
Martxoaren 3ko sarraskitik 49 urte beteko dira aurten. Gasteizen hildako bost langileen eta Basaurin eta Tarragonan hildako beste bien memoria aldarrikatzeko manifestazioa deitu dute ELA, LAB, ESK eta Steilas sindikatuek eta M3 Elkarteak beste urte batez.
Astelehen honetan Zaramagan aurkeztu duten mobilizazioa «herrikoia» izan dadin eskatu dute, «adin guztietako eta sozialki plurala den pertsonen parte-hartze masiboarekin eta urtez urte memoria kolektibo aktiboaren ariketa honekin bat egiten duten kideekin», adierazi dute.
Iazko manifestazioa markatu zuten Ertzaintzaren kargak gogoan izanda, parte-hartzea «askatasunez» gauzatu dadin nahi dutela nabarmendu dute. Hori dela eta, Lakuako Segurtasun Sailari eskatu diote «askatasunean manifestatzeko eskubidea berma dezala, iazkoak bezalako gertakari errepresiboak errepika ez daitezen».
Gainera, mobilizatzeko deia egiten duten erakundeek espazio «libre eta segurua» eraikitzeko «erantzukizun kolektiboa» eskatu diete bertara joango direnei. Horretarako, «zaintza eta elkarrekiko babesa lehenetsiko duten mekanismoak» ezarriko dituztela jakinarazi dute.
Martxoaren 3aren mobilizazioen zergatia gogora ekartzea «funtsezkoa» dela uste dute sindikatuek. «Gasteizko langileek esplotazio eta errepresio sistema frankistaren aurka borrokatu zuten, soldata eta lan eta bizi baldintza duinen alde. Gaur egun, borroka horrek indarrean jarraitzen du esplotazio kapitalistaren, faxismoaren eta autoritarismoaren aurrean, planetaren suntsipena, arrazakeria, heteropatriarkatua eta lan eta gizarte eskubideen murrizketa dakartenak», adierazi dute.
Eskubide sozialen alde
Beraz, aurtengo leloa ‘Faxismoaren aurrean antolatu, eskubide sozialak borrokatu!’ izango da. Gutxieneko soldata «duina» erabakitzeko dinamika nabarmenduko dute, «prekarizatuenak diren sektoreei mesede egingo diena, baina baita gizarte osoari ere».
Horrekin, gutxieneko pentsio «duinen» aldeko eta zainketen hezkuntzaren edo osasunaren arloko borrokak gogoan izango dituzte.
Jakitera eman dutenez, omenaldia 18.00etan egingo da, Martxoaren 3ko monolitoaren ondoan, eta 18.30ean manifestazioa hasiko da. Aurten Katedral Berrian amaituko da mobilizazioa, 1976ko hileta jendetsua gogoratuz.
Memoria Gunea, hondatuta
Bestalde, martxotik aurrera Memoria Gune izango den San Frantzisko eliza egoera oso txarrean dago. Eraikinaren fatxada eta sabaia hondatuta daude, barruan itoginak eta putzuak daude, NAIZek duela egun batzuk jakinarazi zuenez.
2022an eskatutako txosten arkitektoniko batean eraikinak egiturazko kalteak dituela ondorioztatu zuen, eta hori konpontzeko 1,2 eta 1,5 milioi euro arteko inbertsioa egin beharko litzatekeela. Orain, barrura sartu diren lekukoen arabera, egoera are okerragoa da.

Insultan a una esquiadora italiana por hablar ladino en una entrevista

La sanción a un mando por tocamientos a una cantinera desata una reacción machista en Irun

La adicción a la pregabalina no para de crecer en los márgenes

La Audiencia Nacional ordena el ingreso en prisión de Arantza Zulueta y Jon Enparantza
