Martxelo Diaz
Aktualitateko erredaktorea / redactor de actualidad

Tourraren etapetan Euskal Herria herri bat dela erakusteko deia egin du Gure Eskuk

Tourrak izugarrizko proiekzio mediatikoa dauka nazioartean. Aurtengo lehen etapak Euskal Herritik pasako direla aprobetxatuz, Gure Esku ekimenak hemen bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat dela erakusteko deia egin du.

Gure Esku ekimenaren kide Josu Etxaburu, Garazi Basterretxea eta Saul Arangibel, gaur Iruñean egin duten agerraldian.
Gure Esku ekimenaren kide Josu Etxaburu, Garazi Basterretxea eta Saul Arangibel, gaur Iruñean egin duten agerraldian. (Iñigo URIZ | FOKU)

Uztailaren 1, 2, 3 eta 5ean Frantziako Tourrak Euskal Herrian egingo dituen etapak Euskal Herrian bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat dagoela erakusteko deia egin du Gure Esku ekimenak.

«Gure Eskuren proposamenaren helburua Euskal Herria zazpi lurraldeko herri bat dela eta erabakitzeko eskubidea duela nazioartean aldarrikatzea izango da. Erronka globalei erantzuteko burujabetza osoa behar duen herria gara, arloz arlo gizarte ekimenez ere eredu propioak garatzeko gaitasuna behin eta berriz erakutsi dutena eta hori erakusteko probestu nahi dugu nazioartean Tourrak duen oihartzuna», azaldu dute ekimenaren kide diren Josu Etxaburu eta Garazi Basterretxeak Iruñean egin duten agerraldian.

‘Euskal Herria mundura’ izeneko ekimena antolatu dute, ikurrinak presentzia nabarmena izango duelarik. gureesku.eus webgunearen bidez izena eman ahalko da zein egun eta lekuan ikurrinarekin non jarri antolatzeko. Herrietako taldeekin hainbat leku esanguratsutan airetik hartzeko moduko irudiak sortuko dituzte.

Honekin batera, «inoiz egin den ikurrinik erraldoiena» ere sortuko dute. «Ikurren bidez aurkezten dugu geure burua, hemen eta munduan, eta uztailean, guztiok batzen gaituen ikur honen bidez nazioarteari keinu egingo diogu», azaldu dute.

Ekainaren 11ra arte ekarpenak jasoko dituzte itsuslapikoa.eus edo 644079065 zenbakira idatzita. Ekarpena egiten duen orok bere burua bertan ordezkatua ikusiko du, ikurrinaren gorri eta berdean euren izenak jarriko dituztelako. Zati zurian, berriz, ‘Euskal Herriak erabaki-Basques decide’ leloa paratuko dute.

Nazioarteko prentsari begira, Euskal Herriaren izaeraren berri ematen duen txosten bat prestatu dute Jon Benitoren laguntzarekin lasterketa kubritzera etorriko diren kazetarien artean banatzeko.

Bidasoak sinbolismo berezia

Ekimen honetan Zornotza-Baiona etapan Bidasoa ibaia zeharkatzen den uneak berebiziko garrantzia izango du. «Bi aldeetan euskaldunak bizi garela eta aldarrikapen ugari dituen herria garela erakutsi nahi da», azaldu dute. «Bidasoan bi errelato gurutzatuko dira. Tourreko antolatzaileentzat bertan amaitzen da Espainiako zatia eta Frantzian sartuko da. Guretzat dena da Euskal Herria, Bidasoa ez da muga, zubia baizik eta herri honen jarraipena irudikatuko dugu», adierazi dute, kanpainaren unerik esanguratsuena dela nabarmenduz.

Hori dela eta, Nafarroako jendeari Bidasoara hurbiltzeko dei berezia egin diete. 12.00etan Irungo Santiago frontoian elkartuko dira Santiago zubiraino joateko. Kalejira egingo dute Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoekin, erraldoi eta buruhaundiekin eta hainbat musikarirekin.

Irailean Vueltan

Tourrarekin egingo den lanketa irailean Vueltarekin errepikatuko da. Izan ere, irailaren 9 eta 10ean Nafarroan izango baita, Larra-Belaguan eta Lekunberrin amaituko diren etapekin. Helburua da lasterketa honek duen nazioarteko oihartzuna baliatzea bere etorkizuna erabaki nahi duen herri bat dagoela erakustarazteko. Nafarroa Berriz Altxa ekimenarekin lankidetzan antolatu dituzte ekitaldiak.

Gure Eskuk hamar urte

Bihar Gure Esku ekimenak hamar urte egingo ditu. «Hamarkada honetan, aurreko belaunaldien lanari segida emanez, herritarrok jabetu gara herri gisa erabakitzea prozesu bat dela eta elkarrekin egin behar den bidea dela. Erabakitzea bide bat da. Guk amesten dugun erabakitzeko ekintza kolektibo horren aurretik eta atzetik bidea egiteko egongo da. Urratsak eman behar ditugu burujabetzea ekosistemak osatzeko. Gero eta esparru gehiagotan burujabe izan, gero eta ahaldunduago egon emakume bezala, gazte bezala, erretiratu bezala, ... gero eta esparru ahaldundu horien arteko elkarlana eta saretzea sendoagoa izan, orduan eta hurbilagoa izango dugu herri gisa erabakitzeko ariketa edo, akaso, ariketak izan daitezkeenak», adierazi dute.

Itsasargia

Urte honetan zehar Gure Eskuko kideak ‘Itsasargia’ izeneko eztaidaida prozesuan murgildu dira. «Bidea argitzeko beharra sentitu genuen eta eztabaida saioak antolatu genituen herrietan. Oso aberasgarriak izan ziren eta hemendik aurrera jarraitu beharreko pausuak findu ditugu bertan», azaldu dute.

Gogoeta prozesu horretatik hiru ardatzetan lan egin behar dutela ondorioztatu dute. Lehena, erabakitzeko eskubidea jomuga dutela, Euskal Herriak etorkizuna erreferendum bidez erabakitzea. Bigarrena, helburu hori lortu beharrean burujabetza esparruak bereganatu behar direla, estrategiak, sareak eta aliantzak ehunduz. Horretarako, hirugarrenez, Euskal Herriko eremu administratibo desberdinen erritmo eta beharrei erantzun behar zaie, «amesten dugun herri hori zazpi lurraldez osatutako herria baita».

Gauzak horrela, Gure Eskuren proposamen politikoa josten ari dira, ‘Itsasargia’ prozesuan ateratako ondorioak lurreratzeko ekintza plana zehazten.