Ion Garate
NAIZ Irratia. KirolHaria saioko gidaria
Entrevue
Usoa Ostolaza
Laboral Kutxako txirrindularia

«Oso harro nago denez, Pirinioetako Tourreko garaipena talde osoarena da»

Une txarrak pasatu zituen Usoa Ostolazak (Zarautz, 1998) duela bost urte, lesioen ondorioz triatloia utzi behar izan zuenean. Txirrindularitzak, ordea, bizitzan beste aukera bat eskaini zion, eta esku zabalik merezitako fruituak jasotzen ari da.

Audio_placeholder

«Oso harro nago denez; Pirinioetako Tourreko garaipena talde osoarena da»

Loading player...
Usoa Ostolaza, Pirinioetako Tourrean, taldekide bat besarkatzen.
Usoa Ostolaza, Pirinioetako Tourrean, taldekide bat besarkatzen. (Fabien LENFANT | DIRECTVELO)

Pirinioetako erregina bezala bueltatu da Usoa Ostolaza etxera, bertako lasterketan bigarren aldiz jarraian irabazita. Arlo indibidualean baino taldekako lanean jarri nahi izan du fokua, urteen poderioz Laboral Kutxan egiten ari diren lan onari esker, etorkizunean ere fruitu gehiago lortzeko.

Bigarren urtez jarraian Pirinioetako Tourreko txapeldun izan zara. Esan beharrik ez dago pozik egongo zarela.

Oso pozik. Iaz nire lehenengo garaipena izan zen Aubisqueko mendatean. Lasterketa berdinean garaipena errepikatzeagatik pozik nago, batez ere bigarren etapan geratutako sentsazioengatik eta atzo [igandean] maillot horia mantentzeagatik. Hau guztia ez da bakarrik nire sentsazio onei esker izan; gure taldeak, Laboral Kutxak, egundoko lana egin du. Oso fuerte egon dira neskak, egunero laguntzen. Pozik nago taldea ematen ari den aurrerapausoarekin, nola gero eta hobeto lan egiten ari den, gero eta maila altuagoa lortzen, gero eta gehiago ikasten kirol honetan. Garaipena talde osoarena da.

Iaz ere garailea izanda, presioa nabaritu al duzu aurten?

Lasterketa hasi aurretik, mikrofonotik iazko irabazlea nor den esaten dute. Ikusleak eta antolatzaileak gerturatzen ziren ea aurten berriz ere irabazterik nuen. Azkenean komentario horiek nahi gabe eragiten dute, eta nik neuk badakit azkenean posible zela, ez dakit garaipena lortzea, baina bai borrokan egotea, nirekin edo Ane Santestebanekin, eta aukera genuela berriro etxera eramateko garaipena. Noski sentitzen duzula presio hori. Lehenengo urtean, aurreneko aldiz joaten zarenean, espektatiba gabe joaten zara, eta badakizu fuerte egon zaitezkeela. Baina hortik irabaztera pauso bat dago. Aurten beste urduritasun batekin joan naiz, baina sentsazioak onak direla eta hor borrokan zaudela ikustean, tokatzen dena da kontzentratzea eta lan egitea. Dena ondo egiten denean, lehenago edo beranduago emaitza etortzen da. Eta atzo jaso genuen fruitu hori.

Pirinioetako Tourra dagoeneko zure lasterketa kutunena dela esan al daiteke?

Gehienek hori galdetzen didate orain, eta badaukat hori esatea. Lehen esan dudan bezala, nire aurreneko garaipena izan zen Aubisquen, etxetik gertu. Mendate mitikoa da eta leku politak ditu. Etxetik gertu egoteak eta Tourrean igo izan diren mendate horiek berezia egiten dute lasterketa hau. Gogoratzen naiz lehengo urtean Aubisquen behe lainoa zegoela, eta aurten berdina gertatu da Soulorren, eguraldi bera zegoen behe lainoarekin. Lasterketa hau berezia izaten ari da azken bi urteetan niretzat. Atzo esan nien antolakuntzakoei hurrengo urtean saiatuko naizela berriro irabazten.

«Pirinioetako Tourra lasterketa berezia izaten ari da azken bi urte hauetan niretzat. Atzo [igandean] antolakuntzakoei esan nien hurrengo urtean saiatuko naizela berriro irabazten»

Lasterketan, sentsazio aldetik, ondo amaitu al duzu?

Egia esan, lehenengo etapan ez nituen sentsazio onenak eduki eta kezka puntu bat izan nuen, baina bigarren etapa amaieran, momentu erabakigarrian, ondo sentitu nintzen. Eta atzo [igandean] zer esanik ez! Lasterketa osoan zehar ondo sentitu nintzen eta asko disfrutatu nuen ikusita taldea zein ondo ari zen lanean. Beti zegien arriskua lehen postua galtzeko, baina taldearen lan ona ikusita, momentu horiek oso politak dira eta pozik nago disfrutatzeko aukera izan nuelako.

Urtea ederra doa. Pirinioetako Tourrean etapa eta sailkapen nagusia irabazi duzu; El Salvadorren bi etapa garaipen eta bigarren sailkapen nagusian; Itzulian ere maila bikaina eman zenuen; laster defendatu beharko duzun Espainiako erlojupeko txapelduna ere bazara... Zerbait gehiago eskatu al daiteke?

Pozik nago orain arte izaten ari naizen errendimenduarekin. Baina orain datoz lasterketa garrantzitsuenak, Giroa eta Tourra, adibidez. Horretan zentratu nahi dut lanean. Espainiako Itzulian izan nituen sentipen berdinak eduki nahi ditut lasterketa horietan. Lehengo urtean egon nintzen lasterketa horietan; esperientzia hartzen ari naiz, eta aurten beste gogo batekin joan nahi dut, ea lehengo urtekoa hobetzen dudan, emaitza edo sentsazioei dagokienez.

Laboral Kutxan momentu ederrak bizitzen ari zarete. Orain lasterketa handienetan izango zarete.

Oso harro nago guztiez. Atzera begiratzen badut, duela bost urte ni hasi nintzenean, talde honetan eta txirrindularitzan, ordutik hona egin ditugun aurrerapauso guztiak ikusten dira. Lasterketa bakoitzean zerbait ikasten dugu, eta horrek pixkanaka esperientzia ematen dit. Gero eta hobeto kudeatzen ditugu egoerak. Adibidez, atzo ez zen erraza, beste taldeek zaildu egiten dute guk garaipen hori lortzea, eta egoera horiek kudeatzea eta bertan defendatzen egotea ez da hain erraza. Egoera hauek gainditzen goaz pixkanaka. Emaitza aldetik ere garaipen edo emaitza on gero eta gehiago lortzen ari gara. Egutegi aldetik, munduko lasterketa onenetan egoteko aukera dugu, eta gauza gutxi gehiago eska daitezke. Bide honetatik jarraitu nahi dugu.

Laster Espainiako txapelketako maillota defendatu beharko duzu. Giroa ere gertu dago. Txapelketa buru-belarri prestatzera edo Girora joaten al da burua?

Espainiako Txapelketako garaipena noski saiatuko garela berriro gure taldean gelditzen. Egia da lasterketa berezia izaten dela eta pertsonak ez duela talde bat izaten lan egiteko; guk, kasu honetan, badaukagu, beraz saiatuko gara gure taldean gelditzen garaipena. Ondoren, Giroan eta Tourrean pentsatzen jarriko gara. Lasterketa garrantzitsuak dira eta nik uste dut, gure ezaugarriengatik, batez ere Giroa ondo etorriko zaigula eta saiatuko gara bertan maila ona ematen. Ane Santesteban ere oso ondo dago eta seguru nago denen artean emaitza txukun bat lortuko dugula.

Usoa Ostolaza, taldekideekin Pirinioetako garaipena ospatzen. (Fabien LENFANT/DIRECTVELO)

Duela bost urte triatloitik txirrindularitzara pasatu zinen lesio batzuen ondorioz. Lesioak beti izaten dira albiste txarrak, baina batzuetan beste bide batzuetara eramaten zaituztete. 'Pozten' al zara egindako aldaketaz?

Unean bertan, ez; lesioa izan nuenean, uste nuen nire kirol bizitzaren bukaera zela, zalantzarik gabe. Gogoratzen naiz Haimar Zubeldia txirrindulariarekin entrenatzen esan zidala: 'Gauzak zerbaitengatik gertatzen dira'. Horrela esan zidan eta, denbora igaro denean, esaten duzu: 'Ba, bai, begira'. Orain atzera bueltatuta, dena berdin egingo nuke. Lesio horrek eraman ninduen txirrindularitza probatzera; behin probatu eta Laboral Kutxan sartu nintzen, eta denbora pasatu ahala, emakumeen txirrindularitzak egin dituen aurrerapauso guztiak eta profesionalizatu den guztiarekin, ahal izan nuen fisioterapeuta lana alde batera utzi eta guztiz txirrindularitzan zentratzea. Bide hau guztia honela egin izan ez banu, une honetan ez nintzen, noski, hemen egongo. Orain pila bat gozatzen ari naiz txirrindularitzarekin, lasterketetan eta eguneroko bizitzan. Pena edo inbidia puntu hori sentitzen dut triatloieko lagunak ikusten ditudanean. Baina txirrindularitza alde batera uzten dudanean, saiatuko naiz pendiente ditudan proba batzuk egiten; Zarauzko triatloia, esate baterako.