Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Apustu sendoak behar ditu lehen sektoreak bizirauteko

Lehen sektorean erreleboa emateko dauden ezintasun eta oztopoen aurrean neurri edo irtenbideak bilatzea ezinbesteko zeregina da sektoreko kideentzat, baita Administrazioarentzat ere. Egoerari eusteko beharrak bultzatuta sortutako zenbait neurriren argi-itzalak aztertu dituzte udako ikastaroetan.

«Baserritar Misto Profesional» programaren inguruan hausnarrean aritu dira Miren Izarra, Aitor Txurruka, Igor Gorroño eta Aitor Gil, baserritar eta enpresariak.
«Baserritar Misto Profesional» programaren inguruan hausnarrean aritu dira Miren Izarra, Aitor Txurruka, Igor Gorroño eta Aitor Gil, baserritar eta enpresariak. (Maialen ANDRES | FOKU)

Lehen sektoreko erreleboaren gaia korapilatsua bezain ezinbestekoa da. Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU), Gipuzkoako Foru Aldundiarekin elkarlanean, gaiari heldu nahi izan dio «Lehen sektorean erreleboa sustatzeko tresna ezberdinak» mahai inguruan.

Ikuspegi eta esperientzia ezberdinetatik begiratu diote eta denak adostasun batera heldu dira: «Irtenbidea oso zaila da, baina ezer ez egitearen ondoriok askoz okerragoak dira, alde guztietatik froga guztiak egitea tokatzen zaigu». Mahai beraren inguruan, lehen sektorean «hasiberriak» diren Goizane Otegi eta Laura Urdin, eta urteak daramatzaten Mikel Arteaga eta Iñaki Goenaga elkartu ditu Lorea Intxausti dinamizatzaileak, bakoitzak lehen sektorea nola bizi duen eta erreleboaren gaiari nondik begiratzen dion aztertzeko.

Arteaga baserrian bizi izan da txikitatik eta esne behiak izan ditu, egun lehengusua eta bera dira enpresako bazkideak, 62 eta 57 urte dituzte eta bien seme-alabek kanpoan egiten dute lan: «Etorkizuna? Iluna. Momentuz etorkizunik ez dugu eta kezka nagusietako bat hori da, zer egingo dugun gure baserriarekin, lurrekin, baserriak inguruan dakarren guztiarekin…».

Urnietan ditu esnetako behiak Goenagak, eta gurasoekin zein emaztearekin baserri lanetan ibili ostean, duela bost urte semea batu zen proiektura, «gure kasuan etxean erreleboa konponduta dugu, baina inguruan arazorik larriena erreleboarena dela ikusten dut. Kezka ekonomikoa bizitza guztian hor izan dugu, eta bideragarritasun bat ikusi dezakegu, baina erreleboarekin ez dut ikusten…».

Bestelako posizioetan daude Urdin eta Otegi, biek egin dituzte lehen sektoreari lotutako ikasketak, baina ez dakite nola egin hurrengo urratsa. Urdin Gipuzkoako baserri batera joan da bizitzera, eta ate guztiak irekita ditu: «Beti besteentzat aritu naiz lanean, behietan zein artzaintzan, oraintxe jarriko nuke zerbait, baina ez dakit zer. Bikoteak industrian egiten du lan, eta ez dakigu biok zerbait abiatu, nik bakarrik, bera baserritar misto profesionalera pasatu… Orain, zerbait berria sortu beharrean besteren proiekturen bati jarraipena ematea ari gara planteatzen, baina gure baserritik gertu, bertako lanak ere egin behar dira eta».

Asteasuko ustiategi batean ibili zen lanean Otegi, baina pixka bat urruntzeko beharrak bultzatuta, egun hipodromoan egiten du lan, «orain momentuan errelebo gisa inon sartzeko asmorik ez dut, baina besteentzako lanean nabil», zehaztu du.

Baserriaren mundua gizartean ez dela baloratzen uste dute guztiek, gizartean «maila baxuko» gisa katalogatuta dagoen jarduera dela iruditzen zaie. Lan «sakrifikatua eta gogorra» dela etengabean aditzeak ere eragina izan dezakeela uste dute, eta hori ere landu behar dela. Arteagak, esaterako, bere gurasoak baino bizimodu hobea duela aitortzen du, eta hurrengoek ere hala izango dutela, «bere zailtasun guztiekin». Eta gaineratu du «lan egiteko eta bizitzeko modu bat» dela baserriarena, «lan asko egin behar da baserritik bakarrik bizitzeko, beste edozein sektoretan baino gehiago, bizimodu ezberdina da, baina etekina ere ateratzen da». Ordutegirik ez dutela, baina «lanorduak» zazpi-zortzi izan ohi direla dio. Halere, «pendiente» egotea omen da baserriko moldea, «ez dago egutegi eta ordutegirik, pendiente egon behar da, nahiz eta tarte askotan askatasuna izan».

Konpromisoa da baserritar helduenek eskatzen dutena, «konpromiso bat hartzeko lotura», zehazki. Eta gazteenak ere bat datoz horretan, «bizi proiektu» gisara ulertzen dute baserria, «alferra denak bide motza du lehen sektorean», adierazi du Urdinek.

Otegiri sozialki egin daitekeen lana garrantzitsua iruditzen zaio, «beharrezkoa da txikitatik eta baserriak hartzen dituen ikuspegi guztietatik lantzea batetik, eta bestetik, politikariek ere lege errealak egitea, baserritarrak kontuan hartuz». Zentzu horretan, gazteentzat dauden programa ezberdinak oso interesgarriak direla uste dute.

Arteagarentzat «buruak irekitzeko» unea da: «Guk ere irekita egon behar dugu, asko orain arte ez dira egon, ‘hau nire etxea da eta nire modua’ esanez, eta ez, hau denon arazoa da, eta denon ardura da».

MISTO PROFESIONALA

Errelebo horretarako, Gipuzkoako Foru Aldundiak programa berezitu bat jarri du martxan, «Baserritar Misto Profesionala»: sei urteko prozesuan beren egungo profesioa lehen sektorearekin uztartzean datza, lan jardunaren erdia lehen sektorera bideratuz, eta beste erdia beren ohiko lantokira. Hautu hori egin dute Igor Gorroñok eta Miren Izarrak, oso leku ezberdinetatik iritsi dira apustu bera egitera; bai bizimoduari dagokionean, eta baita programara iristeko bidean ere, bata etxera iritsi zitzaion propagandaren bidez iritsi baitzen, eta bestea, Elgoibarko nekazaritza bulegoko teknikariak deituta. «Asko hausnartuta eta konbentzituta» egin beharreko urratsa dela aitortzen duten arren, beraiek pozik daude abiatutako bidearekin.

Elgoibarren erosi zuen baserria Gorroñok duela 13 urte, «zerotik hasi eta ustiategi bat jarri nuen», kontatzen du, eta proiektua hazten joan zen heinean, Goimek enpresari, 18 urte zeramatzan bertan lanean, proiektuan sartzea proposatu zion. Goizeko 08.00etatik 12.00etara fabrikan egiten du lan; ostean, baserriko jardueretan; «eta gainera, lehen ez nuena, orain familiarekin egoteko denbora dut», gehitu du.

Sostegagarritasunari ere erreparatu dio: «Baserrian zerbait egiteko, etekinak lortzeko, bolumena behar da, fabrikako lan jardun osoa eta gero baserria.. sostengaezina ari zen bihurtzen».

Izarra Itziarko baserri batean jaio, hazi eta hezi zen, beti izan du baserri munduarekin lotura, eta proiektu berean sartzeko apustua egin zuen. Lau orduz bere ohiko lanpostuan jardun ostean iristen da baserriko lanetara, eta berak nahi duen bizimodura hurbiltzea ahalbidetzen diola azaleratu du; «Programari esker denbora gehiago dut nire ustiategiari emateko, hortik bizitzeko lan egiteko bidea egiten ari naiz».

Baldintza oso zehatzak ditu, ordea, programak: sei urtean 13.000 euroko etekina lortzea esaterako. Eta hori kezkatik ere bizi dute hizlariek zein entzuleek. Antolatzaileek nabarmendu dute proiektu pilotu bat dela, eta bideragarritasun planak zehazten joan beharko dela, «baina helburu bezala bai jarri behar da ekonomikoki ere modu duin batean bizitzea lehen sektorean». Gorroñok azaldu du erronka dela diru kopuru horretara iristea, baina bere kasuan, igarri duela baserritik kanpoko lana murrizten dela, «lehen norbait kontratatu behar nuen laguntzeko, orain denbora gehiago dut nik, eta diru hori aurrezten dut».

Beste aldea, proiektuan sartzen diren enpresena da, hori da Aitor Txurruka Goimek enpresako kidearen eta Kit Line enpresako Aitor Gilen kasua. Biek aitortu dute ez zutela proiektuaren berri eta langileek proposatutakoan shockean geratu zirela. Aukera bezala bizi dute egun, baina azpimarratu dute etekin ekonomikorik ez duela jasotzen enpresak, eta horregatik, proiektu «sendoa» izatea garrantzitsua iruditzen zaiela.

Honela dio Gilek: «Hasieran shocka izan zen, enpresa barruan lau ordu faltako zitzaigun pertsona bat nola ordezkatu pentsatu behar genuen, baina ongi etorri zaigu funtzionamenduari ere buelta bat emateko, langileak formatu eta kasu batzuetan genituen dependentziak osatzeko». Era berean, malgutasunez jokatu beharra aipatu du, «nik ez dakit asko, baina esaten didate garai konkretu batean ardiek behar dutela lehenago atera edo dena delakoa, beraz, programan dabilen langilearekin ere malgutasuna dugu».

Txurrukaren ustez, enpresak lurraldearekiko duen konpromisoa erakusten du proiektuaren parte izateak: «Enpresak hau ez du diruagatik egiten, baina gure filosofia bada ongizatea sortuz lurraldea babestu nahi dugula, horrelako ekimenak daudenean parte hartu behar dugu, ez etekina ateratzeko, baizik eta lurraldea hobetzeko».

Erronka ez da makala, baina guztiek argi dute: baserri mundua suspertu nahi bada, aurrera urratsak egin behar dira, alde guztietatik.