NAIZ

25.000 lagun baino gehiago bildu zituen Hatortxuren agurrak: «Amestutakoa egia bihurtuta»

30 edizioen ostean, agur esan zion Hatortxuk atzo Lakuntzan. 25.000 lagun bildu ziren bertan eta «amestutako agurra egi bihurtuta» eman zioten agurra Hatortxuri. Antolatzaileek egondako giro ederra azpimarratu dute eta jazo ziren eraso matxistak salatu.

Hatortxu Rockeko ekitaldi nagusia jendez beteta.
Hatortxu Rockeko ekitaldi nagusia jendez beteta. (Iñigo URIZ | FOKU)

Oraindik aje emozionala pasa gabe, azken edizioaren irakurketa positiboa egin dute Hatortxu Rockeko antolatzaileek. 30 edizioren ostean, jaialdiari agurra emateko unea iritsi zen atzo Lakuntzan, baina «merezitako agurra» eman ziotela aitortu dute.

Jaiotze injustu batetik loratu zen elkartasun jaialdia duela 26 urte, ehunka familiak pairatzen zuten dispertsioaren sufrimenduaren salaketa egin eta, bere neurrian, zama hori arintzeko. Azken lau egunetan, elkartasun jaialdiari agurra emateko azken edizioan, milaka lagun bildu direla jakinarazi dute: «25.000 lagunekin batera aldarrikatu dugu etxean nahi ditugula euskal preso, iheslari eta deportatu politikoan. Etxean, eta modu duinean. Konponbiderako bidean aurrera egitea dela sinistuta».

Azken edizioa aurrera eramateko auzolana «tresna nagusia» izan dela nabarmendu dute antolatzaileek. Era berean, txandalariei eskerrak eman nahi izan diete: «7.049 txanda betetzeko erronka luzatu genion Euskal Herriari. Eta ez dugu hutsik egin. Mila esker bihotzez petoa jantzi duzuen guztioi. Herri honek, elkarrekin jardun geroz, edozer posible duenaren froga izan da egunotako. Auzolanaren herria gara».

Ildo horretatik, jaialdiaren antolakuntzak azpimarratu du jarritako helburuak bete izan dituztela: «Hatortxuk agur esatea, urte luze hauetan bidelagun izan ditugun guztiei eskerrak ematea, auzolanaren aldarria lau haizeetara zabaltzea eta ospakizun erraldoi bat antolatzea».

Eraso matxistak

Lau egunetan zehar jaigunean egondako «giro ederra» nabarmendu dute Hatortxuko antolatzaileek. 

Haatik, jazotako eraso matxistak salatu egin dituzte eta halako jarrerek tokirik ez dutela gogoratu dute: «Emandako erantzun publikoa eta aurrez egindako prebentzio lana jarri nahiko genuke balioan. Autodefentsa feministaren aldarria gure egin eta praktikan jarri dugu, denontzako gune seguru bat eraikitzea helburu izanda. 2017ko ediziotik hona lan handia egin dugu bide horretan sakontzeko, eta antolakuntzan bertan sortutako giroak indarra eman digu aurrera begira lanean jarraitzeko».

Aske, jaialdi berria

Atzo Lakuntzan iragarri zuten bezala, Aske jaialdiak Hatortxuri lekukoa hartuko diola berretsi dute antolatzaileek. Hain zuzen, abenduaren 27an estreinatuko dute Atarrabian. «Gure jendearen askatasuna aldarrikatzetik gatoz. Bihartik aurrera, aske izateko jaio esatera igoko gara oholtzara», gaineratu dute.