Iraitz Mateo
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Iraulitako piramidea: belaunaldiarteko tentsio eta eztabaidak

Piramide demografikoa iraulita dagoela-eta, makina bat analisi asaldagarri entzuten ditugu han eta hemen; piramidearen zati handiena hartzen duen biztanleriaren interesei begira eginak gehienetan; ustez espazio gutxiegi betetzen dutenei ardura eskatzen dietenak beste batzuetan.

Gazte belaunaldien interesak ulertzeko, bizi izan duten testuinguruari begiratu behar zaio.
Gazte belaunaldien interesak ulertzeko, bizi izan duten testuinguruari begiratu behar zaio. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Piramidearen zati bakoitzarentzat izenak ere asmatu zituzten: egun boomerrak (1946-1964 aldian jaioak), X belaunaldia (1965-1980koak), millennialak (1981-1996koak) eta Z belaunaldiak (1997-2012koak) okupatzen dute Euskal Herriko piramidea. Mundu mailako analisiek esaten dute elkarren aurka daudela, talkan bizi direla: lanik egin nahi ez eta etxetik ere joan nahi ez duen eta mugikorrari itsatsita bizi den gaztea, batetik, eta, bestetik, 3.000 euroko pentsioa jaso, hirugarren etxebizitzarekin espekulatu eta udaberri zein udazkenero Imsersorekin ia debalde bidaiatzen duen zaharra; karikaturak indartzen ari dira, memearen kulturaren garaiotan muturrak indartu eta ñabardurak ikusezin bihurtzeraino.

Esango nuke Euskal Herrian ez garela talkan edo elkarren kontra bizi -belaunaldiarteko ezberdintasunak eta desadostasunak ohikoak badira ere, egunotan etxe askotako mahai bueltan ikusiko zen bezala-. Interes ezberdinak izan ditzaketela, ordea, bai, halaxe da, eta interes horietako batzuk talkan egon daitezke, eta esango nuke badaudela.

Mundu eta bizi ikuskerak aldatzen ari diren neurrian, belaunaldien ikuskerak ere aldatzen ari dira: lana ulertzeko modua, ingurune digitala, osasun mentala, harreman ereduak, bizi espektatibak eta desirak... Baldintza materialei lotutako elementuetan sakontzen emango dugu, ordea, lehen pauso hau.

Egungo kezkei buruz galdetuta, adin edo belaunaldi ia guztien kezka nagusiak etxebizitza, lana eta osasuna dira, Lakuak egindako azken inkestaren arabera (2025eko uztailean). Elementu horiekiko, ordea, ikuspegi propioa du belaunaldi bakoitzak, eta politika publikoek, bereziki, ulerkera edo aldarrikapen jakin batzuei begira soilik erantzuten diote. Izan ere, egun «ongizate estatu» deitzen diogunak belaunaldi edo talde batzuei erantzuten die bereziki: hauteskundeetan pisu handiena dutenei; hau da, boto gehien eman dezaketenei.

Adibidez, “Population aging, voting, and political agendas” artikuluan -hil honetan “European Journal of Political Economy” aldizkarian argitaratuan-, hau ondorioztatu dute: populazioa zahartzeak eta boto-emaile gazteen proportzioa gutxitzeak talde nagusiei mesede egiten dieten politikak lehenestea dakarrela eta belaunaldi gazteagoentzako lehentasunezkoak diren gaiak agendaren atzealdean uztea. Francesco Barilari, Nicola Mastrorocco eta Matteo Paradisi ikertzaileak Europako Gizarte Inkestan oinarritu dira, eta aipatzen duten bibliografia zabalak joera honen berri ematen du.

Piramideari begiratu besterik ez dago pisu gehien nork duen ikusteko, eta ondorioz, egungo politikek nori begira funtzionatzen duten zehazteko: helduenei. Baina zeintzuk dira interes talka horiek?

Millennialetan gazteenei eta Z belaunaldiari «kristalezko belaunaldia» deitu izan zaie, hauskorrak direlakoan. Zein da, ordea, horien egoera? Belaunaldi gazteenen kezka eta interesak ulertzeko, beraiek hazi ziren eta bizi duten garaiko testuingurua aztertzea komeni da, eta hamaika ertzi begiratu ahal bazaie ere, euren baldintza materialak definitzeko mugarri izan diren hainbat gako kontuan hartu behar dira: hasteko, kopuru aldetik, proportzioan askoz gutxiago dira; boomer belaunaldiaren ostean beherakada hori nabarmena da; 2008ko krisiaren eta 2011koaren bueltan haziak dira gehienak; eta gazteenak covid-19aren pandemiak eragindako eta azkartutako krisi anizkoitz deiturikoan soilik bizi izan dira; azken urteetako inflazioak ere eragin zuzena du beren bizitzan.

Aterperik eta segurtasunik ez 

Etxebizitza da gazteen kezka nagusietako bat. Higiezinen sektorearen burbuila neurrigabe hazteak belaunaldi jakin batek etxe propio baterako sarbidea izatea ziurtatu zuen, kasu batzuetan bi etxebizitza eskuratzekoa ere bai, orain baino prezio ordaingarriagoetan. Gaur egun, ostera, Hego Euskal Herrian emantzipatzeko adina 30 urteren bueltan dago eta soldataren bi heren etxebizitzaren alokairua ordaintzera bideratu behar dute gazteek. Saiakera ezberdinak eta protesta jendetsuak egin arren, etxebizitzaren egoerari irtenbidea emango dion neurri politiko irmorik ez da iritsi instituzioetatik, eta emantzipazio adinak goranzko joerari eusten dio.

Herentziena beste upel bateko sagardoa da, baina etxebizitza politikak diseinatzen dituztenen bulegoetan, beheko tiraderan bada ere, presente dauden espazioak direla esango nuke: zertarako eraiki etxebizitza gehiago, hamabost bat urteren buruan bigarren eta hirugarren etxebizitzak herentzian jasoko badituzte belaunaldi gazteenek? Horrekin arazoaren zati bat konponduko delakoan daude batzuk, baina klase sozial jakin batekoen buruko minak arinduko ditu horrek, gehienera ere.

Alokairua ordaintzeko soldataren bi herenak horretara bideratu behar baditu egungo gazteak, ez zaio askoz gehiago geratuko bizitzeko, eta bizi ere egin nahi du. Z belaunaldiak ez du «bizitza osoko lanik» ezagutu. Belaunaldi zaharragoek aitortzen dute agian ez zutela gustukoen zuten lana topatu, baina praktikotasuna ere bilatzen zutela: nomina bat eta bizi osorako izan zitekeen segurantza. Kontratuak egonkortu arren, azken urteetan gora egin dute aldi baterako lanek, eta gazte asko lanpostu batetik bestera saltoka ibiltzera behartu ditu.

Pentsioak izaten dira beste eztabaidagaietako bat. Gaur egun piramidearen behealdean dauden langileek kotizatzen dutenaren eta pentsiodunek jasotzen dutenaren arteko desorekak auzi ezberdin eta konplexuak azaleratzen ditu. Batetik, arazo demografikoa dago: goiko aldea hazi egiten da eta behekoa ez da iristen. Era berean, emakumeekin eta migratzaileekin batera, langile gazteek prekaritate handiagoa pairatzen dute. Askok pentsioak baino soldata txikiagoak dituzte, eta, beraz, ez dute behar adina kobratzen, ezta behar adina kotizatzen ere. Hori diru publikoarekin osatzea da bide bat, baina nori eta nola erabaki behar da. Era batean edo bestean, erreformak egin behar dira. Argi dago sistema dela aldatu beharko litzatekeena.

Beren gurasoen belaunaldia baino okerrago bizi den lehen belaunaldia dela aldarrikatu dute maiz millennial eta Z belaunaldi artekoek. Oinarrizko baldintza materialei begiratuta izan daiteke -nahiz eta aroz aro transbertsala izan den zurrumurrua izan-, baina kasu honetan ere agian gehiago markatzen du klase sozialak, beste ezerk baino.

Desberdinkeriak agerian

Egiturazko arazoak dituen sistema hau «-ago» atzizkiak eraikitzeko makina da; ezinbestean bihurtzen ditu batzuk aberatsago eta besteak pobreago, batzuk ikusgarriago eta besteak ikusgaitzago, batzuk zentrokoago eta besteak bazterrekoago. Eta, hala ere, jendartearen gehiengoak bi «-ago»-en arteko espazioa okupatzen du, duenari eusten dio, eta esango nuke belaunaldi gazteen gehiengoak bizi kalitate onari eusten diola familiari esker. Familian oinarritutako ongizate estatua da geurea; politika publikoek eutsi beharrean, familiak eusten die belaunaldi bakoitzaren behar materialei; izan amonaren etxea, gurasoek ordaindutako autoa edota eguneroko bazkaria. Azaldu beharrik ez dago, familia egitura horietatik kanpo daudenak, hala erabakita edo halabeharrez, erabat salduta geratu ohi direla.

Politika publikoak egiten dituztenei zer interesatzen zaie? Ongizatea ala beraien postuan irauteko boto kopurua? Zeri begira daude? Piramidearen pisuari edo etorkizuneko piramidea -nahitaez azaleraz txikiagoa izango dena- duinki eraikitzeari? Egungo sistema ekonomikoa eta politika publikoena irauli ezean, nekez begiratuko zaie belaunaldi ezberdinen beharrei, eta nekez erantzungo zaio behar den neurrian bakoitzari. Belaunaldiarteko tentsioak askatzeko, belaunaldiarteko politikak egin behar dira. Horretarako begiratu eta entzun egin behar da, ordea.