NAIZ

Gasteizko eskolek Palestinako genozidioa salatzeko elkarretaratzea egingo dute maiatzaren 10ean

Gasteizko hezkuntza-komunitateak bultzatuta, maiatzaren 10ean elkarretaratzea egingo dute Foruen Plazan. Ikastetxe, sindikatu eta hezkuntza eremuko eragileak dira deialdiaren sustatzaileak, egoera ez dutela normaltzat hartu nahi adierazi dute, eta mobilizaziorako dei egin dute.

Gasteizen Palestinaren alde egindako mobilizazio bat, urrian.
Gasteizen Palestinaren alde egindako mobilizazio bat, urrian. (Raul Bogajo | FOKU)

Gasteizko hezkuntza-komunitateko hainbat eragilek Palestinarekiko elkartasun-ekitaldi bat deitu dute, «herritarren aurkako genozidioa» amaitzeko eskatuz. 'Palestinako haurrak ere haurrak dira' lelopean, maiatzaren 10ean egingo da, ostiralez, arratsaldeko 18.00etan Foruen plazan.

Azaldu dutenez, hainbat ikastola eta institutuk astero Arabako hiriburuan egiten dituzten elkarretaratzeei eta ekitaldiei jarraipena ematen dien ekimena da, «Palestinako haurren sufrimenduaren aurrean».

Ekitaldiak San Martin, Zabalgana, Mariturri, Aldaialde, Toki Eder, Barrutia, Abetxuko, Aita Orbiso, Ibaiondo, Lakuabizkarra eta Lopez de Gereñu ikastetxeen babesa du, baita Zabalgana eta Mendebaldea institutuena, ELA, LAB eta Steilas sindikatuena eta Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformarena ere.

Komunikatu batean salatu dutenez, «azken hilabeteak historia liburuetara pasatuko dira, Palestinako biztanleria pairatzen ari den sarraski kriminala dela eta». Iraganeko eta gaur egungo egoera lotu dituzte beraien adierazpenetan: «Duela 75 urte baino gehiago da mugimendu sionistak palestinarren aurkako garbiketa etnikoa martxan jarri zuenetik, egun hauetan kanpaina horren adierazpenik krudel eta gupidagabeena ikusten ari gara».

«Urritik gaur arte, erregimen israeldarrak 40.000 pertsona baino gehiago hil ditu Gazako Zerrendan, eta beste ehunka Zisjordanian, horietatik erdiak inguru haurrak direlarik. Kopuru hori biderkatu egingo da datozen hilabeteetan, zantzu guztien arabera, Israelek ezarritako blokeoak eragindako gosete eta egarriaren ondorioz, edo zauri kirurgikoen edo gaixotasun infekziosoen gaininfekzioaren ondorioz», gaineratu dute.

Hezkuntza komunitatearen ardura

«Hori guztia gutxi balitz, halako krisi humanitarioari aurre egiteko osasun-azpiegitura oinarrizkoenak suntsitu egin dira, eta horrek egoera larriagotu du. Nazioarteko Justizia Auzitegiak berak ohartarazi du nahikoa zantzu daudela Israelen jokabidea genozidio krimentzat jotzeko», azaldu dute.

Deitzaileek adierazi dutenez, «Gasteizko hezkuntza-komunitatea oso kezkatuta dago aurrekaririk gabeko egoera honekin, eta ez du normaltasunez onartu nahi». «Ezin dugu normaltasunez onartu gizateria bera zalantzan jartzen ari den genozidio hau, eta hezitzaile garen aldetik, ezin ditugu hurrengo belaunaldiak hezi giza eskubideen urraketa nabarmen horiek normalak direlako ustean», adierazi dute.