Andoni Arabaolaza

Xabier Ormazabal Beka beste urrats bat egiteko prest dago

Heldu den ostiralean, Urretxuko Udalak haren oroimenez eta gazteen artean mendizaletasuna bultzatzeko antolatuta duen egitasmoaren laugarren ekitaldia aurkeztuko da. Ekimen hori festa batekin biribilduko dute.

Urretxutik haize freskoa iritsiko da euskal mendizale gazteentzat. Hain zuzen ere, datorren ostiralean, maiatzaren 26an, Xabier Ormazabal Bekaren laugarren ekitaldia aurkeztuko da. Eta aurkezpen hori festa batekin «babestuta» helduko da. Gogora dezagun, Urretxuko Udalak 2004. urtean Cho Oyu mendian zendutako mendizalea gogoratzeko egitasmo hori martxan jarri zuela, eta beka hori gazteei zuzenduta dagoela. Hain zuzen ere, 24 urtetik beherako gazteak dira onuradunak.

Ormazabal «elurretako lehoinabarrak» xedea biribildu zuenean euskal mendizaletasunaren historian pasarte bat idazteko aukera izan zuen. 2002. eta 2004. urteen artean, hiru espediziotan, urretxuarrak aipatu dugun helburua osatu zuen. Hots, Sobietar Batasuna izandakoan dauden bost zazpimilakoak. Hori egin zuen lehen euskal mendizalea izan zen, gainera.

Bekaren ildoa aipatzen badugu, aurreratu behar da oinarrien helburua honakoa dela: mendizaletasunarekin lotuta dauden maila handiko eta originaltasunezko proiektuak bultzatu. Aurreko edizioetan alpinismoarekin eta eskaladarekin lotuta zeuden kalitatezko proiektuek irabazi dute. Hori esan eta gero, antolatzaileek beste urrats bat egiteko deialdia egin dute. Ormazabalen anaia eta bekaren sustatzaile Andoni Ormazabalek NAIZi honako azalpena eman nahi izan dio: «Bekak mendizaletasunaren adar ezberdinak jasotzen ditu; hots, eskalada, alpinismoa… Horiek guztiek kirol ikuspuntuarekin bat egiten dute. Baina mendiko kulturarekin eta beste arlo batzuekin lotuta dauden proiektuak ere jasotzen ditu: liburuak edo gida edizioak, ikus-entzunezko edizioak, materialen hobetzea... Jarduera ‘potoloak’ ondo daude, eta horiek txalotzen ditugu. Halere, xede berriak edo originalak jasotzen baditugu pozarren jarriko gara».

Festa

Xabier Ormazabal Bekaren aurrerapena hori da, baina, esan dugun bezala, datorren ostiralean ekitaldi berrian luze eta zabal hitz egingo dute. Ez da aurkezpen soil bat izango; izan ere, ikus-entzunezkoek indarra izango dute.

Adibidez, azken bi edizioetako irabazleek, Ander Zabalzak eta Maialen Rojok protagonismoa hartuko dute haien proiektuak proiekzio banarekin aurkeztuko baitituzte. Zabalza ez dakigu Urretxun egongo ote den, xedearen bigarren zatia biribiltzen saiatzen ari baita.

Horiekin batera beste bi dokumental ikusteko aukera izango da Urretxuko Labeaga aretoan arratsaldeko 19:00etatik aurrera. Alex Areizagaren ‘Itzalak’ da lehena, eta bigarrena Alex Txikonen ‘Manaslu neguan’ filma.

Datorren ostiralean, Urretxu mendizaleen topagune bihurtuko da. Xabier Ormazabal Bekaren edizio berria prest da beste urrats bat egiteko. Eta hain zuzen ere, egun horretatik aurrera bekaren oinarriak kontsultatu ahal izango dira honako helbidean: www.urretxu.eus.