Ane  Urkiri
Kirol burua / jefa de deportes

Bera Berak ligako finalerdiak jokatuko ditu, itzulerako partidan gol bategatik galdu arren

Bera Berak ligako finalerdiak jokatuko ditu datorren asteburutik hasita. Galdu egin du itzulerako partida, Gascan, Motive.co Gijon taldearen aurka (30-31). Asturiasen eskuratutako garaipen erosoa gakoa izan da kanporaketan, itzulerako partidan hortzak gehiegi estutu gabe jokatu baitute donostiarrek.

Marie Louis, joaneko partidan, Gijonen.
Marie Louis, joaneko partidan, Gijonen. (Carlos DICKMANN)

Profesional gisara Marizza Faria paraguaitarrak sartutako azken golak garaipen historikoa eman dio Motive.co Gijon taldeari Gascan. Sekula Bera Bera garaitu gabe zegoen ligako partida batean –Kopan, 2018ko finalean, bai irabazi zion– eta larunbat honetan lortu du aurreneko aldiz. Garaipenak baina ezer gutxirako balio du, ohorerako ez bada.

Asturiasen jokaturiko joaneko partidan 10 goleko aldearekin irabazi zuen Bera Berak eta errenta hori gakoa izan da itzulerako partidan ere. «Ligako partida bat gehiago bailitzan bezala jokatu behar dugu, han zer egin genuen kontuan hartu gabe», onartu zion NAIZi Alba Menendez kapitainak, Donostiako Udalean jaso zuten harrera ekitaldian.

Topikoak topiko, zaila izaten da joaneko partidan egindakoa ahaztea eta hein handi batean, emaitza hori ere baliatzen jakin egin behar da. Donostiarrek horixe bera egin dute larunbat honetan, partidari inoiz ere aurpegia galdu gabe, noski.

Imanol Alvarezek sistema eta taktika berriak probatzeko baliatu du, baita jokalari batzuei atseden emateko ere: Karstenek arazoak ditu atzamar batean eta beraz, nahiago izan du argentinarra aulkian mantendu; Cavok ere bigarren zatian jokatu du, Boada gutxika-gutxika joan da partidan sartzen...

Bera Beraren iparrotza, baina, betikoa izan da –edo denboraldi honetan ohikoa dena–: Esther Arrojeria. Zortzi gol egin ditu usurbildarrak –jaurtiketa bakarra huts egin du– eta lehenengo zatian sartu ditu horietako zazpi, %100eko asmatzearekin.

Usurbildarraren gol bat eta jarraian, Mariane Fernandesen beste batekin, 10. minutuan jarri da Bera Bera lehen aldiz aurretik markagailuan. Ordura arte, Cachedaren gidaritzapean, Motive.co Gijonek agindu du, bai eta gero ere. Laguna eta De Andresek markagailua irauli dute (7-8) eta kolpe batzuk elkartrukatu ostean, 3-7ko partzial batekin aldea ireki du kanpoko taldeak (12-16).

Lehen aldiz lortu du lau goleko aldea, minutu batzuk lehenago, hiru goleko errenta lortzeko pare bat aukera alferrik galdu ostean. Lau goleko aldea itxaropenerako aitzaki ederra izan behar luke asturiarrentzat baina Bera Berak, ohartu orduko, martxa bat gehiago sartu eta atsedenaldirako, gol batera hurbildu dira (16-17), Esther Arrojeria protagonista, beste bi golekin.

Bigarren zatia hasi eta berehala, Arcos eta Marianeren bitartez, partida berdindu dute donostiarrek eta Giuliana Gavilanek minutuak pilatu ahala, bi gol egin eta markagailua irauli du (20-19). Behin aurrea hartuta, bazirudien Bera Berak garaipena eskuratuko zuela, atzean ere, Aallak pare bat gelditu pilatu baititu.

Arcos, Arrojeria eta Erauskinen bitartez, bi goleko errenta ezarri dute (23-21) baina ezinezkoa izan zaie ihes egitea eta hori, kanpotarren meritua izan da. Azkenerako, gainera, kolpeen elkartrukatze horretan, ondo eutsi eta garaipena eskuratu dute. Marizza Fariak egin du azken gola, bere azkena profesional gisara; eta asturiarrek azken aurreko golean ere pase bikaina utzi du. Bere sinadura eraman du La Calzadaren garaipen historiko honek, ezin izan duena saihestu Bera Berak finalerdietara jauzi egitea.

Finalerdietako bere aurkaria Elx izango da. Rocamoraren taldeak Porriño kanporatu du, bi partidetan nagusi izanda (20-24 eta 25-21). Hala, emozio handiko kanporaketa aurreikusten da Alacanteko eta Gipuzkoako taldeen artean. Ondo ezagutzen dute elkar eta azken neurketan, Kopako final-laurdenetan, donostiarrek jipoitu egin zuten Elx.

Lehen partida Alacanten jokatuko da eta bigarrena Donostian. Hirugarren partidaren beharrik izanez gero, hau ere Gascan jokatuko litzateke. Azken urratsa falta da finalerako.

Beti Onak, salbaziotik urrats bat gertuago

Jaitsiera faseko lehen partidan, Laserren, porrota jaso ostean, Beti Onak-ek garaipen garrantzitsua eskuratu du bigarren jardunaldian, Grafometal La Riojaren aurka (26-21).

Bigarren zatian lortu du partida erabat apurtzea, lehen zatian zalantza batzuk azaleratu ostean. Lau minutuko tartean, 0-3ko partziala ezarri dute errioxarrek (3-6) eta 24. minutura arte, etxekoek ez dute lortu aurretik jartzea (7-6, Paula Garciaren bitartez).

Atsedenaldira bitarte, errioxarrek estutu egin dute (10-8) baina behin aldageletatik bueltan, martxa bat gehiago sartu du Beti Onak-ek eta 7-0ko partziala erabakigarria izan da garaipena bideratzeko (17-8). Logroñokoak erreakziorik gabe geratu dira eta ezin izan dute porrota saihestu.

Hala, 11 punturekin lidertzan kokatzen dira Atarrabiakoak eta 8 punturen faltan, 6 puntuko aldea dute jaitsierarekiko. Izan ere, Zuazok ere galdu egin du Granollersen aurka eta bost punturekin geratzen dira bizkaitarrak, errioxarrak bezainbeste.

Beti Onak-eri irabazteak itxaropen apurra piztu bazuen, Granollersen aurkako porrot honek (20-26) guztia zapuztu du. Zortzi puntu geratzen dira jokoan eta salbazioak ezinezkoa dirudi bizkaitarrentzat. Gogotik saiatu badira ere ezin izan dute saihestu saihetsezina zirudiena.