Ibai Azparren
Aktualitateko erredaktorea / Redactor de actualidad

Etxebizitza da EAEko herritarren kezka nagusia, azken soziometroaren arabera

Etxebizitza gizarte eztabaidaren lehen lerroan mantentzen da. EAEko herritarren %58k uste du arazo nagusia dela, enpleguaren edo osasunaren gainetik, baina panorama ez da soilik ezkorra: batez besteko zoriontasuna 7,7 puntutan mantentzen da, 2014tik izandako daturik altuena.

 Etxebizitza da, berriz ere, EAEko herritarren kezka nagusia.
Etxebizitza da, berriz ere, EAEko herritarren kezka nagusia. (Gorka RUBIO | FOKU)

Lakuako Gobernuaren azken Soziometroak berriro jarri du etxebizitza gizarte ondoezaren erdigunean. Herritarren %58k EAEko arazo nagusitzat jotzen du, 2007an higiezinen burbuila lehertu aurreko urteetatik erregistratzen ez zen datua. Kezka areagotu ez ezik, gainerako lehentasunetatik aldendu ere egiten da: horren atzetik, enpleguarekin lotutako kezkak %42ra iristen dira, eta, beherago, herritarren «segurtasun falta» eta osasuna agertzen dira, gutxi gorabehera lau pertsonatik batek aipatuta.

Immigrazioa eta «horrekin lotutako arazoa» –horien artean, arrazakeria eta xenofobia barne– eta arazo ekonomikoak dira herritarrek nabarmentzen dituzten beste arazo sozial batzuk. Horien guztien artean, etxebizitzarekiko kezka eta herritarren «segurtasunik eza» dira gehien hazi direnak, soziometroaren arabera.

Hala ere, herritarren %66k uste du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako egoera politikoa «ona edo oso ona» dela; aldiz, soilik %18k uste du gauza bera Estatu espainolari buruz. Pertzepzio negatibo hori areagotu egin da 2023tik, nahiz eta 2025eko ekainetik azarora bitartean lau puntu hobetu den.

Egoera ekonomikoari dagokionez, %72k positibotzat jotzen du EAEko egoera, eta %37k, berriz, Estatukoa. Hala ere, bi ekonomiekiko pertzepzioak okerrera egin du aurreko soziometroarekin alderatuta.

Politikarekiko interesak gora egin du: %44k esan du interes handia edo nahiko handia duela, 1995az geroztik erregistratu den mailarik handiena. Aldaketen beharrari dagokionez, erdiek uste dute beharrezkoak direla, baina ez erabatekoak; %25ek, aldiz, erabateko aldaketa defendatzen dute, eta %22k uste dute ez dela ezer aldatu behar. Estatu espainiarrean, aldiz, %53k uste du erabateko aldaketa behar dela.

Herritar zoriontsuak?

Guztira, 3.030 inkesta egin dira telefonoz Euskal Soziometroaren ekarpen honetarako –730 Araban, 1.315 Bizkaian eta 985 Gipuzkoan– aurtengo azaroaren 11tik 14ra. Kasu honetan, ohi bezala, herritarren iritzia jaso da gaur egungo egoeraren, jarreren eta balio politikoen inguruan. Horrez gain, honako gaiei buruz galdetu zaie: norberaren gogobetetzea, espektatibak etorkizunari begira, «ugalkortasun-nahiak» betetzea edo erlijio sinesmenak.

Hala, etxebizitzak, kezka kolektiboen zerrendako lehena izateaz gain, arazo pertsonal gisa ere gero eta pisu handiagoa du. Lan merkatua (%24) eta egoera ekonomikoa (%24) eguneroko arazo nagusiak diren arren, etxebizitza da jada gehien aipatzen den hirugarren gaia (%23), osasunaren (%19) eta segurtasunik ezaren (%17) gainetik.

Inkesten arabera, EAEko herritarrek gogobetetze maila handia dute beren bizitza pertsonalarekin, bereziki familiarekin (10etik 8,4) eta lagunekin (8,1). Halaber, positiboki baloratzen dituzte etxebizitza, harreman sentimentalak edo sexualak, osasuna, aisia eta lana, 7 eta 8 arteko puntuazioekin. Puntu ahulena eskura duten dirua da (6,5).

2013tik, batez beste, alderdi gehienek ia puntu erdi galdu dute, baina 2021arekin alderatuta, harreman sentimentalen balorazioa hobetu da, eta egonkor mantendu da lagunekin eta aisialdiarekin lotutako ongizatea. Batez besteko zoriontasuna 7,7ra iritsi da, 2014tik izan den kopururik altuena eta 2021etik egonkorra. Hala ere, errenta mailak zoriontasuna baldintzatzen du, eta, ildo horretan, «langabeek edo behe-mailako gizarte-klasekoek» batez bestekoa baino zoriontasun maila apalagoa adierazten dute, txostenaren arabera.

Edizio honetan, biztanleei zenbat seme-alaba izatea gustatuko litzaieken galdetu zaie. Soilik herritarren %11k seme-alabarik ez izateko nahia adierazi du; %44k, berriz, bi izan nahiko lituzkeela, eta %26k, hiru. Hala ere, zenbat seme-alaba izan dituzten galdetzean, hirutik batek seme-alabarik ez duela adierazi du. Laburrean, herritarren %51k nahi baino seme-alaba gutxiago ditu –ehuneko hori ez da aldatu 2016tik–,% 44k, berriz, nahi zituenak ditu.        

Ildo horretan, gazteen etorkizunari dagokionez, %69k uste du aurreko belaunaldiek baino zailagoa izango dela (2016tik izandako kopururik handiena), eta %9k soilik uste du errazagoa izango dela. Urtebete eskasean, azken ehuneko hori erdira jaitsi da. Konfiantza gutxi dago etorkizunean: %52k dio konfiantza gutxi duela edo batere ez, eta %14k dio konfiantza handia duela.

Biztanleen sinesmen erlijiosoei helduta, biztanleen %45ek fededuntzat dute bere burua; dena den, hirutik bi ez dira praktikanteak. «Gainerakoak honako hauek dira: ateoak (%18); ez fededunak, berdin zaie erlijioa (%15); agnostikoak (%12) eta erlijiorik gabeko pertsona espiritualak (%9). Fededunen artean, katolizismoa erlijio hegemonikoa da; izan ere, bostetik lau katolikoak dira (% 82)», txostenaren arabera.

Gainontzeko erlijioak minoritarikoak dira, baina, horien artean, islama (fededunen %5) eta ebanjelismoa (%4) nagusi dira.

Independentzia eta ardatz ideologikoa

Inkestak alderdi politikoei buruz ere galdetu du, hala nola independentziaren babesari buruz. Izan ere, gaur egun independentziaren alde %23 alde daude (udan baino bi puntu gehiago), eta %38, berriz, aurka (hiru puntu gutxiago). Gainera, kontuan hartu behar da %32k «egoeraren arabera» babestu dezakela independentzia.

Bestalde, %32k oso abertzaletzat jotzen du bere burua; %25k, berriz, ez. %36k tarteko jarrera du. Hala eta guztiz ere, «herritarren %42k jotzen du bere burua soilik euskal herritartzat, edo euskal herritartzat espainiartzat baino gehiago; beste %41ek bere burua euskal herritartzat bezain espainoltzat sentitzen du, eta %9ek soilik du bere burua espainiartzat edo espainoltzat euskal herritartzat baino gehiago», dio txostenak.

Ardatz ideologikoari dagokionez, euskal gizarteak ezkerrerantz jotzeko joera du, Batez beste, 0tik (ezker muturra) 10era (eskuin muturra) bitarteko eskala batean, herritarrek 4,2 ematen diote bere buruari. Halere, EAEn, herritar gehienek (%54) zentroan kokatzen dute bere burua. Bestalde, %29k ezkerra begiko du, eta %9k, eskuma.

Politikariak

Sinpatia politikoari dagokionez, EAJ da baloraziorik altuena jaso duen alderdia, 10etik 5,1 punturekin; ondoren, EH Bildu eta PSE-EE daude, 4,4rekin eta 3,7rekin. EH Bilduren eta Sumarren sinpatia maila maximo historikoetan kokatzen da, Voxen estimazioak gora egin (1,1) eta PPk zifra egonkorra mantentzen duen bitartean (1,9).

Imanol Pradales lehendakaria da lider ezagunena (%79), eta haren atzetik daude Eneko Andueza (%49), Pello Otxandiano (%48) eta Javier de Andres (%42), Jon Hernandez (%17) eta Amaia Martinez (% 24).

Balorazioari dagokionez, Pradalesek lortu du puntuaziorik onena (10etik 5,7), eta ondoren Pello Otxandianok (5,4), gainditu duten politikari bakarrak. Haien atzetik daude Eneko Andueza (4,5), Jon Hernandez (4,3), Amaia Martinez (2,9) eta Javier de Andres (2,9).