
Xilaba Ipar Euskal Herriko bertsolari txapelketa aurrera darrai eta, asteburu honetan Ainhoako Elkartetxean jokatu den lehen faseko hirugarren saioan Ramuntxo Christy izan da puntu gehien poltsikoratu dituen bertsolaria, 336,5 zehazki. Saioa irabazteaz gainera, Christyk bigarren faserako txartela ere eskuratu du Ainhoan: beraz, Hiriburuko bigarren faseko saioan kantatuko du abenduaren 21ean.
Sailkapenean atzetik izan ditu Patxi Iriart Hiribarren (333,5), Mizel Mateo Sallaberry (317,5), Johaine Sarraillet Arrizabalaga (309), Battitt Crouspeyre Monaco (291,5) eta Xan Alkhat Duhart (285). Bertsolari hauek puntuazioaren arabera izango dute bigarren fasera sailkatzeko aukera.
Saioan zehar gai emaile lanetan aritu da Amaia Castorene Luro eta epaile lanetan, aldiz, Zuhaitz Olazabal Susperregui, Abel Zabala Elizazu, Lur Renteria Maleta eta Ortzi Murua Berra aritu dira. Eta idazkari lanak Mae Laskarai Laganek egin ditu.
Saioari hasiera Ainhoako Elkartetxea betea zela eman zaio, eta Sarako Olhain ikastolako haurrak izan dira ekitaldia irekitzearen arduradun, bertso batzuk eskaini baitizkiete Elkartetxean bildutakoei.
Bertsularien Lagunak elkartetik azaldu dute Ainhoako herriko etxearen laguntza ukan dutela saioa antolatzeko, eta Sarako Olhain ikastolako gurasoei eskertza ere egin nahi izan diete, ostatua proposatu izanagatik.
Ainhoako saioa amaiturik, Xilabak bere bidea jarraituko du eta heldu den igandean, azaroaren 30ean, Ligiko herriko gela izango da hurrengo saioa hartuko duena, arratsaldeko bostetan abiatuta.
Saio horretarako zein gainerakoetarako sarrerak www.bertsosarrerak.eus loturan eskura daitezke.

Lateralidad, un tema desconocido pero crucial en el aprendizaje de las niñas y niños

PNV ganaría en Bizkaia mientras EH Bildu es la fuerza emergente, según un sondeo foral

Ertzainas acusan a los antifascistas del 12-O de usar «tácticas militares» en Gasteiz

Josu Jon Imaz agradece a Trump que «abra las puertas a una mejor Venezuela»
