NAIZ

GARAk eta Eusko Ikaskuntzak lankidetza akordioa sinatu dute

GARAk eta Eusko Ikaskuntzak hitzarmena sinatu dute, «lankidetza-esparru bat» ezartzeko xedez. «Sinergiak sortu» nahi dituzte, edukiak «zorroztasunez» landu eta irakurleei helarazteko. «Talentua sustatzeko eta ezagutza trukatzeko» konpromisoa hartu dute bi erakundeek.

Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, GARAren Donostiako erredakzioan.
Iñaki Soto GARAko zuzendaria eta Ana Urkiza Eusko Ikaskuntzako lehendakaria, GARAren Donostiako erredakzioan. (Maialen ANDRES | FOKU)

Eusko Ikaskuntzak eta GARAk lankidetza akordioa sinatu dute astearte honetan. Ana Urkiza ikaskuntza, ikerketa eta ezagutza sustatzen dituen erakundearen lehendakariak eta Iñaki Soto Euskal Herria eta euskal herritarrak ardatz dituen egunkariaren zuzendariak izenpetu dute ituna, hedabidearen Donostiako erredakzioan.

Idatziak dioenez, «lankidetza-esparru bat ezartzea» da alde bien nahia, Eusko Ikaskuntzak «zorroztasunez eta zehaztasunez egindako lanaren berri emateko, eta, horrela, gizarteari bere egoera soziokulturalari bereziki eragiten dioten gaien inguruko informazioa helarazteko». Era berean, bi erakundeek egoki jotzen dute «harreman kualifikatuen sare bat eratzea, zorroztasun eta kalitateko edukietan sakontzeko eta GARAk jasotzen duen informazioarekiko konpromisoari jarraipena emateko».

«Talentua sustatzeko eta ezagutza trukatzeko» asmoa agertu dute, eta bi erakundeen lan batzordeen deialdiei erantzun eta horietan parte hartuko dutela ere adierazi dute, «baldin eta kalitate akademikoari laguntzeko, ikerketa-metodologia berritzaile eta egokiak aplikatzeko eta proiektuen bideragarritasuna bermatzeko egiten badira».

Hitzarmen honen garapena jarraitzeko batzorde parekide eta misto bat osatzea proposatu dute, bi erakundeetako ordezkariekin.

Hiru urteko iraupena du itunak, baina luzatzeko aukera jasotzen du.

«Oso pozgarria da»

Ana Urkizak eta Iñaki Sotok, biek adierazi dute beren poza akordio hau sinatu dutelako. Eusko Ikaskuntzarentzat «estrategikoa da» aliantza hau, erakundearen lanaren berri emateko aukera zabaltzen duelako. Bi helburu azpimarratu ditu Urkizak: alde batetik, EIrena berarena den lurraldetasun edo nazio ikuspegi hori ematea eta, bestetik, ohiko albistegintzatik harago adituei eta lantaldeetako kideei protagonismo handiagoa ematea.

 

 

Sotok erantsi du era batean edo bestean bi erakundeak direla euskal jendartearen parte eta lan desberdinak egiten dituzten arren, asmo batzuk partekatzen dituztela. «Guretzat oso inportantea da herria ardatz duten erakundeekin elkarlanean aritzea eta, orokorrean, esango nuke herri honek behar duela elkarlanean gehiago aritzea», nabarmendu du GARAko zuzendariak.

 

 

Horrekin batera, azaldu du hedabide honen kazetaritza ulertzeko modua «oso lotua dagoela pentsamenduari; hizkuntzaren, hezkuntzaren eta herri baten nortasunaren garapenari». Bere ustez, horretarako ahalegina egin behar da horretan aritzen direnei aditu eta zer kontatzen duten jakiteko. Horixe da GARAko kazetarien lanetako bat, hain zuzen: «Euskal Herrian gauzak egiten dituzten pertsonei entzutea eta haiei protagonismoa ematea».