
Athleticzaleek ahaztu dute dagoeneko denboraldiaurre kaskarra, ligako lehen bi partidak irabazita. Ez da erronka makala izan, batez ere, abuztuan jokalari gehienek erritmo falta baitute eta taldeak osatu barik egoten baitira. Haatik, lehoiek mendean hartu dituzte Sevilla eta Rayo Vallecano, sufrituta, baina, lehenengo sei puntuak poltsikoan dituzte.
Ligan, soilik Bartzelonak, Real Madrilek, Vila-realek eta Getafek lortu dute lehenengo bi partidak irabaztea. Ingalaterran, esaterako, bakarrik Arsenalek, Liverpoolek eta Tottenhamek. Hori esker, Valverderen taldea sailkapenaren goiko aldean dago.
Begirada atzera botata, XXI. mendean zehar, soilik bi aldiz lortu dute horrelako hasiera bat osatzea: 2009/10 sasoian Caparrosen gidaritzapean eta 2013/14 denboraldian berriz ere Valverderen eskutik. Hortaz, hamar denboraldi baziren lehoiek ez zituztela ligako lehen bi partidak jarraian irabazten.
San Mameseko asistentziari dagokienez, errekorrak hautsi dituzte zaletuek denboraldi hasieran. Hain zuzen, 49.134 pertsonek bizi izan zuten Sevillaren aurkako garaipena (3-2) 2025/26 Ligako lehen jardunaldian. Inoiz baino gehiago.
Ibaiganetik asistentzia-errekora baieztatu zuten: «Datara arte, Ligaren estreinaldirik onena (bertaratzeari dagokionez) 2023/24 denboraldikoa zen, Real Madrilen aurka, 48.927 ikuslerekin. Atzetik, 2019/20ko Liga hasiera, FC Bartzelonaren aurka, 47.693 pertsonarekin».
Récord de asistencia en un estreno de @LaLiga en San Mamés.
— Athletic Club (@AthleticClub) August 18, 2025
4⃣9⃣.1⃣3⃣4⃣ espectadores disfrutaron de la victoria por 3-2 ante el @SevillaFC #AthleticClub 女
Nico eta Sancet, Valverderen harribitxiak
Valverdek lehen jardunaldiko hamaikako bera zelairatu zuen atzo madrildarren aurka. Lehenengo doluan erabakigarria izan zen Nico Williams, bigarrenean, ordea, Oihan Sancet.
Txapeldunen Liga jokatuko dute zuri-gorriek, eta jokalari onenak ezin dira ezkutatu. Nico Williamsek zeresan handia eman zuen udan: zurrumurruak, Taintaren bilerak Decorekin, zalantzak edo pintaketak eguneroko ogia izan ziren.
Haatik, Bilbon geratzea erabaki zuen Nicok, eta lehen bi partidatan ‘Jokalari Onenaren’ saria irabazi izan du. Jokalari gazteak baloia duenean, etengabeko mehatxu bat da atzelarientzako.
Bestetik, Liverpoolen lesionatu ondoren, Oihan Sancet zelairatu zuen Valverdek bigarren jaurdunaldiko atsedenaldian. Aurreko sasoian bezala, diferentziala izan zen nafarra. Prezio zorrotz eta altu bati esker penaltia egin zion Gumbau Rayoko erdilariak. Sancetek ez zuen huts egin eta denboraldiko lehen gola sartu zuen. Iaz, hamazazpi sartu zituen. Katedralak abestu egin zion.
Taldea, osatzeke
Aste bat baino gutxiago geratzen zaio zuzendaritzari lehen taldea osatzeko, abuztuaren 31n ixten baita merkatua. Hain justu ere, erdiko atzelariaren postua indartzeko betebeharra dute zuri-gorriek.
Momentuz, Vivianekin eta Paredesekin kontatu dezake Valverdek. Yerayk ez du baimenik ezta taldearekin entrenatzeko ere UEFAko doping positiboa dela eta, eta, bestetik, Egiluzek eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen denboraldiaurrean.
Antza denez, Aymeric Laporten itzuleraren zain dago Athleticeko zuzendaritza-taldea, baina luzatzen ari da operazioa. Dena den, Al-Nassr Arabiako Superkopatik kanpo geratu da, eta Laportek hurrengo orduetan bertan behera utziko du azken urteko kontratua.
Pastelaren ginga izango litzateke Laporten fitxaketa. Eskarmentua, baloi-irteera, indarra eta aireko jokoa emango lioke defentsa-lerroari. Gainera, azken urteetako talderik sendoena eta indartsuena osatuko luke Athleticek.
Bestalde, Vencedor, Izeta eta Nico Serrano Bilbotik ateratzeko aukerak dituzte, aurreko sasoian Racingen, Mirandesen eta Sportingen ibili ziren, hurrenez hurren. Valverdek aukera gutxi eman die eta, Rincon, Adu Ares edo Olabarrieta bezala, minutuen bila joan daitezke Bigarren Mailara.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Una acción de denuncia de la colaboración de CAF con Israel acaba con un detenido en Bilbo

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»
