NAIZ

Zeledonek ‘Sarri Sarri’ abestu du Muguruzarekin txosnetan, Gasteiz anitza aldarrikatuz

Jendetza gerturatu da bart Gasteizko txosnagunera Fermin Muguruzaren kontzertura. Une berezienetakoa gonbidatu berezi baten eskutik etorri da, Zeledon bera igo baita oholtzara ‘Sarri Sarri’ elkarrekin abestera eta dantzatzera.

Gasteizko txosnaguneak gainezka egin du ostegun gau honetan, Fermin Muguruzaren kontzertua entzuteko. Eta une zirraragarrienetarikoa Zeledonen eskutik etorri da. Iñaki Kerejazu oholtzara igo da Irungo musikariarekin batera, ‘Sarri Sarri’ elkarrekin abesteko eta elkarrekin dantzatzeko, blusa, abarka eta guztirekin. Hauxe da unea.

 

Zer esanik ere bazekarren Zalduondokoak. Asteleheneneko jeitsieran egin zuen bezala, Gasteiz hiri anitza dela nabarmendu nahi izan du: «Gasteiz guztiok egiten dugu. Gasteiz anitza da eta edozein jatorrik egiten du Gasteiz. Gasteizen bizi dugunok egiten dugu gure hiria. Gora Gasteiz anitza! Gora gu eta gutarrak!».

Beste une gogoangarri batzuk utzi ditu emanaldiak. Adibidez, jada lau hilabete baino gehiago luzatzen den Enviser enpresaren greban diren lorazainei elkartasuna helarazi die Fermin Muguruzak.

(NAIZ)

Muguruzaren 40 urteko ibilbidea ospatzen duen bira honek jarraipena izango du hurrengo astean, Irunen emango duen kontzertu baten bitartez. Abuztuaren 31n Mexiko D.F.n emanaldia eskainiko du, Iraultzaren Monumentua delakoan. Izan ere, maiatzean hirian iragarria zuena bertan behera utzi zuten agintariek (soldadu armatuak tarteko) arazo administratiboak argudiatuz. Claudia Sheinbaum lehen ministroak gero onartu zuenez, gehiegikeria izan zen.