NAIZ

Zartakoko eta Radiocrimeneko baxu jolea bota dute kideek, indarkeria matxista leporatu baitiote

Zartako eta Radiocrimen taldeetako baxu jolea kanporatu dute taldekideek. Izan ere, atzo indarkeria matxista leporatu zioten Instagram sare sozialeko @denuncias_euskalherria kontuaren bidez, eta ohar banatan eman dute bi taldeek erabakiaren berri.

Zartako taldearen kontzertu baten irudia.
Zartako taldearen kontzertu baten irudia. (ZARTAKO)

Zartako eta Radiocrimen taldeetako baxu joleari indarkeria matxista leporatu zioten atzo, Instagram sare sozialeko @denuncias_euskalherria kontuaren bidez, eta gaur bertan bi taldeetatik kanporatu dutela jakitera eman dute kideek, sare sozial berean zabaldutako ohar banaren bidez.

Hainbat norbanakoren testigantzak zabaldu zituen indarkeria matxista salatzeko duela zenbait hilabete ekintzaile feminista talde batek sortutako kontuak. Besteak beste, bikotekideak jipoitzea leporatu zioten. Testigantzen arabera, musikariaren portaera gauza jakina zen bere inguruan, denen ahotan zebilen.

Zartako taldeko kideek azaldu dutenez, «modu irekian borroka feminista, antikapitalista eta faxistaren alboan» kokatzen den musika taldea izaki, «ez dugu ahalbidetuko gure espazioetan borrokatzen ditugun indarkeria horiek eman daitezen».

Ildo beretik, Radiocrimen taldeak adierazi du «funtsezkoa» dela «esaten dugunaren eta egiten dugunaren arteko koherentzia mantentzea». Horregatik, «autokritikarekiko, erreparazioaerkiko eta kaltetuekiko elkartasunarekiko konpromisoa» berretsi nahi izan dute.

Ez da, inondik inora, kontu horren bidez seinalatu duten lehen pertsona publikoa. Izan ere, hainbat emakumek haien testigantzak partekatzeko espazio segurua aurkitu dute bertan. Hala ere, ez da ohikoa salaketek horren erantzun zuzena izatea.