Imanol Carrillo
Kirol-erredaktorea / Redactor deportivo

Arraun Lagunak-ek Galizian garaipena lortu eta sailkapen nagusiko aldeak handitu ditu

Donostiarrak nagusi izan dira Pobra do Caramiñaleko estropada eremuan eta Tolosaldea eta hirugarren postuarengatik asko borrokatu behar izan duen Orioren aurretik helmugaratu dira. Bikain aritu den Donostiarra laugarren izan da lehen txandatik eta Hondarribia azkena izan da.

Arraun Lagunak-eko kirolariak, garaile Galizian.
Arraun Lagunak-eko kirolariak, garaile Galizian. (Oskar MATXIN | FOKU)

Euskotren Liga amaitzeko bost estropada falta direnean, Arraun Lagunak-ek kolpe handia eman du mahai gainean Galiziako uretan. Denboraldiko bederatzigarren bandera astindu du Pobra do Caramiñalelo estropada eremuan eta orain arte bigarren zen Oriori beste bi puntu atera dizkio, Tolosaldea bien artean sailkatu baita larunbat honetan.

Donostiarrek ez dute traba handirik izan gaurkoan. Hasiera-hasieratik jarri dira aurrean eta hirugarren kaletik eta bigarren posturako lehia izan da garrantzitsuena. Oriok bere mamuekin jokatu behar izan du. Lehen ziabogan hirugarren izan da, Tolosaldeak egindako denbora berean, baina bigarren maniobran laugarrena izan da, Arraun Lagunakengandik 8 segundora.

Azken luzean, aldiz, 'mirotzek' barrutik indarra atera eta hirugarren helmugaratzea lortu dute, Tolosaldearen atzetik. Zumaia, behintzat, lehen txandan aritutako Donostiarraren aurretik geratzea lortu du.

Lehen txanda: Donostiarra, bikain; Hondarribia, sufritzen

Beheko putzutik ateratzeko lehian dauden traineruen artean Donostiarrak pauso handia eman du Galizian. 'Bantxa' ontzia ederki nagusitu da beste hiruen artean eta aurkari zuzenena den Hondarribiari hiru puntuko aldea atera dizkio. Geroxeago ohorezko txandan ikusiko zen bezala, estropadako lehenengo lauen artean sailkatzeko oso gertu egon da.

Donostiarrek gogotsu ekin diote estropada eremu berri honi hirugarren kaletik eta segituan topatu dute Hibaikaren indarra. Errenteriarrak oztopo izan dira lehen luzean eta lehengoak izan dira ziaboga ematen. Donostiarrak denbora bera markatu du, baina bigarren luzean beste erritmo bat sartu eta aurrerantz egin du bakar-bakarka.

Bigarren maniobran 3 segundoko aldea zuten donostiarrek eta txandako garaipena bere esku zegoen. atzetik, aldiz, Hondarribiak lehia bizia mantendu behar zian du azken luzean Astillerorekin. Traineru guztiak bigarren kalera abiatu dira eta Donostiarrak eta Hibaikaren atzetik, azkenean Astillero sailkatu da, soilik 20 ehuneko aldearengatik Hondarribia azken postura bidaliz.

Euskotren Liga - II Bandeira Barbanza Arousa:

1.Arraun Lagunak     10:40.82        
2.Tolosaldea      10:45.94
3.Orio      10:46.98
4.Zumaia      10:52.74
5.Donostiarra      10:53.84
6.Hibaika      10:59.42
7.Astillero      11:04.28
8.Hondarribia     11:04.48

Euskotren Liga - Nagusia:

1.Arraun Lagunak    81 puntu        
2.Orio      74 p.
3.Tolosaldea     70 p.
4.Zumaia      43 p.
5.Hibaika      37 p.
6.Astillero     34 p.
7.Hondarribia      29 p.
8.Donostiarra      28 p.