NAIZ

Uztailaren 23ko hauteskundeetarako posta bidezko botoa gaurtik eska daiteke

Astearte honetatik aurrera eskatu daiteke posta bidezko botoa uztailaren 23ko espainiar gorteetako hauteskundeetarako. Epea uztailaren 13ra arte egongo da zabalik eta uztailaren 19a baino lehen bidali beharko da.

Astearte honetatik eskatu daiteke posta bidezko botoa.
Astearte honetatik eskatu daiteke posta bidezko botoa. (Juanan RUIZ | FOKU)

Uztailaren 23ko hauteskundeetarako posta bidezko botoa maiatzaren 30etik aurrera eska daiteke, deialdia espainiar estatuko Aldizkari Ofizialean argitaratu ondoren; Correosen edozein bulegotan eska daiteke eta uztailaren 13ra arteko epea izango da, legeak ezartzen duenaren arabera.

Udal eta foru hauteskundeak egin eta bi egunera, Hego Euskal Herriko herritarrek posta bidezko botoa eskatu ahal dute dagoeneko datozen hauteskundeetarako. Udako oporrekin batera izango dira.

Joan den igandeko udal eta foru hauteskundeetan 72.256 lagunek eman zuten botoa posta bidez Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroan, hau da, duela lau urte egindakoetan baino 10.578 gutxiagok.

Uztailaren 13ra arte zabalik dago eskaera egiteko epea, eta pertsonalki eta NANarekin aurkeztu beharko da, espainiar Estatu barruan posta bidezko botoa eskatzeko. Uztailaren 19a baino lehen bidali beharko da, bide ziurtatutik.

Eskabide inprimakia Barne Ministerio espainolaren webgunean deskargatu daiteke, eta bide telematikoz aurkeztu daiteke Correosen webgunean edo bulego batera bertaratuta.

Egun batzuk geroago, interesdunak bere etxean jasoko ditu alderdi politiko bakoitzaren boto-txartelak, erroldako inskripzioaren ziurtagiria eta botoa ematea dagokion mahaiko helbidea duen beste gutun-azal bat.

Txartela aukeratu eta dagokion gutun-azalean sartu ondoren, itxi egingo du, hauteskunde-mahaira zuzendutako beste gutun-azalean sartzeko. Gutun-azal horretan, gainera, erroldako inskripzio ziurtagiria sartuko da. Behin botoa bidalita, hautesleak ezingo du aurrez aurre bozkatu.

Estatutik kanpo

Estatutik kanpo bizi direnei, Hautesle Erroldaren Bulegoak ofizioz bidaltzen die dokumentazio guztia, eta lehen aldiz, boto-paperak modu telematikoan deskargatu ahal izango dituzte.

Posta ziurtatuaren bidez bozkatzen bada, kanpoan bizi denak dagokion txartela sartu behar du bozketa gutun-azalean, eta ondoren beste gutun-azalean sartu, Probintziako Hauteskunde Batzordeari zuzenduta. Gutun-azal horretan erroldako inskripzio ziurtagirietako bat, pasaportearen edo NANaren fotokopia bat edo nazionalitatearen ziurtagiri bat ere sartuko dira, beste agiri batzuen artean.

Hala ere, botoa eman dezakete ere uztailaren 20ra arte beren enbaxada, kontsulatu edo gaitutako zentroetan jarritako hautetsontzietan.