen alde egin dute protesta, Gazte Euskaltzaleen Sareak, Ikamak eta unibertsitate campusetako euskara taldeek deituta. Milaka ikaslek hartu dute parte lau hiriburuetako mobilizazioetan, antolakuntzak jakitera eman duenez.

«Azken hilabeteetan jasan ditugun eraso euskarafoboek eta bereziki hezkuntzan eragiten digutenek ez digute uzten ikasketa prozesua osorik euskaraz egiten», Aitor Bilbao ikasleak Bilboko manifestazioa hasi orduko adierazi duenez. Traba horietako batzuk aipatu ditu Bilbaok: «Irakasle batzuen euskara maila ez-egokia, material guztia ez digute euskaraz ematen eta euskaraz ikasi ostean ez da bermatzen ikasleok euskara maila ona dugunik». Hori dela eta, «agintari eta eliteei» eskatu diete euskaraz ikasteko eskubidea bermatu dezatela.

Donostiako manifestazioa. (Idoia ZABALETA | FOKU)

Halaber, mobilizazioaren bukaeran egoeraren diagnostiko zehatzagoa egin dute. «Kezkagarritzat» jo dituzte «euskararen aurka hartutako erabaki judizialak, euskarak pantailetan duen presentzia murritza eta euskaraz ikasteko eskubidea behin eta berriz urratzea». Horregatik, haien hautua «gure belaunaldiaren bizipenetatik eta ikuspegitik egoerari aurre egitea» dela adierazi dute.

Salatu dute euskaraz bizi nahi dutenen aurkako «oldarraldi politiko, juridiko eta mediatikoa» jasaten ari direla eta gero eta agerikoagoak direla euskararen aurkako diskurtsoak, «euskara eta euskaldunok zapaltzaile gisa aurkeztu nahi gaituztenon ahotan».

Agintariei ere egin diete erreferentzia, «ez dugu gaur gaurkoz hizkuntza eta hezkuntza politiketan euskararen aldeko erabaki ausartik ikusten», azpimarratu dute. Baina, konponbidea ere jarri dute mahai gainean: «gure hezkuntza prozesua euskaraz izan dadin langile euskaldunak kontratatzea ezinbestekoa da, baita gure edukiak euskaraz izatea ere».

Iruñeko manifestazioa. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Jesusen Bihotzetik abiatu den ikasle taldea handituz joan da manifestazioa Kale Nagusian behera zihoan neurrian. «Hezkuntza honek ez du euskalduntzen» eta «Euskal Herrian hezkuntza euskalduna» izan dira gehien errepikatutako aldarriak.

Lakuako Gobernuak Bilbon duen egoitza pegatinaz josi dute ikasleek, agintariei egindako eskaeraren erakusgarri eta txaloz adierazi diete babesa Primark aurrean protestan ari ziren langileei. Nafarroa kalean behera jarraitu du mobilizazioak eta Arriagara heldu direnerako 800 inguru ziren protestarekin bat egindako ikasleak. Denek batera, «egoera latzei imajinazioz, ilusioz eta batasunez erantzuteko» konpromisoa agertu dute.