
Bakardadea, prekarietatea, afizioa ofizio bilakatzearen korapiloak, ikuspegi eraldatzaileari eustea, saretzearen beharra eta aliantzen eraikuntza… horiek izan dira KoopFabrikak antolatuta ostiral goizean Donostiako Doka Kafe Antzokian egindako jardunaldien hizketagaietako batzuk. ‘Nor da sorkuntzaren jabe? Kultura ekonomia sozialaren ikuspuntutik’ izenburupean, sortzaileen saretzeaz aritu dira Dinagu kolektiboko Karmele Salsamendi eta Uxue Bereziartua, Artaziakoopeko Oihane Espuñezekin batera.
Proiektu arras ezberdinak dira Dinagu kolektiboarena eta Artaziakoopena. Lehenengoan emakumezko sortzaileak elkartzen dira, eta egun ‘Nomada gaitun’ egitasmoa dute martxan: Euskal Herrian zehar azoka ezberdinak antolatzen dituzte disziplina ezberdinetan lan egiten duten sortzaileekin, eta beti saiatzen dira herriko jendeak ere parte har dezala. Artaziakoop, aldiz, hezkuntza artistikoa eta bitartekaritza kulturalean aritzen den gizarte ekimeneko kooperatiba bat da. Praktika eta metodologia artistikoak, ezagutzen partekatzea, eta eraikuntza eta eraldakeratako tresna baliagarriak diren ikasketa-prozesuak bultzatzen dituzte.
Dinaguko balioen erdigunean elkarlana, ahalduntzea, bertakoa eta eskuz egina izatea daude Salsamendiren arabera. Eta hutsune batetik sortu zela kontatu du: bakarkako proiektu asko zeudela ikusten zuten, baina ez zegoen elkargunerik. Eta hortik abiatu zen «oso bakarkako» proiektuak zirenak kolektibizatzeko ideia. «Afizioz hasi ginen osagarriak, ilustrazioak, arropa, zeramika… egiten, baina gero etorri zen fakturak egin beharra, autonomoetan alta eman beharra eta abar luze bat, hori kolektiboki partekatu ahal izatea asko da» aitortu du Bereziartuak.
Guztiak dira emakume gazteak, «eta zuriak» egin du azpimarra Bereziartuak, posizio jakin bat dutela azpimarratu nahian. Izan ere, «pribilegiatutzat» jotzen dute beren burua, aitortu dutenez, «gauzak gaizki joanez gero» familia edota lagun talde bat badutelako sostengatuko dituena, «eta beti izango dugu gurasoen etxera itzultzeko aukera». Baina, aldi berean, «gutxiagotuak» ere badirela kontatu dute, Dinagu kolektiboa sortu arte ez zirelako bistaratu emakume sortzaile horiek guztiak, eta lehendik ere bazeudelako.
Autoesplotazioaren inguruan galdetuta, zalantza egin dute norberaren eraginez den guztia edota testuinguruak behartzen dituen autoesplotatzera. «Denari baietz esaten diogu, ez dakigulako hurrengo hilabeteetan zer datorren; abendua oso oparoa izaten da guretzat, gabonetako azoka asko ditugu eta horretarako prestatu behar dugu aurreko hilabeteetan. Baina urtarrila dator gero, eta otsaila… eta hor oso gutxi saltzen da», adierazi du Salsamendik.
Bereziartuak ahots goraz egin ditu sarri bere buruari pausatutako galderak: «Dirua izango banu hartuko nuke eskatu didaten lan hau? Ziurrenik ez. Dirua izango banu jarraituko nuke proiektuarekin? Bai». Eta adibide horrekin azaldu nahi izan du, nola «etengabeko borroka kontzientean» bizi diren; batetik, badakitelako kapitalismoa sostengatzen ari direla, baina bestetik beraiek ere «jan» behar dutelako. Korapilo eta borroka etengabea da, «baina hobe da taldean bizitzea», gaineratu du.
Eraldaketaren bidean
Gizarte ekimeneko kooperatiba gisa izendatzen dute Artaziakoopeko kideek beraien proiektua, baina ez da beti hala izan. Artearen historiatik datorren jendea, arte ederretatik, ekonomiatik, pedagogiatik… batzen ditu, eta beraien ideiei eutsiz eremu horietan bakarka lan egitea oso zaila dela kontatu du Espuñezek. «Lizitazio batera aurkezteko aukera atera zitzaigun, eta oso modu utilitaristan enpresa bat sortu genuen: error». Baina akats horretaz hamar urteren ondoren ohartu zirela aitortu du. 2019an egiten zutenari garrantzia emateaz gain, nola egiten zuten ere zaindu nahi zuten, eta orduan iritsi ziren Koop Fabrikan izena ematera. Orduan ezagutu zuten Ekonomia Sozial Eraldatzail Feminista (ESEF), eta horretan lanean dihardute orduz geroztik.
«Bizitza eta lana uztartzeko ahaleginean gabiltza, eta gizarte eraldaketa bultzatzen; baina Koop Fabrikako lagunen artean egon arte ez geunden eroso ekonomiaz hitz egiten, eta konturatu ginen gu hori egiten ari ginela, egiten ari ginela jakin gabe», adierazi zu Espuñezek. Edukia eta forma uztartzeak duen garrantzia azpimarratu du, eta kooperatiba izaerak eta elkarlanak duen garrantzia mahaigaineratu.
Aitortu du, egungo makroekonomia ereduetan, eta eredu liberalean, prekarizatutako langintza dela beraiena, «askotan aldi baterako lan bezala ikusia, gaztea zarenean egin dezakezun zerbait. Guk horri buelta eman nahi diogu eta langintza duin bihurtu eta egonkortu». Horretarako kolektiboki lan egitea ezinbestekotzat jotzen du: «Gure paradigmatik lan egin ahal izateko aukera da ESEF. Baina parekoa ez dago beti prest, eta guk, adibidez, askotan egin behar izaten dugu prest ez dauden instituzioekin lan; etengabeko negoziaketa bihurtzen da».
Beste espazio batzuetan, beraien ikuskera bera ez dutela badakite Artaziakoopeko kideek, beste interes batzuk dituztelako baina, aldi berean, beraiekin lan egitea eta «erdiguneak hartzea» beharrezkoa da beraien ustez: « Boteregune batzuetan fisurak eragin daitezke, eta bestelako harremantzeko ereduak sortu».
Alde guztietatik saretzea
Sortzaileekin saretzearen beharra izan da hitzaldiaren ondorio nagusia. Dinaguko kideek azaldu dute beraiek elkarlanean jarduten dutela: «Bai materialak erosterako orduan, baina baita batak besteari lana eta laguntza emateko orduan ere. Ekonomia zirkularra sustatzen saiatzen gara gure artean, batak besteari lanen bat eskatuz eta elkarlanean josiz».
Artaziakoopeko kideak ere esan du kontzienteki bilatzen dituztela aliantzak: «Beste kooperatibekin batera lanak egiten ahalegintzen gara, orain kooperatiba feministekin elkarrekintza gehiago osatzen ditugu; batetik lehiakortasuna ekiditen saiatzeko, informazioa partekatzeko…». Bakoitza bere alorrean, baina antzeko kontuetan dabiltzala gehitu du, eta garrantzitsua dela batera lan egitea.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

El PNV defiende a Imaz y el PP lo elogia tras doblegarse ante Trump y una pintada en Zumarraga

Guardia Zibilak Altsasuko gaztetxearen eta Udalaren aurka egin du, zazpi kontzertu aitzaki

Dos paradas de Marrero en los penaltis dan el pase a la Real ante Osasuna en un partido agónico
