Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo
Entrevue
Iñigo Etxeberria
Behobia-Donostia lasterketako koordinatzailea

«Jendea parte hartzera animatu nahi dugu, baina bero kolpeen arriskuaz ere ohartarazi»

Hain maitatua den lasterketa herrikoi honetako koordinatzaileak arazo ugariri aurre egin behar izaten dio urtero. Azaroaren 12an ospatuko da aurtengo edizioa. Bertan parte hartzeko gonbidapena egiten die korrikalariei, baina arreta jarri nahi du bero kolpeen arriskuaz eta, noski, prebentzioaz. 

Iñigo Etxeberria, Fortuna K.E.-ko bulegoetan.
Iñigo Etxeberria, Fortuna K.E.-ko bulegoetan. (Jon URBE | FOKU)

Iazko azaroaren 13an Behobia-Donostiaren azken edizioa ospatu zen, baina antolatzaileak urte guztian zehar dihardute lasterketa herrikoi hau ahalik eta hoberen ateratzeko lanean. Abian da dagoeneko aurtengo azaroaren 12ko edizioa egiteko behar den makinaria guztia martxan. Martxoaren 29an ohikoen izen-emateak ireki zituzten eta maiatzaren 3tik aurrera izen-emate orokorrekin ari dira. Lehenengo astean, 20.000 pertsonatik gora eman zuten izena 30.000eko topea izango duen ekimenerako. 2021eko edizioan, pandemia ondorengoan, 25.379 parte-hartzaile izan zituen probak eta iaz, 29.732.

Aurten, gainera, bertako korrikalari gehiagok parte hartzeko helburua hartu dute Fortuna K.E.ko antolatzaileek, eta, beraz, parte hartzera deia egiten diete gipuzkoarrei eta orokorrean Euskal Herriko korrikalariei «berezia» eta «esperientzia polita» delako.

Momentu honetan nola doaz izen-emateak?

Oso azkar doaz. Nabaritu dugu, planifikatuta zuenak ez duela uzten azkeneko momentura arte izena emateko. Egun hauetan 20.000tik pasa dugu eta sorpresa bat izan da bizkortu egin delako.

Behin martxa ona hartuta, orain, dirudienez, hemengo jendea bultzatu nahi duzue izena ematera, ezta?

Iazko erreferentzia genuen. Lehenengo aldiz, Kataluniatik jende gehiago etorri zen Gipuzkoatik baino. Eta aurten hortxe dabil: 4.539 izen-emate daude Gipuzkoan eta 4.393 Kataluniatik. Ikusten ari gara aurten bertakoak adiago daudela. Beste urte batzuetan irailaren 20ra arte genuen irekita epea eta topea 35.000, eta azkeneko 3-4 urteetan ez zen bete. Eta iaz sorpresa hori izan zen, abuztuaren bukaeran amaitu zirelako izen-emateak eta itxaron zerrenda egin genuelako.

Aurten ere topea 30.000tan jarriko al duzue?

Iaz bezala, 30.000eko topea dugu, batez ere prestakuntza lanak eta beharrezko materialen erosketa planifikatuta lehenagotik izateko. Badakigu mundu mailako krisi bat dagoela eta hornikuntza eta produkzio kateak ez dira abiadura berdinean mugitzen. Lehen mugimendua zegoen eta hilabetean edo aste gutxitan iristen zen; orain denbora gehiago behar du eta ziurtatu nahi genuen. 2021ean larri samar ibili ginen material batzuekin; beraz, kopurua finkatuta, erosketak egin ditzakegu.

Aurten ere 30.000era iritsiko zaretela uste duzue?

Bai, bai. Nahiko garbi dugu. Jarraipen egiten dugu 2015etik, egunero-egunero zenbat izen ematen diren, eta iaz abuzturako aurreikusten genuen eta zenbakiekin amaitu zen. Aurten gabiltza hilabete eta piko aurretik lehen urtearekin eta aurrekoarekin alderatuz. Zenbat eta bizkorrago, orduan eta jendea bizkorrago egiten du. Egin daitekeena da ere bizkortu gehiago. Bageneramatzan urte batzuk erritmo konstantean baina lasaian egiten zirela. Ni nator garai batetik, 2022. urtetik, urtero bukatzen zirela eta beste estrategia batzuk erabili behar izan genituen: itxaron zerrenda oraindik informatizatu gabe, eskuz, nahiko prekarioan ibiltzen ginen; eta hortik pasa ginen erreserba egitera. Aurretik erreserba sinple bat eta ondoren ordaintzeko aukera; orain zuzenean egiten da. Lehen hasierako kolpea oso handia zen eta ekainerako amaituta zeuden. Aurten hortxe ibili gara.

Pandemiaren ondorioak nabaritzen al dira oraindik? Edo korrika egiteko gogoa berriro piztu dela ohartzen al duzue?

Ez dakit. Denok dugu hor pixka bat ahotan pandemia. Iaz geratu zitzaigun pandemiaren zerbait. Adibidez, garraioetan maskarilla beharrezkoa zen, eta aurten neurri edo abisu berezi horietaz ahaztu egiten gara. Kiroletan tendentziak eta joerak jarraitzen ditugu, nola doan eboluzioa, eta askotan aipatzen da proba asko daudela eta, beraz, gehiegi banatzen direla izen-emateak eta horregatik batzuk jaisten dira edo beste batzuk ez.

Hori baino gehiago, gure arrazoi nagusia, nik dauzkadan datuekin, da eduki dugula belaunaldi bat jende asko jaio zela, baby boom famatua Estatuan eta Euskal Herrian 1960tik 1975era. Jende guzti hori korrika egitearen modara sartu zenean hazkuntza oso handia egon zen eta 2000tik aurrera sekulakoa izan zen. Hazkuntza horretara aritu gara moldatzen, zerbitzuak mantentzeko eta gainezka ez egiteko. Orain ikusi dugu 40-50 adinean dagoela belaunaldi hori. Gure ondoan ikus dezakegun bezala, hamar lagunetik, honelako proba bat egiteko lehen sasoian egongo ziren zazpi edo zortzi. Orain, bi edo hiru geratuko dira. Eta adin tartea ere gero eta altuagoa da. Tarte nagusia 41 urtetik 45era da, hori argi eta garbi ikusten da.

Emakumezkoetan beste fenomeno bat dago. Orain hasi dira asko honelako proba batean izena ematen azken urteetan eta adin nagusia da 26 urtetik 30era. Aditu bati pentsioei buruz entzun nion esaten pasatuko garela belaunaldi handienetik belaunaldi txikienera; jaiotza gehien egon ziren belaunalditik jaiotza gutxien egon ziren belaunaldira.

«Apustu potente bat zen 50/50/25 eta hor gabiltza. Egia esan, urte batzuetatik bestera sekulako saltoak ematen dira. Bi puntu, bi puntu eta erdiko saltoak izan ditugu»

Emakumeei dagokienez, 2025erako 50/50 erronka mantentzen duzue. Iaz 7.348 emakumek hartu zuten parte. Nola ikusten duzue hau? Nola ari da joaten aurten emakumeen izen-ematea?

Bide luzea daramagu kirol elkarte bezala. 2000an Foru Aldundiak aipatu zuen, nahiz eta berdintasun teoriko batean eduki mutilak eta neskak, nesken jarraipena kirolean, 12 urtetik eskola kirola bukatzen denetik aurrera sekulako galera dagoela edo uzte bat. Arrazoi batzuk daudela aipatzen da: kulturalak, familiak ez dio hainbesteko garrantzia ematen neska batek kirolean jarraitzea eta nahiago dute ikastea; eta estrukturalak, kirol taldeak ez zeuden prestatuta eta oraindik ere gabeziak daude eta lehentasuna ematen zaio talde garrantzitsuari edo mutilen taldeari neskenari baino.

Hori ikusita, 2008an egin genuen proiektu bat emakumeei ikustarazteko ahal zutela. Gure klubean atletismo saila geratu zen, baina oraindik “ez gaude gizarte bezala berdintasun batean eta ez da ikustarazten” esan genuen. Oso deigarria zen Estatu Batuetan eta Ingalaterran ere bai, lasterketa herrikoi guztien parte hartze guztien %57a emakumezkoan zirela. Distantzia guztietan, 5 kilometrotik maratoi erdira, emakumezkoak askoz ere gehiago ziren; maratoian ezik. “Zein urruti gauden. Goazen beste bultzada bat ematera” esan genuen.

Apustu potente bat zen 50/50/25 eta hor gabiltza. Egia esan, urte batzuetatik bestera sekulako saltoak ematen dira. Bi puntu, bi puntu eta erdiko saltoak izan ditugu. Iaz ia %29an geratu ginen; aurten azkar joan da eta momentu honetan %29an gaude. Aurten %30etik iristea zen helburua. Ikerketa batzuk ere egin ditugu ikusita zein ezberdintasun dagoen leku batetik bestera. Adibidez, ikusi genuen Tarragonatik iaz 500 partehartzaile etorri behar zirela, %37a emakumezkoak ziren. Unibertsitateko Antropologia irakaslea izandako eta ikasle izandako batekin ikerketa egin zen jakiteko zergatik. Esaten zuten hemen talde asko daudela korrika egiteko, elkartzeko eta bata besteari animatzeko. Ikerketaz gainera, ekintzekin ere ari gara. Irailean martxan jarri nahi dugu dauden taldeekin sustatu. Taldea mistoa ere ireki dugu; horrek asko laguntzen du jarraikortasuna izaten.

Antolatzaile bezala, momentu honetan, izen-emateak kudeatzeaz gain, zein da zuen eginkizuna?

Gurpil batean bizi gara. Azaroan bukatu, jaso, balorazio pila bat egin, Gabonetan pixka bat lasaiago baina jarraitzen duzu gauzak egiten, joaten zara beste lasterketa batzuetara, eta urte hasieratik hasten zara plangintzarekin. Eta ez gu bakarrik, beste agenteekin ere: babesleak dauzkazu eta bakoitzak bere planak ditu. Guk, barnean, gauzak egin behar ditugu ere. Adibidez, webguneak 10 urte ditu, aldatu behar da. Webgunera sartzen den %70a, mugikorrarekin sartzen da; beraz, moldatu behar duzu. Udaran nahiko geldotzen da dena eta irailean abiadura bizian jartzen gara eta azkeneko astea esprintean jartzen gara.

Eta zein arazorekin aurkitu zarete aurten?

Gauza asko lotu behar dira. Adibidez, 30.000ko zifra hori ondo kontrolatzen dugu, badakigu logistika, bolondresak… Baina gure kanpo beharra dauzkagu ere lasterketa aurrera ateratzeko. Adibidez, garraioak. Gainera, sustatu dugu jendea kolektiboan joatea, trenez, autopistan pilaketak ez egoteko eta garaiz iristeko. Eta trena obra batetik bestera doa, batez ere Renfe eta Adif, dena abiadura handiko trenera ari dira moldatzen, eta hor aurreikusita daude zenbait lan ibilbidean. Zerbitzu horrek murriztasunak ekartzen baditu egunerokotasunean irailetik aurrera ekarriko dituena, guri ere ekarriko dizkigu lasterketan. Eta arazo potoloa izan daiteke. Normalean jendearen erdia eraman dezakezu tren batean, ze Euskotren ere badago, eta arazo potoloa izan dezakezu ez baduzu aurreratzen eta jada hasi pentsatzen zer gertatu daitekeen.

Beste arazotxo bat izan dezakegu Irungo Bentasen, Elizatxoren bukaeran. Peatonalizatu nahi dute gune hori eta justu gure ibilbidea da. B plan bat pentsatzen hasi behar zara. Gertatu izan zaizkigu gehiagotan. Bere garaian Gaintxurizketan egin zen obra handi hori, edo hauteskundeak gertatzen badira lasterketaren egun berean, aurretik moldatu behar duzu, azkeneko asteetan ez baitaukazu denborarik.

Entrenamenduko kamiseta aurkeztu duzue dagoeneko, baina aurtengo edizioko ofizialaren aurrerapenen bat egin zenezake? Ideiarik ba al duzue?

Bukaeran egiten dugu aurkezpena. Normalean urriaren bukaeran banatzen ditugu dortsalak dendetan, bezperan Kursaalean ere banatzen ditugu kanpotik datorren jendearentzat. Beti gordetzen dugu sekretua. Ideia badugu. Fase honetako beste lanetako bat da hori. Prest dago jada. Gauzak horrela egin behar dira, denbora handiarekin, kopurua oso handia baita. Asko zaintzen dugu, pena merezi duela uste dugulako. Pixka bat landuta baldin badago kamiseta, jendeak gustura eramango du eta oroitzapen nagusienetako bat da.

Nola animatu daiteke hemengo jende gehiago izena eman dezan?

Nik esango nuke aurtengo helburu bezala garbi duenak, gure albisteak jarraitzeko eta ez despistatzeko. Beti esaten dugu, erdi brometan, berezia dela eta urtean behin egiteak merezi duela. Kanpotik etortzen den jendeak lasterketa bat baino gehiago egiten ditu eta badaki nola den lasterketa bakoitza eta nola dagoen antolatuta. Antolakuntza aldetik, horrek esan nahi du ondo gaudela, lana ondo egiten ari garela eta horregatik etortzen ari dira kanpotik. Beraz, etxeko batentzat, merezi duela. Gainera, jarraipen asko jasotzen duzu inguruan. Esperientzia polita da.

«Lantzen ari garen eta ahalik eta jende gehiagorenera iristeko oraindik forma ematen ari garen beste kontu bat bero kolpeen arazoa da. Ezagutza handitzen badugu, ekidin daiteke»

Eta zer esango zenieke oraindik izena eman ez dutenei?

Lantzen ari garen eta ahalik eta jende gehiagorenera iristeko oraindik forma ematen ari garen beste kontu bat dago: ikusten ari garen tenperaturaren igoerarekin, gero eta ohikoagoa da tenperatura horrek eragina izatea kirol probetan, batez ere iraupen luzeko probetan. Gertatzen den okerrena da bero kolpeak suertatzen direla. Iaz, adibidez, 20 gradutik pasa zen eta 20 gradutik pasatzean arriskua bihurtzen da. Oraindik alde handia dugu prebentziorako. Felix Zubiak 2002tik darama gurekin lasterketan bolondres bezala lanean Gurutze Gorriarekin helmugan. Eta beti aipatzen dugu biok prebentzioan oraindik marjen handia dagoela korrikalari herrikoiei ezagutarazten bero kolpeen arriskuaz.

Iaz bagenekien beroa zetorrela, mezu oso garbiak bidali genituen eta, hala ere, jende dezentek jaso zuen bero kolpea. Azkenean, kostatzen zaigu jendeari iristea berdin diola zenbat edan, berdin duela zure entrenamendu maila, azkenean aklimatazio eta zure esfortzua ez egokitzeaz dagoen arazoa dela. Normalena da 20 urtetik 40 urtetarako gizonezkoei eragitea bero kolpea. Zergatik? Forma onean dagoen jendea delako, lehiakorra, marka egitera doana, eta honelako kondizioetan, ez bazaude ohituta, ekidin behar dituzu honelako esfortzu maximoak.

Profesionalek ere jasaten dituzte bero kolpeak. Duela gutxi ikusi zen maratoi batean: 200 metroren faltan eta ezin. Hori da, azkenean, zure gorputzaren tenperatura erregulatzeko gaitasuna galtzen duzula, gehiegi behartu duzulako, eta gainera momentu batean inkontziente puntu batekin zaude. Hau da, ez zara guztiz kontziente zure egoeraz, baina jarraitzen duzu korrikan. Kasu batzuetan, heriotzera eraman zaitzake.

Hau dena oso erraz konpontzen da. Lasai joan egun horretan eta ez da ezer gertatuko. Tamalez, komunikabideekin ari naiz saiatzen mezu hau zabalarazten. Edozeini tokatu dakiokeen zerbait da eta, batez ere, marka egitera doazenei eta oso indartsu dagoen jendeari.

Adibidez, Madrilgo maratoiarekin kontaktatu dugu eta 30 urte beheragoko ukrainar gazte bat, ospitalean bero kolpe batekin, oso oso larri, ia gibel trasplante bat egiteko beharrarekin. Behobia Donostian heriotzak ere izan ditugu, 2002an eta 2015ean. Hor ikusten dugu lan dezente dugula prebentziorako. Iritzi publikoan geratzen den mezua da jendea ez dela prestatzen, eta juxtu kontrakoa da. Duela gutxi, Felix Zubiak gauza bat kontatu zuen elkarrizketa batean: Urte batean gertatu zitzaigula, zer nolako inkontziente mailara iristen zaren, mutil bat, Udaltzainek esposatuta agresibo jarri zelako. Suspertu zuten, 41 graduko tenperaturarekin zegoen sukar batekin bezala, eta bere onera etorri zen. Eta ez zen ohartzen egindakoaz.

Beste faktore bat da esperientzia falta edo hasiberriak izatea. Batzuk futboletik etorritakoak dira. Behobiak duen publikoa kontrako efektua egiten du. Momentu batzuetan, animatu beharrean, desanimatu egin beharko genuke, lasaiago joateko. Lehen aldian parte hartzea, emozio asko. Oso gai zaila da, baina ezagutza handitzen badugu, ekidin daiteke.