Joxe Azurmendi, ekipoan aritu den «idazkina»
Joxe Azurmendi filosofo emankorra hil da. Itsasargia, maisua, eruditoa, konprometitua... Halako aitortza mezuak zabaldu dira nonahi. Ez da harritzekoa, haren ekarpena, arrastoa eta galera izugarria baita. Nor izan den hobeto ezagutzeko asmoz, bere bizitzaren nondik norakoak jaso ditugu.

Nola laburtu zortzi hamarkadatik gorako ibilbidea? Nola transmititu ozeano oso bat hiruzpalau tantatan? Joxe Azurmendiren biografia ofizialik idatzi ez bada ere, haren bizitza laburbiltzen duten lan dezente egin dira azken urteetan: Wikipedian errepaso bikaina egin dute, Lorea Agirrek solasaldi oparoa egin zuen Azurmendirekin, Haritz Azurmendik haren bizitzaren kronologia zehatza egin zuen bere doktore tesian... Horiek oinarri hartuta, Azurmendiren bizitzako mugarri eta pasadizo batzuk azalduko ditugu jarraian.
Zegamatik Arantzazura
Joxe Azurmendi Otaegi Zegaman jaio zen, 1941eko maiatzaren 19an. Gerraoste betean jaio zen, familia langile eta euskaldun batean. Osaba bat Frente Popularrekoa zuen, eta kartzelan eduki zuten; beste osaba bat, berriz, fusilatu egin zuten.
Hamar urterekin Arantzazuko frantziskotarren ikastegira joan zen. Bere hitzetan, «pobreen unibertsitatera». Zergatik? «Neuk eskatuta eta, gainera, aitaren borondatearen kontra. Aitarekin haserre handiak edukita. Sekula ez dut jakin zergatik. Familia ez zen oso erlijiosoa ere, oso deboziozkoa. Aita, batere ez. Ama, gehiago. Baina ez zegoen inolako harremanik erlijioarekiko edo apaizekiko». Azkenean, baina, bere borondatea gailendu zen.
Tarte horretan hainbat galera izan zituen. Hasteko, aita hil zitzaion lan istripuan, paper-fabrikan ari zela: «Aita hil, aita hil. Aita / hil dit Jaungoikoak», egiten zuen lantu gaztetako olerkietan. Segitzeko, «euskara galdu egin nuen, debekatuta zegoelako, eta hitz egiteko gauza ez izateraino galdu nuen. Umeak berehalaxe galtzen du. Neure aitarekin erdaraz hitz egin nuen bere azkeneko egunetan. Erdaraz hitz egiten nuen anai-arrebekin ere».
Euskara ez ezik, euskal identitatea ere galdu zuen: «Ni ume euskalduna naiz, sortzez, baina maisuek beti euskaldunez mespretxuz hitz egiten zutenez, ni neu iritsita nago neure burua ez-euskaldun sentitzera. Euskaldunak baino gehiago sentitzera, edo diferente behintzat». Pentsa, «Jose Antonio Primo de Rivera orduan 'grandioso' sentitzen nuen, idazle ona eta etorkizun-sena zuen politikaria. Hortik paseak gara eta hortik bueltatuak gara».
«Ni ume euskalduna naiz, sortzez, baina maisuek beti euskaldunez mespretxuz hitz egiten zutenez, ni neu iritsita nago neure burua ez-euskaldun sentitzera. Euskaldunak baino gehiago sentitzera, edo diferente behintzat»
Buelta horretan, Erriberrira joan izana mugarria izan zen: «Hamasei urterekin joango nintzen, eta hiru urte egin nituen han. Erriberrira filosofia egitera joan ginenean hasi nintzen ni Euskal Herria deskubritzen, euskara deskubritzen, Arturo Campion irakurriz, irrika handiz gainera». Gazteluan gora eta behera, «entusiasmatu egin nintzen garai bateko Nafarroarekin. Nafarroako konkistaren arazoak neu pertsonalki mindu ninduen, nafarra sentitzen hasi nintzen». Euskarazko poesia idazten ere hor hasi zen.
1959an Arantzazura itzuli zen, eta hor hasi zen euskara eta euskal identitatea kontzienteki lantzen. Kepa Enbeitak eta Joseba Intxaustik bultzatuta, Jakin eraberrituko kide egin zen, eta lehen artikuluak argitaratzen hasi zen: ‘Bergson-en problema’, ‘Neskatxak ez dute euskeraz itzegin nai...’, ‘Asi gaitezen komunismuarekin alkar izketan’... Jakinen jite berriarekin bat, askotariko gaiak lantzen zituen: kultura, erlijioa, poesia, literatura, hizkuntza...
Europan barna
1964an Arantzazutik Forura joan zen, latina eta literatura irakastera. Hantxe apaiztu zen. Europara jo zuen hurrengo urteetan: Finlandian, Parisen eta Budapesten egon ostean, 1965ean Erroman egon zen, teologia ikasketak egiten. Handik, berriz, Alemaniara joan zen, Münsterrera, teologia ikasketak jarraitzera. Liluratuta geratu zen: «Egia esateko, ni alemanen beldur nintzen orduan. Imajinatzen nituen beti bota luzeak jantzita, nazi batzuk, alegia. Eta deskubritu nuen Alemania harrigarri bat: jende maitagarria, adeitsua eta zuzena, eta laguntzeko prest zegoena. Nik neukan irudiaren erabat kontrako Alemania bat ezagutu nuen. Alemana ikasi nuen kurtso intentsibo batean, eta bertan gelditu nintzen estudiatzera». Behin amaituta, 1970-1975 artean Filosofia ikasketak egin zituen Münsterren bertan.
Eta hor ere izan zuen ezustekorik. Izan ere, «akusatu ninduten, baita prentsan ere, Carrero Blanco hiltzeko armak eta lehergaiak pasatzeaz. Abisatu zidaten ezkutatzeko, eta ezkutatuta egon nintzen». Polizia alemanak berak babestu omen zuen: «Ezkutatuta eduki ninduten beren pisu batean, hilabete pasa. Debekatuta neukan handik ateratzea ere. Baina Urte Zaharrean, Alemanian zarata terriblea atera ohi dutela-eta, nire gela horretan, nonbait, beldurtu egin nintzen, eta handik atera eta kalean bueltaka ibili nintzen gau osoan. Eta, orduan, esan nuen, ‘ni ez noa hor ezkutatuta bizitzera, ni banoa etxera normal bizitzera, eta kito’. Eta ez zen ezer pasa. Eta horrela jarraitu nuen». Espainiako enbaxadorea eta guzti joan omen zitzaion, Carreroren hilketa kondenatzen zuen idatzi bat sina zezan. Hark, baina, uko egin zion.
Ondorioz, Hego Euskal Herrira ezin zuen itzuli: «Polizia alemaniarrak berak esan zidan ez etortzeko inoiz gehiago. Ez dakit zein informazio edukiko zuten, baina hauxe esan zidaten: ‘Zu hemen egoiliar zaren bitartean, guk zerbait egin genezake, baina itzultzen bazara inork ez zaitu libratuko zazpi-zortzi eguneko torturatatik’. Beraz, bazekiten hemen torturatzen zela».
Marxismoa hizpide
Kanpoan ibiltzeak ez du esan nahi Euskal Herritik erabat aparte zebilenik. Hasteko, erbestean zeuden militanteekin harremana sendotzeko aukera izan zuen bitarte horretan. Bereziki Txillardegirekin, orduan Bruselan baitzegoen. Krutwigekin ere kontaktuak izan zituen. Horrez gain, Donapaleura eta Baionara ere sarri etortzen zen. Adibidez, 1973an Udako Euskal Unibertsitatearen lehen ekitaldietara etorri zen, eta Manex Erdozaintzi, Piarres Xarriton eta beste hainbat kide ezagutu zituen. Eztabaidetan ere presente zegoen, Jakinen, Anaitasunan eta Zeruko Argian kolaboratzen jarraitu baitzuen. 1967an lehertutako ‘Zergatik eta zertarako euskaldun’ polemikaren protagonistetako bat izan zen, esaterako.
Garaiko eztabaidetan: «Zuek marxismoa esaten duzuen hori, marxismo dogmatiko bat da. Ez da internazionalki marxismoa ere. Marxismoak, gaur, errepresentazio diferenteak dauzk, zuena XIX. mendekoa da»
Garai horretan, Euskal Herrian marxismoa zen eztabaidagai nagusietakoa. Azurmendiri ere sortzen zion interesa: «Nik ere marxismoaz asko irakurtzen nuen. Münsterren estudiatzen nuen eta han literatura marxista asko saltzen zen. Lenin eta Stalin eta hauek italieraz irakurri nituen lehenengoz. Erroman hasi nintzen marxismoaz irakurtzen. Arantzazun uste dut ez zegoela gauza handirik, edo behintzat nik ez nuen irakurri». Alemanian marxismo interesgarri bat topatu zuen, gainera: «Nik neomarxismo frankfurtiar liberalago bat aurkitu nuen. Liberalagoa zentzu honetan: marxismoaz gain, Freud sartzen du, soziologia modernoago sartzen du, antropologia sartzen du... Ez da marxismo dogmatiko bat».

Ipar Euskal Herrian ere hala topatu omen zuen. Bere iritziz, baina, Hego Euskal Herrian bestelakoa zen errealitatea: «existentzialismoa inspirazio gisa hedatu zen bitartean, marxismoa doktrina bezala plantatu zen batez ere, batzutan kredo bezala ere bai». Marxismo hori, dialektikoa beharrean, «itxiturakoa» omen zen. Alemaniako irakaspenak gogoan, horren aurrean honakoa zen Azurmendiren eta Txillardegiren mezua: «zuek marxismoa esaten duzuen hori, zuen marxismo dogmatiko bat da. Ez da internazionalki marxismoa ere. Marxismoak, gaur, errepresentazio diferenteak dauzka. Alemanian batez ere Frankfurteko eskolarekin, Polonian Kolakowskirekin, eta abar. Zuen marxismoa XIX. mendeko marxismo bat da».
Hori frogatu eta marxismoaren eta abertzaletasunaren arteko artikulazio aberatsagoa bilatzeko asmoz, Azurmendik eta beste hainbatek «plan bat» egin zuten, «liburutxo batzuk estudianteen arten, eta Euskal Herrian oro har, zabaltzeko». Esan eta egin, auziari lotutako lan ugari egin zituen zegamarrak: ‘Hizkuntza, etnia eta marxismoa’ (1971), ‘Kultura proletarioaz’ (1973), ‘Nazionalismo - Internazionalismo Euskadin’ (1979), ‘PSOE eta abertzaletasuna’ (1979)...
Euskal Herrira itzulera
1976an Hego Euskal Herrira itzuli zen: «Franco hil zenean, Jakinen ibilitakoak Donostian etxe batean bizitzen jarri ziren. Joan Mari etorri zen Paristik, Joseba Intxausti Bartzelonatik. Eta ni Jakinera etorri nintzen. Nik garbi esan nuen: ‘Ni komentura ez noa. Baina Jakinera bai’. Eta nire etxea Jakin izan da». Gerora, Koloniaren (Alemania) eta Donostiaren artean bizi izan da urte luzez.
Apaizgoa utzi eta euskarazko kulturgintzako mugimenduan bete-betean murgildu zen hamarraldi horretan. Jakineko zuzendaritzan aritzeaz gain, Donostiako Bilintx liburu dendaren irekieran lagundu zuen, Elkarren eta Euskaldunen Egunkariaren sorreran parte hartu zuen, UZEI lexikografia eta terminologia zentroarekin hainbat elkarlan egin zituen... Berak, apaltasunez, erlatibizatu egiten du parte hartze hori: «Jakinen laguntzen nuen, hori da beti egin izan dudana, lagundu. Nik beti esan izan dut neure buruarengatik, ni bigarren oso ona naizela, eta lehenengo oso txarra. Gauza guztietan. Kolaboratzaile on bat».
«Euskal abertzaletasuna berregarri uzten saiatzen direnean eta barre egiten digutenean ez dira konturatzen barregarri eurak geratzen direla. Ez-jakin batzuk dira»
Bere ibilbide akademiko eta profesionalean ere urrats sendoak egin zituen garai hartan. EUTGn eskolak eman zituen, Deustuko Unibertsitatean. Garai horretan, Jakineko lagunek bultzatuta, Arizmendiarrietaren inguruko doktore tesiari ere ekin zion. Aitortzen zuzenez, hasieran nagia sentitzen zuen, «ni aski ezkertiarra bainintzen orduan, edo uste nuen nintzela, kooperatibismoaren kontra egoteko». Alabaina, «hasi nintzen haiek ordenatzen, irakurtzen bere idatziak, fitxak hartzen, notak egiten. Eta, poliki-poliki, Arizmendiarrieta aurkitu nuen, eta aurkitu nuen benetan buru interesgarri bat dela, gizon interesgarri bat». Gerora, gizaberearen dimentsio kooperatiboa ulertzeko funtsezko iturrietako bat izan du.
1982an EHUra igaro zen, Zorroagako Fakultatera eskolak ematera. Hantxe aurkeztu zuen tesia, Victor Gomez Pin eta Julio Caro Barojak zuzenduta, eta irakasle titular izendatu zuten 1986an. Hurrengo urteetan, liburu eta artikulu ugari argitaratzeaz gain, unibertsitatetik bertatik ere ekarpen interesgarriak egin zituen euskal pentsamendua garatzeko: klaseak eman zituen; beste batzuekin batera «Klasikoak» bilduma abian jartzen ibili zen, filosofiako oinarrizko pentsalarien lanak euskarara itzultzeko; 1992-1995 artean Eusko Ikaskuntzako Batzorde Iraunkorreko kide izan zen, EHUko errektorea ordezkatuz; Eusko Ikaskuntzen Nazio Arteko Aldizkariko (RIEV) erredakzio kontseiluko kide izan zen... Ibilbide oparo hori dela medio, EHUko Filosofia Modernoko Katedradun izendatu zuten 1993an.
Euskal Herria krisian
Euskal Herrian ez zen giro urte horietan. Berunezko urteak ziren, gatazka politiko-militar gordinaren aroa. Enbeitak, Torrealdaik eta Azurmendiren beste lagun-min batzuek ez ezik, Azurmendik berak ere jasan zuen zuzenean. Adibidez, Euskaldunon Egunkaria itxiarazi zutenean, Azurmendi ere ikertua izan zen, nahiz eta azkenean ez zuten auzipetu. 2010ean lekuko moduan deklaratu zuen epaiketan.
Gatazkak eztabaida politiko, sozial eta filosofikoak ere blaitzen zituen: biolentzia zilegi al da? Zein egoeretan? Azurmendik ez zion iskin egin auziari, eta horri lotutako hainbat liburu argitaratu zituen 90. hamarkada amaieran: ‘Oraingo gazte eroak’, ‘Euskal Herria krisian’, ‘Demokratak eta biolentoak’... Horien bitartez, zenbait diskurtso manikeoren hipokresia biluzteaz batera, biolentziaren arrazoiak ulertzen saiatu zen: «nik ez dut biolentzia justifikatzen, nik diot biolentzia justifikatuta egon dela. Nik beti esaten dut, neure formazioz, ezin dut justifikatu. Baina hemen justifikatuta dago. Dago. Komunitarioki onartuta dago. Nola onartzen du komunitate batek horrelako gauza bat? Ba onartu beharrean aurkitzen delako. Bestela inork ez du onartzen hori».
Hori kontuan izanik, Azurmendirentzat, biolentzia abstraktuki kondenatu beharrean, gatazka biolento konkretu horri soluzio praktikoak ematea zen egiteko behinena: nola sortu baldintzak politiko, sozial eta kulturalak biolentzia inork onartu beharrik izan ez dezan? «Bakea ez da predikatzen, bakea egin egiten da», azpimarratzen zuen.
Milurteko berria hastearekin bat, berriz, nazioaren auzian sakondu zuen, trilogia mardula argitaratuz: ‘Espainiaren arimaz’ (2006), ‘Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua’ (2007) eta ‘Volksgeist-Herri gogoa’ (2007). ‘Espainolak eta euskaldunak’ (1992) liburu entzutetsuan nola, Europako pentsamenduan barna murgildu eta zenbait intelektual espainol eta ‘zibikok’ haizatutako topiko-tipikoak (euskaldunak = etnikoak, itxiak) hankaz gora jarri zituen: «Euskal abertzaletasuna berregarri uzten saiatzen direnean eta barre egiten digutenean ez dira konturatzen barregarri eurak geratzen direla. Ez-jakin batzuk dira».
‘Azken egunak Gandiagarekin’ (2009) liburua idatzi zuen jarraian. Bere liburu pertsonalena izan da. Gandiaga lagunarekin elkarrizketan, bizi zentzuaz, heriotzaz edota fedeaz hausnartu zuen, beste gai askoren artean: «bizitza bat aukeratzeko hamaikari uko egin beharra da» baieztatzen du bertan, aukera horien inguruan gogoeta eginez.
Lanak bukatzen
Azken urte luzeetan gaixo ibili da: «Bai, urte asko, aje asko, botika asko. Bolada luzetxoa da medikuek kirofanotik kirofanora narabiltela. Material pila daukat, ordea, hainbat gairen inguruan bilduta, eta gustatuko litzaidake erdi egindako lanen batzuk bukatzea, beste ezer egiten ez dakit eta», zioen 2016an.
Diziplina frantziskotarrak bultzatuta, azken urteetan lan horietako asko bukatu eta argitaratu ditu: Euskadi Literatura Saria saria jaso zuen ‘Historia, arraza, nazioa’ (2014), ‘Gizabere kooperatiboaz’ (2016), ‘Hizkuntza, nazioa, estatua’ (2017), ‘Beltzak, juduak eta beste euskaldun batzuk’ (2018)... ‘Europa bezain zaharra’ (2023) azkena, beti bezain zorrotz eta iradokitzaile. Seguru bere artxiboan beste hainbat lan ere geratu direla erdi-eginda, aurrerago argitaratuko direnak.

Sariak eta aitortzak ere jaso ditu azken urteetan. 2010ean ohorezko euskaltzain izendatu zuen Euskaltzaindiak; 2011n EHUko Katedradun emeritu izendatu zuten; 2014an Jakin taldeko zuzendaritza utzi eta ohorezko kide bihurtu zen; 2018an Gipuzkoako Foru Aldundiak Urrezko Domina eman zion Jakin Taldearekin batera... Bere pentsamendua aitortu eta zabaltzeko ere hainbat ekimen egin dira. Hala nola, Joxe Azurmendi Katedra sortu zen 2019an, eta Joxe Azurmendiri eskainitako ‘Euskal pentsamenduaren ur-jauzia’ kongresua egin zen urte horretan bertan.
Idazkina
Jabetuko zinetenez, Azurmendiren obraren zabaleroa ikaragarria da. Hemen aipatu gabeko beste hainbat gai ere landu ditu: gizakiaren aberetasuna, teknika, erlijioa, literatura... Guztira 42 liburu eta ehunka artikulu argitaratu ditu, euskaratik eta euskaraz. Arrazoiz, euskal saiogilerik oparoenetako bat dela esan ohi da.
Nondik sortu ote zaio horrenbeste gairekiko interesa? Haren hitzetan, «kuriositatea beti eduki dut. Sobrante gainera. Nik akats bat daukat: ni egoten banaiz zapatari bati begira ere, berehalaxe jakin nahi dut nola arraio egin daitekeen hori. Eta, badakit, neu munduko gauzarik inutilena naizela gauza horiek egiteko, baina jakin nahi izaten dut, nola egiten den eta zergatik». Hala, «eszeptikoa izanda ere, ni aktibo naiz. Ni azkenean, nolabait optimista bat naiz, bilaketan oso aktiboan segitzeko».
«Nik lumarekin lan egiten dut eta langilea naiz besterik gabe: idazkina. Nik idatzi dudana, guztion borroka eta premietatik idatzia da. Literatoak askatasunetik idazten badu, euskarazko saiogileak, onenean ere, askatasunerako»
Bilaketa horretan oinarriak eta iparra argi izan ditu: «Lumarekin batzuek idatzi egiten dute, idazleak dira: poetak, nobelistak, ipuilariak. Nik lumarekin lan egiten dut eta langilea naiz besterik gabe: idazkina. Ene haurtzaroko basomutil nafarren antzera, euren lanetako lankide naiz, beste pentsamendu bat, beste euskara bat, bestelako herri bat jaso nahiz, ekipoan diharduen langileekin. Hala, nik idatzi dudana, guztion borroka eta premietatik idatzia da. Literatoak askatasunetik idazten badu, euskarazko saiogileak, onenean ere, askatasunerako».
Horregatik, Jon Jimenezek eta Andoni Olariagak behinola definitu zuten bezala, Azurmendi «askatasunaren pentsalaria» izan da: irribarretxo ironikoa ahoan, herri eta herritar bezala askeagoak egin gaituen filosofo unibertsala.

Plante de EH Bildu y C-Z a la Medalla de Oro a M. Torres por sus vínculos con Israel

Acusan a Lakua de acallar a una víctima en el acto de Gernika

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena





