NAIZ

Meloniren Gobernuak energia nuklearra berraktibatu nahi du Italian, erreaktore txikiekin

Italiako Gobernua legezko araudi bat lantzen ari da energia nuklearra berriz sartzeko (1987. urtetik ez dago horrelakorik han). Gobernu ultraeskuindarraren helburua herrialdeko energiaren % 20 sor dezaketen mini-erreaktoreak instalatzea da. Oposizioa plan honen aurka agertu da.

Gilberto Pichetto Italiako Ingurumeneko eta Segurtasun Energetikoko ministroak
Gilberto Pichetto Italiako Ingurumeneko eta Segurtasun Energetikoko ministroak (Marco BERTORELLO | AFP)

Giorgia Meloni buru duen gobernua lanean ari da legegintzaldi honetan energia nuklearra Italian berriro sartzeko. Buruzagi ultraeskuindarraren Gobernuaren asmoa ez da zentral nuklear handietara itzultzea, Italiak gutxienez 15 erreaktore txiki izatea baizik. Horrekin, hamarkada honen amaierarako herrialdeak behar duen energiaren %20 ekoiztera iristea aurreikusten du.

«Ahal dudan guztia egingo dut. Gobernuaren eta Parlamentuaren agindua da», adierazi zuen Gilberto Pichetto Ingurumeneko eta Segurtasun Energetikoko ministroak, beharrezko lege-esparruaz arduratu behar duen lantalde bat abian jarri duela iragartzean. Ministroaren arabera, erreaktore modular txiki bat erosi nahi bada, esparru juridiko bateragarri bat egon behar da.

Epeei dagokienez, teknologia hori erabiltzeko oraindik denbora pixka bat falta dela nabarmendu zuen: «Bi, hiru edo lau urte behar dira, produktua oraindik ez dago hor. Hamarkada honen amaieran erreaktore txiki horiek ekoizteko baldintzak izatea aurreikusten da. Legegintzaldi honetan (2027an amaituko da) dena martxan izatea nahi dugu», gaineratu du Radio 24 irratian.

1987an energia nuklearra utzi ondoren, Italiak ez du bere funtzionamenduari buruzko legerik, ez eta segurtasun-araudirik ere. Gainera, italiarrek energia nuklearrari uko egin zioten bi erreferendumetan, oposizioak eta talde ekologistek gogoratu duten bezala.

«Ministroak aipatzen duen energia nuklearraren sorkuntza berria ez da oraindik existitzen, oraingoz urteak iraungo dituen fase esperimental batean dago. Nola iragar dezake legeria? Niri iruditzen zait gobernu honen klima-aldaketaren politikak huts egin duela estaltzeko iragarkiak direla», esan du Sergio Costa Diputatuen Ganberako presidenteordeak, eta 5 Izarren Mugimenduko (M5S) kideak.

Aurora Floridia senatariak, Berdeen eta Ezkerraren Aliantzako kideak, Gobernuari leporatu dio «'greenwashing' operazio bat martxan jartzea».