
«Bernedoko udalekuen inguruko gezurrak hedatzen dabiltza. Lintxamendu kanpaina oso bat abiarazi dute, matxismoa transfobia, sentsazionalismoa, faxismoa eta arrazakeria inpunitate osoz zabalduz, han eta hemen». Modu honetan, Ehgamek, Euskal Herriko Gazte Feministek eta Euskal Herriko Bilgune Feministak, beste eragile batzuen sinadurarekin batera, Bernedoko udalekuen inguruan sortutako guztiaren erabilera deitoratu dute.
Guztira, Euskal Herriko 71 eragilek sinatu dute ostiral goiz honetan argitaratutako oharra. Bertan, «babes eta elkartasun osoa» helarazi diete kanpalekuko begirale eta komunitate osoari, baita eraso zuzenak jasaten ari direnei ere. «Feminista transbastertzaileak, oro har sektore erreakzionarioek eta eskuin muturrak Bernedoko udalekuetako dutxen eta komunen mistotasuna aitzakia gisa erabili dute egunero zapaltzen gaituen sistemaren makinaria modu esplizitu eta antolatuan martxan jartzeko», adierazi dute.
Hainbat familiak salaketak jarri dituzte, Gasteizko epaitegiak hiru adingabe deitu ditu deklaratzera eta Abogados Cristianos taldeak ere salaketa jarri du. Aldiz, Bernedoko kanpalekuetako 137 gurasok idatzi bat argitaratu zuten, ‘Guk Bernedo hautatuko dugu berriro’ izenburupean.
Gaur oharra kaleratu duten eragileek gogora ekarri dute mugimendu feminista, LGTBIQ+ mugimendua eta mugimendu antiarrazista «luzaroan borrokatu direla sexuaren eta biluztasunaren inguruan dagoen moralizazioaren eta puritanismoaren aurka, binarismoaren aurka eta heziketa transfeministaren aurka». Hori guztia, «indarkeria matxistari aurre egiteko bide» gisa ulertzen dituzte. «Modu argian salatu nahi dugu sexu-genero disidentzia haurren aurkako erasoekin lotu izana».
«Eraso antolatu bat» pairatu dutela nabarmendu dute, «lintxamendu bat» eta hau «olatu erreakzionario baten parte dela» ohartarazi dute. Euskararen aurkako erasoen, langile mugimenduaren kriminalizazioaren, tansfobiaren, misoginiaren edo arrazakeriaren pare jarri dute orain pairatzen ari direna.
«Ultraeskuinak feminismoaren, sexu genero disidenteo edo pertsona arrazializatuen borrokaren aurkako mezuak erabiltzen ditu gizonen atxikimendua lortzeko», adierazi dute. Horregatik, udalekuak «aitzakia soila» direla iritzi dute, «haien mundu ikuskera transfobo eta erreakzionarioa zabaltzeko».
Hala ere, kale zein sare sozialetan izanen diren «eraso guztiei aurre egiteko prest» agertu dira 71 eragile feminista hauetako kideak. «Antolatuta eta saretuta gaude, eta gero eta gehiago gara. Borroka, kolektibotasuna eta autodefentsa transfeminista dira gure tresnak».

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai

«Espainolisten oldarraldiaren aurrean» independentziaren alde agertu dira ehunka gazte Bilbon

La autopsia confirma el crimen machista en Barakaldo; detenido un hombre de 27 años

