«Kanpora joan garenean, euskaraz filmatzea balio bat dela ohartu gara»
Lara Izagirre (Zornotza, 1985) ‘rara avis’ bat da: gidoilaria, zinemagilea eta ekoizlea da. Dena batera. Gehitu diezazkiogun beste bi adierazgarri, emakumea eta euskalduna. ‘Yerma’ klasikoan oinarritutako filma prestatzen ari da, euskaraz eta nazioarteko partaidetzarekin.

Bilboko erdiguneko eraikin dotore batean egin dugu hitzordua Lara Izagirrerekin. Han baitago Gariza ekoiztetxea, «ekoiztetxe feminista eta independentea» legez erreibindikatzen dena. Atean, ‘Etxe Betea’ irakurri daiteke, emakume sortzaileei eskaintzen zaizkien erresidentzia artistikoak bertatik kudeatzen dituztelako. Horrelako erresidentzia batean kozinatu zen, alegia, Esti Urresolaren ‘20.000 erle espezie’ (2023) filma, euskal zinemagintzaren mugarri izan dena: Berlinen Urrezko Hartza lortu zutenetik, dena aldatu baita.
Bokazioz ekoizlea ez den arren, Izagirrek lan horretan dihardu, filmatzeari sekula utzi ez dion arren. Eskuartean dituen proiektuen artean –harrigarria da zenbat!–, bik ekarri gaituzte bere etxera: Lisboan aurkeztu berri duen ‘Empoderío’ dokumentalaren lehen irudiak –Otxarkoagako AMUGU emakume ijitoekin batera landu duen proiektua– eta 2025 eta 2026 artean filmatuko duen bere hirugarren film luzea.
«Asko ikasi dugu ‘20.000 erle espezie’ filmaren arrakastarekin. Izan da ‘ikasketa espres’ bat. Eta guk ikasi dugu pelikula bat mundu osoan zehar mugitzen»
‘Un otoño sin Berlín’ eta ‘Nora’ filmen ostean, ‘Yerma’ filmatzeari helduko dio. Maria Goiricelaya antzerkigilearekin batera idatzi du gidoia –2023ko Max saria irabazi zuen Goiricelayak Lorcaren klasiko honen bertsio berrituagatik–, eta, oholtzan bezala, Ane Pikaza sartuko da gaur egungo Yermaren azalean: 35 urtetik gora dituenean, intseminazio artifiziala erabilita, amatasunarekin bueltaka dabilen emakume independentea.
Gelara sartu, eta krokis bat aurrez aurre: Grezia, Luxenburgo eta Bilbo, Yermaren ibilbidea da fikzioan.

Ekoizpen lanetan buru belarri sartuta izango zinela uste nuen!
Nirea ez da agian figura oso arrunta euskal zineman eta Estatu mailan, ez baitago jende asko egiten duena gidoigintza, zuzendari lana eta ekoizpena. Lan batean ikusten bazaituzte edo ekoizle bezala arrakasta baduzu, badirudi utzi egin duzula beste guztia.
Eta niri dagokidanean, beti izan dira eskutik doazen hiru alor. Batzuetan batek eskatzen du bestea baino denbora eta intentsitate gehiago, eta horrela izan da azken urteetan ‘20.000 especies de abejas’-ekin. Baina, aldi berean, egin nuen film labur bat, “El regalo” izenekoa, eta grabatu dut dokumental hau ere, ‘Empoderío’ deitzen dena.
Orain, otsailaren hasieran, egin dugu irudien lehenengo aurkezpena Lisboan, Gunbelkian fundazioan, Partis & Art for Change jardunaldietan. Bizkaiko Diputazioaren eta Art For Chaing [La Caixa] ekimenaren laguntzarekin eta Nahiara Carmona aktorearen laguntzarekin, bera izan baita artista gonbidatua, antzerki lantegi bat egin dugu emakume ijitoekin, Otxarkoagan. Duela urte eta erdi hasi ginen eta proiektu hau elkarrekin sortu dugula esaten dugu. Ez da bakarrik nire ideia, beraiek erabakitzen zuten zeren inguruan inprobisatu nahi zuten. Beraien parte hartzea oso handia izan da historia eraikitzeko.
Eta beste gauza bat dago: gaur egungo emakume ijito euskaldunak dira, bertakoak. Beti esaten didate: «Gu emakume euskaldunak gara». Gazteenek hitz egiten dute euskaraz ere, badaukate hemengo euskaldun izatearen eragina ere.
Ijito emakumeekin zubiak sortu nahi zenituela esan izan duzu. Beharrezkoak dira zubi hauek, zeren askotan gure begirada, baita feminismotik ere, oso mugatua izaten da.
Nire lana izan da jasotzea. Ez dugu emakume hauen errealitatea gela horretatik kanpo ezagutu ahal izateko lanik egin. Ez, gure helburua honakoa zen: emango dizkiegu antzerkirako erremintak, grabatuko dut ahalik eta modu xumeenean, ez molestatzeko inor eta beraientzat eroso egotea erraza izan dadin. Zubia sortzea ondorio bat izan da.
Eta zubia hasi da sortzen orain, urte bat eta erdi beranduago. Han sortu dena da harreman bat, ikasle-irakasle harreman bat, errespetuzkoa, emakumeen arteko harreman bat. Nik Lisboara egin dugun bidaian ulertu ditut gauza asko.
Esaterako?
Ezin daitekeela egoera esaldi batean laburtu, egoera bakoitza oso desberdina delako, konplexua. Joan behar duzu eta ezagutu, horregatik da niretzat opari bat, zeren ezagutu ditut beraiek dokumentalaren bitartez, baina izan dut aukera beste inguru batean ezagutzeko ere, Lisboan, beste ijito batzuekin batera.
Balioko digu beraien errealitatea ezagutzeko, ezta? Estereotipo asko ditugu.
Lisboako aurkezpenean esan ziguten ijitoen inguruan bi ikuspegi daudela: edo flamenko musika eta dantza, edo bestelako ikuspegi guztiz negatiboa, lapurrak, zikinak eta horrelakoak. Eta, hain justu, gure dokumentala ez da kokatzen ez batean ez bestean. Erakutsi dugu beste zerbait: beraien eguneroko bizitzan nola antzezten ari diren, lasai egoten, barre egiten...

Bien bitartean, zure hirugarren film luzea prestatzen hasi zara. Estreinatu zenean ‘Yerma’, BBK antzokian ikusi nuen, eta oso ‘antzerkia’ da. Oso gaur egungoa ere bai. Ez dakit zer-nola daramazun Maria Goirizelaiarekin batera lan egitea eta oso hizkuntza desberdinak direnak, zinema eta antzerkia, zureganatzea...
Gidoiaren lehenengo bertsioa antzezlanetik oso hurbil egon zen, baina ni ez nintzen oso eroso sentitzen. Mariari esan nion: ‘Nik uste izan daitekeela ‘pelikulagoa’. Mariari ondo iruditu zitzaion eta modu naturalean joan gara urruntzen. Ez da arazo bat izan, aske ibili gara.
Zailena pelikularen egitura aurkitzea izan da, agian?
Normalean hala izaten da: hasiera, erdia eta bukaera. Eta gure kasuan, sortu da horrelako espiral bat, egitura bezala. Hori izan da zailena.
Bat-batean maitemindu zinen istorioarekin?
Ni bai, bat-batean maitemindu nintzen, baina Mariak izan zuen pelikula hau egiteko borondatea. Antzezlana amaitzen zen guztietan emakume piloa hurbiltzen zitzaizkion beraien esperientziak partekatzera, eta pentsatu zuen: ‘Polita izango litzateke hau handitzea eta beste eremu batzuetara eramatea’. Orduan, niregana etorri zen, Ane Pikaza aktorearekin batera, biak direlako La Dramatika Erranteko antzerki konpainiako partaideak.
‘Nora’, zure aurreko film luzea, road movie gazi-goxo bat zen, umore ukituarekin. Orain ur erabat dramatikoetan sartu zara.
Lagun bati erakutsi nion gidoia eta esan zidan gogorra zela, eta nola esan zuen?... Xaloa, atsegina, baina oso gogorra, era berean. Eta uste dut ez dela hain gogorra, zeren oso gogorra edo dramatikoa denean, une batean deskonektatu egiten duzu. Bada gogorra, baina izango da oso nirea ere.
Eta nago Mariarena ere izango dela. Oraindik asko jarriko dut zuzendari bezala gidoi honetan, baina nik nabaritu dudana zera da: askoz politagoa dela beste pertsona batekin idaztea. Ez dakit beste pertsona batekin, baina Mariarekin bai. Oso ondo moldatu gara batera.
«Hurrengo filma euskaraz filmatuko dugu eta nazioarteko ekoizpena izango du. Zati bat Grezian grabatuko da eta, dena ondo badoa, Luxenburgon beste zati bat»
Zuzendaritza ere bakartia al da?
Zuzendaritza lana ezin duzu inoiz egin bakarrik. Lantaldearekin ez zaude inoiz bakarrik. Nahiz eta zu izan zuzendari bakarra, aktoreak daude, argazki zuzendaria... lantalde erraldoi bat. Nik inoiz ez dut sentitu bakardade hori.
Ekoizle lanetan bai, ordea?
Iruditzen zait oso lan gogorra dela, batez ere beste bat denean zuzendaria. Zergatik? Ni ez naizelako bokaziozko ekoizlea. Nik egiten dudan lekutik ez da ekoizle arrunt batek egiten duen lekutik, eta niretzat oso gogorra izan da: presio hori sentitu nuen finantzaketa lortzeko.
Nabaritu al duzu aldaketarik ‘20.0000 erle espezie’ filmaren arrakastaren ostean? Izena, ospea...
Horretan bai.
Eta baliabideetan?
Bueno, asko ikasi dugu. Izan da ‘ikasketa espres’ bat. Ez badaukazu aukerarik, ez dakizu Berlinale bezalako jaialdi bat zer den. Eta guk ikasi dugu ‘a lo bestia’; esaterako, ikasi dugu pelikula bat mundu osoan zehar mugitzen. Gauza asko ikasi ditugu, eta horrek asko ematen dizu: badakizu nola egiten den eta zer egin duzun horra heltzeko. Batez ere hori izan da, zeren gero pelikulak egitea oso zaila da beti, eta lehia handia dago.
Adibidez, ‘Yerma’-ren finantzaketarekin hasi gara eta ondo doa. Baina pausoz pauso goaz, urduri, begiratuta zer esango du honek edo zer esango du besteak... halere, ez dut sentitzen beste leku batean gaudenik edo errazagoa izango denik, baina bai sentitzen dut askoz ere gehiago dakigula. Eta hori bada abantaila bat.
‘Yerma‘ euskaraz egingo duzu. Ez du bertigorik sortzen?
‘Yerma’ euskarazkoa eta nazioarteko ekoizpena izango da. Ikusitakoa eta gero, esan genuen: ‘Zergatik ez gara sartuko?’. Eta oso erraz lortu dugu nazioarteko ekoizpena. Zati bat Grezian grabatuko da eta, dena ondo badoa, Luxenburgon beste zati bat.
Eta hau gertatu da ikusi dugulako zer den nazioarteko zinemaren parte izatea. ‘20.000 especies de abejas’-en bitartez ikusi genuen eta esan genuen: ‘Bueno, ba agian egin dezakegu euskarazko pelikula bat, emakume batek zuzenduta eta nazioartekoa?’. Eta begira, badoa.
‘Casa en flames’ (Katalunia) bezalako filmen arrakastarekin, ikusten ari gara ikusleriak hizkuntza minorizatuetan filmatutako filmetan interesa baduela. Gauzak aldatu al dira, beraz? Halere, apustu handia da euskaraz soilik egitea.
Hemen agian ikusten da zailtasun bat bezala, edo batzuek ikusten dute zailtasun bat bezala, esanez euskaraz pelikula txikiagoa izango dela. Baina gero kanpora joan gara eta balio bat bezala ikusi dute euskara.
Nik ere bizi izan nuen ‘Nora’ pelikularekin zer den euskarazko pelikula bat egitea. Eta orduan, pentsatu genuena izan zen: euskarari zer eskaini diezaiokegu edo nola egin dezakegu euskarazko pelikula bat handiago? Eta esan genuen: ba etxetik irtenda! Eta etxetik irtengo gara.

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

