
Hirugarren aldiz antolatuko du Paz de Ziganda ikastolak Nafarroa Oinez jaia hilaren 19an. Gauzak horrela, gonbita egin du gaur ikastolako zuzendari Iñaki Errozek Atarrabiara joateko ‘Buruz, bihotzez, oinez’ antolatuko den jaian parte hartzeko.
Mugikortasun iraunkorraren eta inklusibitatearen aldeko apustu irmoa egin du aurten Oinezek, eta horri esker, Nafarroako Gobernuak emandako Ekitaldi Iraunkorreko Insignia lortu du, ingurumen irizpide arduratsuak betetzen dituzten jarduerak aintzatesteko.
Aurtengo ibilibideak 2.800 metro izango ditu eta batzorde honetako buru Roberto Gabantxok azaldu duenez «hiritarra, irrisgarria eta inklusiboa» izango da. «Edozein adin eta gaitasuneko pertsonek erraz goza dezakete», gaineratu du.
Nola heldu
Antolakuntzak aparkatzeko guneak prestatu ditu Erripagaña, Areta eta Ollokin. Mugikortasun urria dutenek plaza aldez aurretik eskatu dezakete antolakuntzaren webgunean.
Honekin batera, ingurugiro batzordeko arduradun Xabier Alvarez de Eulatek azaldu duenez, Iruñerriko edozein tokitik Paz de Ziganda ikastolara heltzea erraza da. Horregatik, 320 txirrindularentzako aparkalekua prestatu dute.
Garraio publikoari dagokionez, Iruñerriko Mankomunitateak billabesetako 4, 7 eta 19 lineak indartuko ditu.
Zer egin
Nafarroa Oinez 2025 programak adin guztientzako ekintzak biltzen ditu larunbatean eta igandean, herri kirolak, ohiko Erronka -140 parte-hartzaile baino gehiago biltzen dituen 14 eta 16 urte bitarteko gazteen arteko proba- eta Korrontzi, Motxila 21, Trikidantz, Gozategi, Xaibor, Nafarroa eta Soro Nafarroa1512 bezalako taldeen zuzeneko musikarekin.
Urtero bezala, txosnak, taloak, patata frijituak eta kafea ere ez dira faltako, Benigno Mendia jantokiaz gain, eta bertan paella eskainiko da Kuxkuxtu txarangak lagunduta. Lehen aldiz, bazkarirako txartelak aldez aurretik eros daitezke webgune ofizialaren bitartez. Glutenik gabeko aukerak ere izango dira.
Ingurune segurua bermatzeko, Puntu Moreak izango dira hiru gune nagusietan, edozein eraso sexistaren aurka arreta eta aholkuak emateko langileekin.

Desalojado el instituto de Martutene, el Ayuntamiento solo realoja a la mitad en La Sirena

Solicitan inhabilitación y prisión para los policías acusados de agredir a un menor en Gasteiz

Euskal Herriko Osborneren azken zezena lurrera bota du Ernaik

La jueza decreta el sobreseimiento de la causa por el pelotazo a Xuhar Pazos

