NAIZ

Israelek beste ospitale bat utzi du zerbitzutik kanpo Gaza iparraldean, 37 dira guztira

Gaza Hiriaren ekialdera dagoen haur ospitale bat, Martir Mohammed al Durra, zerbitzutik kanpo utzi du Israelgo Armadak, duela bi egun eraso ondoren. Dagoeneko 37 ospitale dira Gazan zerbitzurik eman ezinean gelditu direnak, Hamasen Gobernuko Osasun Ministerioak berri eman duenez.

Palestinarrak hildako maiteen aitzinean, Khan Yunisen, ostegun honetan.
Palestinarrak hildako maiteen aitzinean, Khan Yunisen, ostegun honetan. (Bob REIJNDERS | MIDDLE EST IMAGES/AFP)

37 ospitale zerbitzuz kanpo daude Gazan. Pazienterik hartu ezinik gelditu den azkena Martir Mohammed al Durra haurren erietxea izan da, bertako Osasun Ministerioak jakinarazi duenez. Orotara 50 bat azpiegitura dira erabili ezin direnak, tartean osasun zentroak.

Al Durra ospitalea Gaza hiriburuko ipar-ekialdeari zerbitzua ematen zion osasun zentro bakarra zen, hiriko iturriek Efe agentziari azaldu diotenez. Israelek husteko agindua eman duen auzoetan –Shujaiya, Tuffah eta Darraj, adibidez– jarraitzen duten familiek erietxe horretara jotzen zuten. Baita Jabaliako gune batzuetakoek ere.

«Krimen hau, haurrak tratatzera bideratutako osasun zentro bat helburu izan duena, nazioarteko eskubideak eta hitzarmen humanitarioak urratzen dituzten zapalketen zerrenda luze bati gehitzen zaio», salatu du Hamasek agiri batean.

Israelen erasoak ospitaleko zainketa berezien unitateak eta zentroko energia sistema alternatiboak kaltetu zituen.

Mugiarazteko estrategia izan daiteke

Zentroa Salah al Din errepidearen ondoan zegoen. Errepide honek iparraldetik hegoaldera zeharkatzen du Gaza, Israelgo mugatik hurbil. Armadak «debekatu» gisa markatutako gune batean kokatua zegoen. Zonalde «gorrian», gainera, Israelen husteko aginduen mende.

Momentu honetan Gazaren %69 dago baldintza horietan, Nazio Batuen arabera.

Ospitalea Israelgo tropak dauden zerrendatik hurbil ere badago. Horregatik, inguruko biztanleriari osasun zerbitzua kentzea mugiarazteko estrategia izan daitekeela susmatzen da, soldaduek aurrera egin dezaten.

Larrialdi plan baten premia

«Israelgo Armada iparraldera sartzen hasten denean, Indonesio Ospitalea hustuaraziko dute eta Al Awda bakarrik geldituko da. Larrialdi plan bat prestatu behar dugu ospitalea ebakuatzen dutenerako», adierazi zion Eferi Mohammed Salha Yabaliako Al Awda ospitaleko behin-behineko zuzendariak.

Al Awda haur-umeentzako ospitalea zen batez ere okupazioaren aitzinetik. Hurbileko klinikak ixten ari direnez, pediatra zerbitzua prest dute jada, bertako zuzendariak azaldu duenez.

Indonesio ospitalearekin batera, Gaza iparraldean aktibo dagoen erietxe bakarretakoa da Al Awda. Jabalia, Beit Lahia eta Beit Hanoun biltzen ditu eskualde honek.

51.350 hildakotik gora

Israelgo agintariek laguntza blokeatu zuten martxo hasieran eta hilabete bereko 18. egunean urtarrilean Hamasekin adostutako su-etena puskatu zuten.

Ostegun honetan Gaza iparraldean egin dituen erasoetan gutxienez 60 pertsona hil ditu Armadak, bertako iturri medikoen arabera.

Azken erasoa Jabalian izan da; gutxienez hemezortzi lagun hil dira bonbardaketa batean, baina kopurua handiagoa izan daitekeela uste dute, hondakinen artean harrapatutako jendea dagoelako. 

Wafa agentzia palestinarraren arabera, erasoa familia etxe baten aurka izan da; bertan gerrak lekualdatzera behartu dituen pertsonak babesten ziren.

Eraso hori baino ordu batzuk lehenago beste bonbardaketa bat izan da Gaza Hiriko Al Yarmouk kalean eta gutxienez zazpi pertsona hil dira, horien artean haurrak ere bai.

Gazako Gobernuak jakinarazi duenez, 51.350 palestinarretik gora hil eta 117.200 baino gehiago zauritu ditu jada Israelek 2023ko urriaren 7tik. Su etena hautsi zuenetik, 2.000 pertsona hil eta 5.200 zauritu ditu Israelek.