Arnaitz Gorriti

Alba Prieto eskolta da IDK Euskotrenen aurreneko fitxaketa 2023/24 sasoiari begira

Ekainaren 15ean 24 urte beteko ditu 1,75 metroko eskolta andaluziarrak. Azken hiru urteetan Huelvako ensino taldean jokatu du eta amaitu berri den denboraldian 11,9 puntu, 4,3 errebote, 3,4 asistentzia, 2,9 ostutako baloi lortu ditu batez beste eta Eurocupean jokatzea ere badaki zer den.

Alba Prietoren ongietorri argazkia.
Alba Prietoren ongietorri argazkia. (@IBAETABASKET)

Azken egunetan Yurena Diaz eta Maria España Almendro kapitainei kontratua luzatu die IDK Euskotrenek 2023/24 denboraldiari begira, eta ostegun honetan aurreneko fitxaketa ofizial egin du Donostiako taldeak: Alba Prieto eskolta andaluziarra, hain zuzen.

Ekainean 24 urte beteko ditu 1,75 metro neurtzen duen jokalari honek. Lugoko Ensino taldean eman ditu azken hiru denboraldiak eta bertako saskiratzaile onenetako bat izan da. Hala, batez beste 11,9 puntu, 4,3 errebote, 3,4 asistentzia, 2,9 ostutako baloi lortu ditu amaitu berri den 2022/2023 sasoian. Horrez gain, Emakumeen Eurocupean ere debuta egin du.

Oraindik gaztea den arren, Alba Prieto ibilbide luzeko jokalaria da dagoeneko. Izan ere, 2014/15 denboraldian egin zuen debuta, 15 urte baino ez zituela, Huelvako Conquero taldearekin. Talde hartan bi denboraldi eman zituen, harik eta diru arazoen erruz kluba desegin zen arte. Ondoren, artean Emakumeen Saskibaloi Ligako bigarren mailan zegoen Lugoko Ensino taldera joan zen eta ostean NCAAn aritu zen, South Floridako unibertsitatean. AEBetan urtebete egin ostean Leganesen bi urtez aritu zen eta azken hiru denboraldietan Lugoko Ensino taldearekin bere bigarren aldia bete du, Emakumeen Endesa Ligan, kasu honetan.

Era guztietara saskiratzeko gaitasuna da Sevillako jokalariaren ezaugarririk nagusiena. Hala, pasa den denboraldian batez beste %45,4ko portzentajean asmatu zuen bi puntuko jaurtiketetan, %31,8 hirukoetan eta %78,5 jaurtiketa libreetan.