
Iruñerriko zenbait antolakunde eta eragilek (Indar Gorri, Mugimendu Sozialista, Jardun, Haritu eta Alde Zaharreko Gazte Mugimenduak) pasa diren sanferminetan pairatutako errepresioa salatu dute asteazken honetan egin duten agerraldian.
Izan ere, uztailaren 6an propaganda politikoa egitea eta txupinazoa aldarrikapenez betetzea zuten helburu. «Aurten aldiz, azken aldian ikusten ez zen irudia eman zen: Espainiako Polizia Nazionalak eta udalaren agindupeko udaltzaingoak jarduera politikoaren kontrako errepresio zuzena (bortitza)», ziurtatu dute.
Horrela, 50 identifikatu baino gehiago, hainbeste jipoitu eta atxilotu batekin hasi zirela jaiak gogoratu dute. Orain, berriz, bigarren olatu batean, bigarren atxilotu bat eta gutxienez 8.000 euro isunetan helarazi zaie.
«San Ferminak, geroz eta gehiago kontsumora eta turismora bideratu nahi dituzten heinean, eragile politikoen presentzia oztopo bat da enpresarien etekinetarako, normaltasun kapitalista hankaz gora jartzen baitu. Poliziak, status quo-aren garante izanik, ezin du onartu kaleak aldarrikapen politikoz beteta egotea, eta instituzioen onespenarekin, propaganda egiten duten eragile sozial eta politikoen kontra oldartu behar da. Honen atzean dagoen helburua protesta soziala bideratzea eta kontrolatzea da, eta, bide batez, instituzioetatik kanpo antolatzen diren elkarteak errepresioan itotzea. Hau horrela, gaur salatzen ari garena militantzia politikoaren kontrako eraso berri bat da eta eraso honen erantzuleak bi dira: alde batetik, polizia, beso betearazle gisa, eta bestetik, haren defentsan ateratzen diren instituzioak, haien ekintzak ezkutatuz eta normalizazioaren alde eginez», adierazi dute.
«Polizia ez dago herritarrak zaintzeko»
«Guk ordea argi daukagu, polizia ez dago herritarrak zaintzeko, boteretsuen klase-pribilegioak eta orden soziala babesteko baizik. Zein da bestela kolektiboen adierazpen eskubidea zapaltzeko arrazoia? Zer arrazoi dago etxegabetzeen aurkako eta etxebizitza eskubidearen aldeko jota bat jazartzeko eta 2.400 euroko isuna ezartzeko? Zergatik sartu behar du Poliziak txosnagunean propaganda kentzeko? Honek guztiak agerian uzten du bere benetako klase izaera», gaineratu dute.
Uztailaren 6an gertatutakoarekin batera, 2022ko gertaerengatik Curia kaleko sei auzipeturi ia 40 urteko kartzela zigorra eskatzen dietela gaineratu dute. Aurtengo uztailaren 9an Karlos III.aren etorbidean hogei gazte arrazializatuek ere errepresio poliziala jasan zutela ekarri dute gogora.
«Gizarte injustu honen kontrako protestan berresten gara eta argi uzti nahi dugu bai San Ferminetan bai urte osoan zehar Iruñerriko kaleak aldarrikapenez betetzen jarraituko dugula. Era berean, poliziaren inpunitatea, normalizazioa eta jarduera politikoaren aurkako erasoak eta errepresioa salatzeko indarrak batzeko deia egiten dugu. Era berean, Sanferminetan zein urtean zehar gure aldarrikapenak kalera eramateko hautuan berresten gara. Hortaz, errepresio poliziala normalizatu ez dadin eta instituzioen zein indar errepresiboen inpunitateari aurre egiteko, elkartasuna adierazi nahi duen edonori, urtarrilaren 3an Elhadjin egingo dugun pintxopotera edo urtarrilaren 5ean Aintzinan egingo ditugun kontzertuetara batzeko gonbidatzen dugu», esan dute.

Ribera derecha de Burdeos, caladero de ideas para la construcción de viviendas

Ambulancias de Osakidetza, un servicio de camino a urgencias

Mikel Zabalza gogoan: «Memoriaren herria gara, ezkutuan gorde nahi dutena argitaratuko duena»

El Patronato del Guggenheim abandona finalmente el proyecto de Urdaibai
