Iker Bizkarguenaga
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Elkarrekin Podemosek botoen %80 galdu ditu zortzi urtean

Elkarrekin Podemosek goia jo zuen 2015 eta 2016ko hauteskundeetan, baina ordutik hona gainbehera ikaragarria pairatu du, eta orduan zituen bozen %80 bidean galdu ditu. Horren erantzukizun guztia Madrileko zuzendaritzari leporatzea ez litzateke justua izango, hemen ere akats nabarmenak egin baititu.

Elkarrekin Podemosek Bilbon egin zuen kanpaina amaierako ekitaldia.
Elkarrekin Podemosek Bilbon egin zuen kanpaina amaierako ekitaldia. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Duela zortzi urte, sortu berria zen Podemosek goia jo zuen Hego Euskal Herrian, eta Estatu mailako hauteskundeak irabazi zituen, ia 450.000 boto jasota. Hilabete batzuk geroago, hauteskunde horien “errepikapenean” ere gailendu zen, langa horretatik oso gertu geratuz, baina ordutik iragan igandera arte maldan behera ibili da, eta zaila da asmatzen noiz joko duen lurra.

Oraingoz, zortzi urte hauetan orduan jasotako botoen %80 galdu ditu. Azkar esaten da, baina datua izugarria da, eta nekez uler daiteke hain denbora tarte txikian –bi legealdi eskas– hain babes handia zuen alderdi batek halako gainbehera izatea. Orotara, M28ko hauteskundeetan 90.000 bat boto eskuratu ditu, %6,76, eta ia berdinduta dago UPNrekin, nahiz eta hau Nafarroan bakarrik aurkezten den.

EAEn, noraezean eta baldar

«Podemosen olatuari aparra baino ez zaio geratzen». Lerroburu horrekin abiatu genuen 2019an Elkarrekin Podemosen hauteskunde osteko analisia. Hitz horiek nabarmendu nahi zuten lau urte lehenago Estatu osoa blaitu zuen boto-olatuaren itzala baino ez zela sumatzen indar horren emaitzetan. Gaur egun, kontrako norabidean doan beste olatu baten ondorioak pairatzen ari da Ione Belarra buru duen alderdia.

Estatu mailako emaitzak oso kaskarrak izan dira Podemosentzat, eta hiri handi zein parlamentu askotan ez du ordezkaritzarik lortu. Ikusteko dago uztaileko hauteskundeetan ze forma hartzen duen sektore horrek; besteak beste, Sumar plataformarekin bat egiten ote duen, baina udako hitzordua udaberrikoa bezain gaizki ateratzen bazaio, etorkizun iluna iragar dakioke.

Dena den, jasotako kolpearen erantzukizuna Madrilgo zuzendaritzari leporatzea ez litzateke zuzena izango, azken urteetan Elkarrekin Podemosek Hego Euskal Herrian darabilen bideak ere ez baitio asko lagundu emaitzak txukuntzen. Alde horretatik, nabarmentzekoa da EAEko zenbait ordezkarik eta hautagaik euskararekiko erdeinuz egindako zenbait adierazpen, edo Herri Urrats ospatzekoa zenean Senperen izandako uholdeen harira esandakoak, jende askoren kritikak eragin zituztenak.

Kanpainako koaderno batean aipatu genuen adierazpen horiek UPyD edo Cs bezalako talde euskarafoboek sina zitzaketela, eta bistan zen bide horri helduta alderdi moreak ez zuela emaitza onik jasoko.

Nafarroan, aldiz, nahiz eta boto kopuru apalagoa izan, %6,08, EAEn baino bilakaera hobea izan du esparru politiko horrek. Duela lau urte ez bezala –orduan Podemos eta Izquierda-Ezkerra banaturik joan ziren–, Contigo Zurekin koalizio bateratua osatzea lortu dute, eta horrek, antza, kaltea mugatzen lagundu die. Puntu eta erdi inguru bakarrik galdu dute, gainerako herrialdeetan utzitakoaren erdia.

Dena den, emaitzak txarrak dira Hego Euskal Herri osoan, eta urteotan egindako ibilbidearen azterketa kritikoa egin beharko dute, ezinbestean.